Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Berrindartze ideologikoaren beharra

Aurrekoan irakurri nion Hedoi Etxarteri Gasteizen ezarria diguten Terrorismoaren Biktimen Memorialaren Twitter kontuak Meliton Manzanasen hilketa «polizia inspektore» baten hilketa bezala aurkeztea faxismoaren apologia egitea zela. Eta zinez arrazoia du. Espainiako eskuina azken hamarkadetan ez bezala ari da zuritzen 1936ko estatu-kolpea eta frankismoa. Berriro ari dira frankismoaren mezua erabiltzen: estatu-kolpea beharrezkoa izan omen zen ordena berrezartzeko. Izan ere, Espainiako II. Errepublikan lehenik ezkerra, gero eskuina eta gero berriz ezkerra gobernuan egoteari, hots, normalean erregimen parlamentarioetan gertatzen denari, onartu ezineko desmasa deritzote. Behin frankismoak kaos horri bukaera eman zionean (hau da, Espainian ezkerra gobernuan egoteko aukerari) posible izan zen, aberatsen eta lur jabeen pribilegio guztiak mantenduta, berriro hauteskundeak egitea. Bide horretan, iraultzaileak, ideologia ezberdinetako militanteak… finean, denak oztopo bezala irudikatzen dituzte. Diskurtso horren arabera, frankistei esker ditugu gaur egun hauteskundeak Hego Euskal Herrian eta polizia inspektore faxista hil zutenak demokraziaren aurkako jendilajea omen dira.

Biktimen berariazko ontasunean oinarritutako mezuak historia gutxieneko bermeekin egitea ere oztopatzen du. Jon Martinez Larrea historialariak ederki argudiatu du HalaBediko webgunean argitaratu duen azalpenean (“Manipulación y criminalización en la construcción oficial del relato”). Biktimen Memorialeko ideologoek 1970eko hamarkadako giro euskaltzale, ezkertiar eta antifrankista, erabat askatzailea zena, terrorismoa sostengatzen zuen testuinguru beldurgarri bezala irudikatzen dute. Demokraziaren muina ez omen zegoen oposizioaren eta iraultzaren loraldian, frankismoa sostengatzen zutenen artean baizik.

Egun frankismoaren mezua memoria ofizial bihurtzeak, Eusko Jaurlaritzaren sostenguarekin, beste esanahi bat ere badu. 1970eko hamarkadan Euskal Herrian loratu zen mugimendu anitz eta zabal haren olatua bukatu dela. Eta autonomismoaren apologiak ezer gutxi du egiteko espainiar diskurtso historiko postfrankistaren aurka. Izan ere, autonomismoak ez du helmugarik, ez du etorkizuneko utopiarik, ez du mundua aldatzeko eta jendea mobilizatzeko aukerarik. Horregatik, independentismoa ideologikoki indartzea ezinbesteko lehentasun zaigu. Faxismoari berriro aurre egin beharko diogulako Europa mailan. Eta espainiar ezkerrak eta autonomismoak ez dutelako eskaintzen soluziobiderik bi estatutan banatuta bizi garen euskaldunontzat.

Horrekin ez dut esan nahi, inondik inora, alde batera utzi behar denik hauteskundeetan gehiengo zabalaren interesen aldeko hautagaitza anitzak sustatzeari eta are gehiengo zabal horiek herri eta auzoetan antolatzeari. Azken urteotan aktibismo eta ilusio maila apaldu badira EH Bildu eta EH Bai arrakastatsuek bototan gora egin duten aldi berean, ez da hautagaitza horiek baztergarriak direlako. Baizik eta hautagaitza horietan esperientzia iraultzailez eta ideologiaz hornitutako militanteek parte hartzeko baliabideak ez direlako modu egokian bideratu. Udazken honetan Sortuk burutu behar duen Kongresuak erantzuna topatu beharko dio berrindartze ideologikoa, parte-hartze instituzionala eta gehiengoaren aldeko politikak uztartzeko moduari. Baita ikuspegi abertzaletik bereziki kezkagarria denari ere: Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko deskonexioa eta euskararen erabileraren gainbehera azeleratua. Hori guztia, gainera, faxismoaren berrindartzearen testuinguruan. Ez da lan makala. •