Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Txertoa sintoma bezala: kezka (existentzial?) bat

Txertoarekin nago kezkatuta, sintoma bezala, elkarrekin haserretzeko daukan efektu horregatik. Lagunekin hizketan, konturatu naiz txertoa jarri dizuten edo ez, txertatu zaren edo ez, etortzen dela hitzetara. Eta elkarrizketak beste larritasun bat hartzen duela, serioagoa modu batean edo bestean. Askatasunaren alde txertoa ez jarri? Elkartasunagatik txertatu? Denetariko jarrerak daude, baina, barkatuko didazue, ez zait gustatzen txertoaren inguruan dabilen giroa.

Ulertzen dut nahaste-borrastea dagoela, eta txertoak eta birusak eta aldaerak daudela. Badakit horrelako kontuez ez zigutela ezer esan, ez zigutela ezer irakatsi etxean, ikastolan, ezta aurremilitantziako mahaietan ere. Mundu bat galdu genuela. Nazioarteko prentsa pixka-pixka bat leitu eta zorabiatzekoa dela! Alpha aldaera Britainia Handian, Beta Hego Afrikan, Gamma Brasilen, Delta Indian… eta oraindik beste hogei letra greziar falta alfabetoan! Galdu egiten zara, normala; galduko ez zara ba!? Eta gero AstraZeneca, Sputnik, Pfizer, Sinovac... beste mundu hori ere badago. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan hamar herritarretik sei dagoeneko txertatu direla jakin dugun aste berean, Afrikan txertaketarekin ia-ia hasi ere ez direla egin jakin dugu. Eta gainera esaten dizute Beta aldaerak tirrit egiten diola AstraZenecari, Deltak artalde immunitatea %85eko langan jartzen duela. Hobe dugula barneratzen hastea Deltak jende pila hilko duela baina ez pandemiaren egun latzenetan bezala. Igualtsu jarraitu beharko dela, denak maskarekin eta distantzia sozialarekin. Beraiek arduratuko direla zirkuaz, teleberrietan botiloia erre behar den sorgin bihurtuta. Negozioek presionatzen segituko dutela dena irekita mantentzeko, business as usual.

Nahaste-borrastea da, badakit. Eta badakit ere hemen inork ez dakiela etorkizunak zer ekarriko duen. Badakit nola funtzionatzen duten erraldoi farmazeutikoek (eta elektrikek eta beste, baina, bueno, hori beste kontu bat da, edo ez), diru publikoaz majo aprobetxatuz, jendearen diruarekin ordaindu direla ikerketak eta lasterketak, eta, gero, emaitza, txertoa, ez dela ondasun publiko bat. Amorragarria da, onartezina.

Kokoteraino egotetik libre, aitortu behar dut beldurtu egiten nautela apur bat txertoaren inguruko eztabaidek, koherentziaren izenean edo plantak egitegatik, hartzen diren joera batzuk. Tonu arraroa dabil, batzuetan hil ala bizikoa. Ziztada baten arabera infernuen parrillara kondenatu edo jendea epaitzeraino.

Ikusi ditut manifak euskal hiriburuetan, eta Sydneyn, eta Parisen, nonahi. Matxinadarako deiak eta antzekoak. Ikusi dugu Tunisiako estatu kolpea. Ez da giro antifaxistentzat eta patxadarentzat. Lehentasunak eta ainguralekuak ongi finkatzea ez da erraza. “Egin dezagun nahi dugun ostiya!” lege egin da, berdin osasunaren edo proletariotzaren izenean, edo mundu honetatik haragoko espirituekin bat egiteko.

Igual egia da mundu zahar bateko ideiekin hezi gintuztela. Irakatsi ziguten zientoka printzipio baino hobe zirela bizpahiru, ondo sustraituak; kontraesana garela, kontraesan printzipala eta bigarren mailakoak zeudela. Minkidearen osaba gogoan, azkenean dena laburtzen delako saihetsezina transzenditu nahi izateari. Hain sinple, hain sakon, txertoa jarri ala ez. Tenperatura pixka bat jaistea ona da, nahiko haserre eta marmar badirelako berez, orain kontu honekin hasteko. •