Gerardo MUNGIA

ETA MAITA HERRIA... (SEIGARREN ATALA)

Idoia eta Patxi hirian bizi dira. Atal honetan, berri txarra jasoko dute: Patxiren anaia Xabier preso eraman dute eta haren bi burkide babes eske doazkie. Patxi eta Xabierren herrian batzarra egingo dute plazan, gertatuaren berri emateko, eta bertan direla poliziak agertuko eta bi taldeen arteko borroka hasiko da.

Haira ARIZTEGI
Haira ARIZTEGI

2. SATANERIA

Jelki oholtzara Lozer eta Luzoker satan gehienak. Luziferrek eman aginduak bete behar dituzte.

Luzoker

88. Motel gabiltzak Lozer.

Oraindik taxuka hago!

Bitartean bekaitza

gugandik urrunago.

Lozer

89. Ez badiagu kirasten

hainbat gaizto guretzat.

Lana nahi nikek buka

Urtats honetan behintzat.

Luzoker

90. Abantzu euskaldun hauei

igorri zieat txakurrada.

Horiek zekitek ibiltzen

ostikadaz, zafladaz.

Lozer

91. Orduan hago lasaiki.

Dena konpondua apika.

Belagile batekilan

Ezkabarat noak xingilka.

Satanak oholtzatik erretira ate gorritik.

8. JELKALDIA

Patxi eta Idoia hiri handian bizi dira. Halere, sorlekuetarat ardura joaten dira. Bertze aldetik, euskaraz ikasten, mendira ateratzen, herri mugimenduan sarturik biek segitzen dute. Egun batez ezezagun batzuek etxeko atean jotzen dute. Berri txarra dakarte.

Jelki Patxi eta Idoia (ate urdinetik); jelki Aitor eta Edurne (kanpotik, ikuslegoaren artetik).

Aitor (bisitaria)

92. Agur Idoia, agur Patxi.

Ez zaituztegu nahi izu.

Poliziak gibelean.

Otoi, gaitzazue lagun.

Patxi

93. Zergatik gure etxera?

Erabat nauzue harritu.

Ez baikara adiskideak…

Nola gaituzue kausitu?

Edurne (bisitaria)

94. Militanteak garenez

eta arrisku handian

ea hartzen gaituzuen

gordaturik zuen etxean.

95. Xabier zure anaia,

altxatu baitute preso

zuengana gatozkizue.

Dakigu za(re)tela fetxo.

Idoia

96. Baina nor zarete zuek?

Nolaz jakin egia den…

Ta, txakurrak bazinete?

Ze bokata dakarguzuen!

Idoiak eta Patxik gogoz kontra amore ematen dute. Aitor eta Edurne etxean gordaturik pausatzen dira eta haiek Patxiren herrirat abiatzen dira arras kezkaturik.

Aitor eta Edurne (kanpotik) erretira.

Patxi

97. Hurbil gaitezen herrirat.

Goazin Idoia zu ta biok.

Erreus naiz, zinez diot.

Polizia dut hastio.

Idoia

98. Ez ditut batere onartzen

egoera mingar hauek.

Zerendako arriskatu?

Ez naute hunkitzen armek.

99. Alta, Xabierren alde

ozenki dizut erranen:

Nahiz ta odola gatzatu

edozer nuke eginen.

Biak herrirat doaz (kanpotik). Taulada hutsik geratzen da.

9. JELKALDIA

Patxi eta Idoia herrira heldu dira. Herri arrunt tikia da; halere, bizilagun ia guziak plazako alde batean bildu dira. Leire, Patxiren ama, gauaz zer agitu den kontatzen ari da.

Jelki taulara herriko auzoak, elaireak, lagunak eta ahaideak (borta urdinetik).

Leire (ama)

100. Kraska alimalekoa,

bortitz etxean sentitu.

Beheko xeilak eraitsi

norbaitek nahi balitu.

101. Gero oraino latzagoak.

Zalu batean ohetik.

Espantoz, harrokeriaz

guardiak korridoretik.

Fermin (aita)

102. Oihuak, garrasiak.

Txakurrek herra begietan.

Xabier zolan bilurturik.

Aurpegia odoletan.

103. Guri bururat destatzen.

Etxeko gelak piazgora.

Hondarreko oroipena

semearen heiagora.

Jelki poliziak, jujea eta faxistak (borta gorritik). Herriko plazan sartzen dira, bortizki.

Lege bakarra azkarrarena da?

Lagunero (koronela)

104. Bilkura ez da legezkoa.

Berehala sakabana.

Alde egizue laster, fite!

Oldar baitezaket mana.

Espartero (guardiak koronelari)

105. Grrr. Emaiguzu baimena!

Jada hasteko pusaka.

Piloten aurtikitzeko.

Zaflakoka ta uztarka.

Gestero (guardia)

106. Espainia arriskuan!

Aski da! Hainbertze ipuin!

Guziak etarrak dira!

Zanpa ditzagun orain!

107. Francorekin dena hobeki.

Ez zen langabeziarik,

ebaslerik, etorkinik…

Gure Real Madril bakarrik!

Cisneros (guardia)

108. Bortzehun urte joan dira.*

Ez da aski zuendako?

Menperatuak zarete.

Noiz duzue ulertuko?

Carrero (guardia)

109. Napartarrak? Euskaldunak?

Frantsesak ala espainolak

zaretela eta kitto!

Ulertarazteko nola?

Madero (guardia)

110. Arggg. Hiru minutu dituzue.

Erasotzeko gara prest.

Zuen harrokeria fini.

Kolpe bortitzenak niketz.

Bataila. Bi aldetarik kolpatuak.

Guardiak erretira, tiroka. Urdinak erretira leka-txistuka. Bakoitza bere atetik.

Agertokia hutsik geratu da.

* Bortzehun urte Nafarroako konkistatik