Jone Bilbao
VENEZUELARRAK KOLONBIAN

Erbestearen eta nostalgiaren paradoxak

Kolonbia da mundu mailan venezuelar gehien hartu duen herrialdea. 2021eko urtarrilean 1.742.927 venezuelar zeuden, horietatik %56 inguru egoera irregularrean. Xenofobia, klasismoa eta biolentzia patriarkalak agerian uzten dute zein iragazkorrak diren mugak eskubide urraketez mintzo garenean.

Venezuela eta Kolonbia banatzen dituen mugan alde batetik bestera itzuri doazen istorio ibiltariek gainditu egiten dute «migratzaile» terminoaren gaitasuna hauek barnean daramatzaten errealitateak beren konplexutasunean definitzeko eta ulertzeko. «Migrante» hitza, izan ere, zeharo zabala da, zehaztugabea. Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen (OIM) arabera, «migratzailea» da bere ohiko bizitokitik kanpo mugitutako pertsona oro, hainbat arrazoi direla medio, bai bere herrialde barruan edo bai nazioarteko muga bat zeharkatuz, aldi baterako edo modu iraunkorrean.

Konkretutasun falta horrek eskubide urraketa larriak eragin edo areagotu ditzake, marjina malgu eta zabalegiak uzten baitizkie beren erantzukizunak saihesteko joera izan ohi duten erakunde eta politikariei.

Cartagenako Hitzarmena da migrazioaren arloan Latinoamerikako estatuek erreferentziatzat hartu beharko luketen tresna juridikoa. Hitzarmena behar den moduan aplikatzeak esan nahi du, praktikan, azken urte hauetan Venezuelatik Kolonbiara iritsi diren familia eta banakako guzti-guztiak errefuxiatu definiziopean sartzen direla.

Migrazio itsasaldiak

Steven Jose Moreno Andrade Venezuelan jaio zen duela bi hamarkada eta ia bost urte daramatza Cartagena de Indiasen.

«Pobreziak ekarri ninduen Kolonbiara. Berez, nire amona kolonbiarra da, Cartagenan jaio baitzen, eta berarekin etorri nintzen hona, nire gurasoak ni txikia nintzenean hil baitziren. Gure herrialdeen historiak alderantzikatu egin dira. Lehenago kolonbiarrak zetozen Venezuelara. Orain gu gara herrialdetik ihesi honantz etorri garenak, bizitza hobe baten bila», dio.

Barbara ere venezuelarra da. Bere herrialdeko krisialdi ekonomikoa dela-eta Cartagenara iritsitako etorkinen artean berrienetakoa da, soilik hilabete darama-eta Kolonbian. Identifikatu ditu dagoeneko bere errealitate berria egituratzen duten zenbait elementu:

«Nire amarekin eta semearekin etorri nintzen. Erizaintza ikasten nenbilen unibertsitatean baina pandemiaren eraginez bertan behera utzi behar izan nuen guztia. Semetxoa zaindu behar nuen eta ez nuen bere osasuna arriskuan jarri nahi».

2015. urtean koka dezakegu venezuelarren exodoaren hasiera. Lehenago, 2005 inguruan, batik bat goi mailako ikasketak zituzten pertsonak, adituak eta langile kualifikatuak hasi ziren beste herrialde batzuetarantz irteten, eta gehienek aukera izan zuten lanpostu duinak eskuratu eta bizi baldintza egokietan bizitzeko. Beraz, migrazioaren lehen boladetan klase ertain eta altuko jendea izan zen herrialde batetik bestera bizi berri baten bila hegan iritsi zena. Baina 2015etik aurrera Kolonbiarantz iristen ari direnentzat ez da errei librerik bi herrialdeak konektatzen dituzten aire-bideetan.

Gehiengoak, asko jota, batxilergoko diploma darama besapean, baina beren oinek inork baino hobeki ezagutzen dituzte bi herrialdeak batzen dituzten bidexken erliebe eta lurzoruaren zimurdurak.

