Xabier Mikel Errekondo

Kolpez kolpe

Kaskagogorrak gara. Geure usteetatik nekez gara zabaltzen besteenetara. Iritziak, geureak, hesteetatik ditugu heltzen tinko, gutxienez aparteko arrazoirik ematen diguten arte. Harago, iritziaz harago, geure ohituretatik kanpo ahalegin fisiko zein ekonomikorik eginarazten badigute gogo txarrez dugu beteko; nekez dugu ematen ameto.

Ni neroni horrelakoa naizela aitortzen dut, finean, ez al gara ba irizpide propioa izatearen aldeko? Giltzarrapopean babesten ditugu baina, jeloskor… kolpe batez norbaitek begiak irekiarazten dizkigun arte; eta horrela, behin eta berriz.

Kaskagogorragoak dira mundua gobernatzen duten botere politiko eta ekonomiko errealak. Beren interes hutsak dituzte babesten ahalik eta mozkin handienak pilatuz, baina epe motzera dihardute, beren eta guztion etorkizunaren kontra izanik ere, ingurune naturalak plastikoz eta karbonoz itotzen.

Hainbeste, non estatu gehienek “klima larrialdia” aitortu behar izan duten, baina 1995ean hasitako COPxx dinamikan (COP26 azaroan izango da, Glasgow-n) hartutako konpromisoak zorrotz bete beharrean espekulatzera jokatzen ari diren botere ekonomikoen mesedetan.

Alemania ez da Mozambike eta uholdeek itotako berrehun herritarrak gertakari lazgarri jasanezina da; Merkelen negar orroa mundu osoan entzun da. Klima larritasunak Europako motorra kolpatu du. Alemania minduak guda zabalduko du.

Kaskagogorrena baita Merkel anderea eta, bere minetik gainontzeko mandatari politiko-ekonomikoak estu hartuko dituelakoan nago eta, behin betikoz, klima larrialdia iraultzeko behar beste neurri harraraziko. Alemania saiatuko da klima larritasuna kolpekatzen, guztion onerako. Behingoagatik, ea gainontzeko estatuek ere ingude bera heltzen duten… •