Juantxo EGAÑA

Ricardo Martin, garai baten lehen lerroko lekukoa

Ricardo Martin. Photo Carte funtsa. Kutxateka
Ricardo Martin. Photo Carte funtsa. Kutxateka

Mende bat baino gutxixeago pasatu da Donostiako Kontxako pasealekuan egindako irudi honetatik; egunkari saltzaileak, iñudeak, emakumeak beren pamelekin, ibiltariak beren guardasolekin, familiak beren galarik onenekin, ikusleak bankuetan eserita, guztiak argazki honetan islatuta. Ricardo Martin eta bere laguntzaileak hirian barrena ibiltzen ziren eguneroko egoerak iruditan jasotzen; paseoak, hondartzak, auzoetako jaiak, udatiarrei eskainitako txokoak eta hiriaren erreferentziazko lekuak, modaren azken joerak eta emakumeek erakusten zituzten modaren azken berrikuntzak. Ricardo Martinek garai bateko testigantza jasota utzi zuen, ondare modura; hiriko aldaketak, tranbiak zirkulatzen, hondamendiak, manifestazioak eta kirol lehiaketak, besteak beste. Gaur Ricardo Martin fotokazetaria izan zela esango genuke. 1918ko maiatzean lehen erakusketa egin zuen, eta “La Voz de Guipúzcoa” egunkariak bere kritikariaren kronika hau argitaratu zuen: «Mirespen zintzoa autorearen argazkiek hain ondo jasotzen duten gustu onaren, edertasunaren eta artearen erakustaldi bikain honen aurrean. Prozeduraren barietatea harrigarria da; sugestioaren kolore betea; irudi benetan xarmantaren harmonia».