Joxean Agirre

Burrun-burrun

Azken bolada honetan Mentxu Gal irundar margolariak kontatu zidan pasadizo batekin gogoratu ohi naiz sarritan. 90 urte betetzera zihoala autoan ibiltzea debekatu zioten eta esan zidanez, goizero garajera jaitsi, autoa martxan jartzeko imintzio guztiak egin eta zegoen lekutik mugitu gabe baina bolanteari eraginez eta martxak aldatuz, burrun-burrun, Irun inguruko auzoetatik barrena sekulako bueltak egiten zituen. Hori da gutxi gorabehera gure urte eta gutxiko bilobak etxeko egongelako lurrean kamioi batekin egiten duena, burrun-burrun hasten denean.

Lehen, zahartzaroaz galdetzen zidatenean nerabezaroaren antza zuela erantzuten nuen, adin tarte alua zela, kabroia, egokitzapen ahalegin izugarriak eskatzen zituena. Orain nago ez ote duen antz gehiago haurtzaroarekin. Ikusten ditut nire adineko batzuk bizikletarekin sekulako aldapak igotzen eta berehala ohartzen naiz burrun-burrun eginez doazela, fikzio baten barruan alegia, motor elektrikoaren bultzadari esker ari direlako balentria horiek burutzen. Bat edo beste mugikorretik emaztearekin edo dena delakoarekin hitz eginez ere ikusi izan ditut maldan gora. Gurpil aulkietan dabiltzanek ere, abiadura pixka bat hartzen dutenean, begiak erdi itxita jartzen dituzte eta iruditzen zait ez ote duten amets egiten Formula 1eko lasterketa batean edo ihesaldi batean dabiltzala.

Neu ere sanjoanetan hasi eta taula batekin sartzen naiz ia egunero itsasoan, baina olatuaren bultzarekin zalapartaka gainean jartzen ari naizen bitartean badakit hori fikzio bat dela, ume baten jolasa eta ez duela ezer surfetik. Orain dela egun batzuk Txindokira joan ginen eta estilo alpinoan igo beharrean Lhotsera bide berri bat irekitzen ari ginela ematen zuen, pauso bat orain eta ondoren beste bat. Badakit nire adinekoek ohean ere balentria handiak egiten dituztela viagrari esker. Ez dakit, ez naiz suspergarri horietan aditua, baina hor ere zerbait postizoa, gezurrezkoa ez ote dagoen iruditzen zait.

Diferentzia handi bat dago umetako fikzioen eta zahartzarokoen artean: haurtzaroan fikzioak bizitzarako prestatzen gaitu eta zahartzarokoak, ordea, badu ukitu triste bat, bizitza bera ordezkatzen, bizitzaren simulazio bat eskaintzen ari delako. •