Migrazio itsasaldiek naufragio beldurgarrienak dakarzkiete poltsikoetan dirurik gabe bidaiatzen dutenei eta, are okerrago, emakumeei, beltzei, edo genero identitate eta adierazpen disidenteak dituztenei. Steven Jose Morenoren amonak herrialde bien arteko mugan topo egin zuen patriarkatuaren, narko-kapitalismoaren eta arrazismoaren aliantza ilunarekin:

«Amonak, Kolonbiara behin betiko migratzea erabaki aurretik, sarritan igarotzen zuen muga. Gosea pasatzen genuen eta janaria ekartzen zigun Kolonbiatik. ‘Alkabala’ izenez ezagutzen ditugu guk muga igarotzeko erabiltzen ditugun bidexka ez-ofizialak. Nire amona horietatik pasatzen zen beti. Behin, Venezuelako Armadak, droga edo arma trafikoaren kontrako ustezko operatibo batean, amona arakatu zuen eta kendu egin zioten zeraman guztia, ez baitzuen onartu eroskeriarik».

Etorkinen bizi istorioekin zirkulu bat eratuz gero, berau osatzen duten biolentzia geruzak azpi-zirkulu zentrokideak lirateke: guztiek lukete zentroko erpina biolentzia instituzionalaren hastapenetan. Bizi baldintza duinak eskuratzea ezinezko misio bilakatzen duten oztopo, berme falta eta bazterkeriak puntu horretatik aurrera garatzen dira; zapaltze politika argi baten albo ondorio dira, aurretiaz agintari klase konkretu batek estrategikoki diseinatutakoa eta babestutakoa, estatu erakundeak kapitalaren boterearen hedatze eta ustiapen logikaren zerbitzura jartzeko helburuaz. Plan horri deritzogu, hain zuzen, biolentzia instituzionala.

Kolonbian, nazio mailan, venezuelar jatorria duten etorkinek pairatzen duten erakunde indarkeria gainditzeko pausoak eman direla dirudien arren, sistematikoki eskubideak bortxatzen dituen eskuindar erregimenaren aurrean ezin dezakegu sineskortasun edo inozentziaz jokatu. Martxoan Ivan Duqueren gobernuak Migratzaileak Babesteko Aldi Baterako Estatutua martxan jarri zuen venezuelar etorkinek migrazio estatus erregularra eskuratzeko prozesua bizkortu eta errazteko. Horrek, osasun sistemarako eta lan merkatu formalerako sarbidea ahalbidetzen duen arren, ez du herritarren babesa eta ongizatea bermatzeko ahalmenik; ez ditu konpontzen baztertuenek, etorkin zein kolonbiarrek, pairatzen dituzten hainbeste eskubide urraketa estruktural: lan esplotazioa, biolentzia fisikoa, psikologikoa eta sexuala, genero indarkeria, xenofobia eta haurren esplotazioa, esaterako. Horiek, erakunde biolentziaren parte dira, egitez ala ez-egitez.

Duqueren politika

Jhony Castro, politologo venezuelarra eta Sevillako Pablo de Olavide Unibertsitateko migrazio ikasketen programako doktoregairen aburuz, gizakien zirkulazioan, diruaren edo merkantzien kasuan gertatzen ez den bezala, oztopoak estatuek jartzen eta kudeatzen dituzte. «Dokumentazioarekin oztopo batzuk topa ditzakezu. Venezuelan arazoak izan ziren, batez ere sasoi batean, pasaportea atera ahal izateko. Pasaporteen libretak egiteko materiala, adibidez, inportatua da, eta badakigu zer arazo dituen gure herrialdeak blokeo eta zigorrak direla eta. Asko pasaportearekin irten ziren baina kanpoan zeudela iraungi zitzaizkien eta hor hasten dira hainbat arazo. Kolonbiako Gobernuak, adibidez, ez du Maduro Venezuelako presidente gisa aintzatesten. Ondorioz, Venezuelak Kolonbian zituen enbaxada eta kontsulatuak galdu ditu. Horrek Kolonbian dauden venezuelarrak babesik gabe uzten ditu».

