Gorka Elejabarrieta

Negoziazio prozesuez

Duela gutxi Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakaria den Iñigo Urkulluk ezker abertzaleari eskatu dio FARCen ereduari jarrai diezaiola, FARCek bezala egin dezala. Ziurrenik Urkullu jaunaren benetako desioa, aitortu ezineko horietakoa, ezker abertzaleak FARCek bezala amaitu zezan izango da. Edozein nazio askapen mugimenduri zor zaion errespetutik eta detaileetan sartu gabe, oroit dezagun FARCek zatitua amaitu duela negoziazio prozesua, eta hauteskundeetan %0,5 eskuratu zuela.

Estrategia aldaketa prozesuak, negoziazio prozesuak, prozesu konplikatu eta arriskuz beterikoak dira. Nola hasi bai, baina nola amaituko diren ez dakigun horietakoak. Betiko etsai edo arerioarekin jolastu beharrekoak, baina era berean betiko arerio edo etsaiaren kontra ere borrokatu beharrekoak. Horrelakoak dira negoziazio prozesuak ere. Alde bakoitzaren helburua prozesu horretatik norbere burua indartuta eta arerioarena ahulduta ateratzea da. Baina bi aldeek (gutxienez) ezinezkoa dute aldi berean bi helburu horiek betetzea. Horregatik prozesu arrakastatsuenak irabazi eta irabazi eskema bermatzen duten horiek direla esaten da. Eta hori ez da beti gertatzen, are gehiago, gehienetan ez da horrela suertatzen.

Bake edo negoziazio prozesuak pikutara joateko arrazoi ohikoena akordioari loturik dago. Akordioa erdiestea ezinezkoa suertatzen delako, akordioa ez delako behar bezala betetzen, aldeek akordioa modu diferenteetan ulertzen dutelako, aldeetako batek akordioa betearazteko adina indar ez duelako, prozesuan zehar aldeetako batek indarra galdu edo besteak indartzea lortu duelako eta abar. Akordioari loturiko hainbat eta hainbat arrazoi ezberdin.

Gerry Adams-ek maiz errepikatu du negoziazio zailenak etxe barrukoekin bizi izan zituela. Horrelako prozesuetan, aldaketa sakonak dakartzan edozein prozesutan esango nuke, barne kohesioa mantentzea ez da batere erraza. Zaila baina behar-beharrezkoa, barne kohesiorik gabe mugimenduen zatiketa baitator eta horri loturik norbere helburuak eskuratzeko zailtasun gehiago. Hori ekiditeko behar-beharrezkoa da barne pedagogia, barne elkarrizketa etengabe sustatzea. Estrategia aldaketa edo konponbide prozesuan lortu nahi edo ahal denaren inguruan barne adostasuna eskuratu behar da. Batzuetan mugimenduek ez dute barne lan hori egiten eta negoziazio mahaian konturatzen dira barne ikuspegi oso diferenteak dauzkatela mahaian lortu nahi edo ahal duten horren inguruan eta horrek barne tentsioak eta zatiketak areagotzen ditu.

Bere helburuak erdietsi ahal dituena ez da negoziazio mahaian esertzen, eta egiten badu bere garaipenaren terminoak adosteko egiten du. Bere helburuak erdiesteko indar nahikorik ez duen hori esertzen da mahaian. Hori horrela bada, hau da, esertzen diren bi aldeak ondorio horretara iritsi badira, ondo aztertu behar dute zer den mahaitik atera nahi duten hori. Argi baitago beste borroka molde batzuk erabilita lortzeko adina indar ez daukaten hori ez dutela lortuko negoziazio mahaian. Hor datza horrelako prozesuetako zailtasun nagusietako bat. Mahaiak eman dezakeen hori asmatzea, eta horretarako norbere burua, indarrak, ondo ezagutzearekin batera behar-beharrezkoa da aurrean daukazun horren barne kohesioa, indarra, ere ondo ezagutzea.

Akordioa lortzea, bidearen hasiera

Akordioek sinatzen diren egunera arte bakarrik dute balioa. Sinatu ondoren beteko diren edo ez diren beteko norbere indar eta gaitasunaren arabera izango da. Ez luke horrela izan behar, baina horrela da. Zailena akordioa erdiestea dela dirudien arren frogatuta dago akordioa lortzea bidearen hasiera baino ez dela. Mundua bete ez diren eta sekula beteko ez diren bake akordioz betea dago. Nelson Mandelak zioen mendiaren tontorrera iristean beste mendi tontor asko zeudela konturatu zela. Edo beste modu batean esanda, ez dago E egunik eta ez da egongo, eta borroka hau egunero borrokatu behar da galdu nahi ez bada.

Horregatik guztiagatik Urkulluren hautua arraroa egiten zait. Arraroa zure helburua bake justu eta iraunkorra lortzeko prozesuan aurrera egitea bada. Beste prozesuetatik ikasterik badago, baina ezin dira kopiatu, ez baitago konponbide eredu bat bi toki diferentetan modu berdintsuan erabiltzerik. Baina niri beste eredu bat aukeratzeko aukera emango balidate Kolonbiakoa baino nahiago nuke Irlandakoa. Arrazoiak nahiko argiak direla iruditzen zait. Ziur nago gainera kolonbiarrek eta FARCeko militanteek ere berdin pentsatzen dutela. •