Castroren hitzetan, Duqueren Estatutu berriaren atzean azpijoko politikoa estaltzen da: «Kolonbiak ezin izan du venezuelar migrazioaren kontrako politika espliziturik egin, ez baitu moralik horretarako. Izan ere, hainbat hamarkadatan zehar Venezuelak Kolonbiako errefuxiatu asko jaso ditu gerra dela-eta. Kolonbiako eskuindar gobernuek, beren bazkideekin batera, migrazioari ahalik eta probetxu politiko handiena atera nahi izan diote. Adibidez, erregioan eratu dituzten Prosur, Pazifikoko Aliantza edo Limako Taldea, tresna politikoa dira jendea izorratzeko eta Maduroren gobernua isolatzeko. Mugak irekirik mantentzeko politikaren kasuan ere, helburu nagusia da migrazio krisiaren irudi eskandalagarriak komunikabideetan hedatzea eta Maduroren gobernua estigmatizatzea».

Castrok azpimarratzen du badirela paradigma alternatiboak, bazterkeria eta oportunismo politikoa oinarri duten migrazioarekiko jarrerarekin guztiz kontrajartzen direnak. Venezuelak XX. mendean sustatu zuen gizarte eredua horren lekuko da:

«Gure herrialdearen historia errepublikazalea batik bat bereizi izan da migrazioaren harrera eta babesaren alorrean martxan jarritako politika publiko irekiengatik. Bigarren Mundu Gerraren eta Espainiako gerra zibilaren sasoian Venezuelak europar etorkin ugari jaso zituen, gure lur emankorrak lantzera etorri zirenak batik bat. Gero, petrolioaren boom-aren sasoian kanpoko enpresa eta langile ugari jaso genituen. Guztion artean sortutako ongizatea venezuelar eta kanpotarren artean banatu genuen. Horrek elkarbizitza maila oso interesgarriak ekarri zituen. Venezuela gizarte kosmopolita bilakatu zen. Horrexegatik Venezuelan ez dago xenofobiarik. Uste dut xenofobia pentsamendu kosmopolitaren bidez gainditzen dela».

Latinoamerikan, garatutako herrialdeen gizarte eredu kapitalistari jarraitu behar horren albo efektuak oso agerian gelditu ziren pandemia sasoian, konfinamendu orokorra bezalako neurriak goitik ezarri zirenean Kolonbian ere, Euskal Herrian bezalaxe; baina, ezberdintasun txiki batekin: Kolonbiako biztanleen ia erdiek ez daukate tokirik lan merkatu formalean, hau da, «ezkutuko ekonomia» edo «rebusque» gisa ezagutzen den baztertuen sektorean aritzen dira kalean, merkatu, plaza eta garraio publikoetan aurrera eta atzera, eguneko ekonomiari eusteko moduen bila. Eta, noski, Venezuelatik auzoko herrialdera mugitu diren langileek ondotxo dakite poltsikoak eta norberaren kapital sinbolikoa horren prekario izanik, lurpeko merkatuetako barrenik likits eta itsaskorrenetan besterik ez dutela izango lanerako harrera: gutxi gorabehera Kolonbian bizi diren venezuelarren %75ek lan merkatu informalean dihardute, kolonbiarrek baino %12 gutxiago irabazten dute lan berdina egitearen truke, lanordu gehiago sartu arren.

Generoaren borroka

LGTBI komunitateko venezuelar etorkinen kasuan, bereziki nabarmentzen den erakunde indarkeria modalitate argi bat da funtzionarioen eskutik jasotako tratu desegokia.

Maria del Rosario Velezek, duela hamabi urtetik LGTBI komunitateko pertsonen eskubideak aldarrikatzen eta babesten diharduen Caribe Afirmativo erakundeko koordinatzaile den heinean, sarritan martxan jarri behar izan ditu salaketak genero identitate edo adierazpen ez-hegemoniko edo disidentedun etorkinek jasotako tratu txarrak direla-eta:

Badira funtzionario batzuk oso argi daukatenak ikuspegi intersekzionala aplikatu beharra dutela LGTBI komunitateko etorkin baten kasua jasotzerakoan. Baina horrek ez du bermatzen erakundera edo bulegora iristean nahitaez tratu ona jasoko dutenik, edo aurreiritzidun jarrera edo diskurtsoak planteatuko ez dizkietenik.

Steven Jose Moreno homosexuala da eta, hori dela-eta bizi izan dituen bortizkerien ondotik, kontziente da horrelako arazoak alor pribatuaren eskuetan uzteak dakartzan ondorio kaltegarriez. Caribe Afirmativo erakundea ezagutu izanak bere bizitzaren norantza zeharo aldatu zuen, bertan hasi baitzen ekimen politiko kolektiboaren boterean sinisten:

«Cartagenan, iritsi nintzenetik, homofobia eta xenofobia jaso nituen alderdi guztietatik. Eskolan ez ninduten onartu nahi. Azkenean lortu nuen behintzat batxilergoa egitea. Baina, momentuz, Estatuarentzat ni ez naiz inor eta ez dut ezta nire batxilergoko diploma jasotzerik ere, horretarako nortasun agiria erregularizatu behar baitut».

Genero identitate eta adierazpena, arraza, klasea eta jatorria direla-eta gertatzen diren biolentziek estatuko erakundeetan dituzte orkestra zuzendari nagusiak: herritarrek, txokorik hutsal eta pribatuenetan imitatu eta erreproduzitu egiten dituzte gainetik inposatzen eta aldarrikatzen diren akats, narratiba eta biolentziak. Horixe da birusa baino dinamika pandemikoagoan sistematikoki errepikatzen den biolentziaren gurpila. Steven Josek sarritan jaso behar izan ditu etengabeko zirkulu horietan elikatzen diren gorroto imintzioak:

«Cartagenara iritsi nintzenean, kaletik venezuelar hizkera eta itxura sumatzen zidatenean, sarritan esaten zidaten, hitzekin edo begiradekin, lapur bat naizela. Guztiz iraindua sentitu naiz momentu askotan, min handia egin didate. Uste dut Venezuela herrialde edo gizarte askeagoa dela zentzu askotan. Beti ondo hartuko zaituzte, zure jatorria edozein dela ere. Han ez dago aberatsen eta pobreen artean halako desberdintasunik. Dirua izanagatik jendeak ez du albokoa txarrago tratatzen».

Barbararen hitzek ere astindu egiten dituzte Cartagenako eta Kolonbiako gizartean guztiz normalizaturik dauden bortizkeria ugari. Bere gorputzean beste inon baino modu gardenagoan egiaztatzen eta nabarmentzen dira milaka emakume, batez ere emakume arrazializatuak, egunero-egunero instrumentalizatzen, zanpatzen, zauritzen eta hiltzen dituen gaixotasun soziala: prostituzioaren negozioa, proxeneten inperioa eta mugarik gabeko misoginia eskandaluen merkatu librea.

«Kaleko kafe saltzaile gisa ibili izan naiz kaleetan zehar. Hilabete baino ez daramat Cartagenan baina jada badakit hemen ez dudala sekula lan eta bizimodu duinik izango. Badira ondo tratatu nautenak, noski, beti baitaude salbuespenak. Baina orokorrean munduko emakumerik txarrena sentiarazi naute. Antza hemen emakume izatea, venezuelarra izatea eta kalean kafea saltzen ibiltzea sexu langilea izatearen seinale da. Horrelaxe tratatzen naute gehienek eta sarritan eskaini nahi izan didate dirua sexuaren truke».

Biolentzia instituzionalaren aurrean gizarteko marjinetan hazten eta hedatzen diren pentsamendu eta jarrera subalterno eta errebeldeak lubakiak dira gizarte ordena hegemonikoak hondakin, merkantzia edo barne etsaitzat jotzen dituztenentzat. Horretan jarraitzen dute Cartagenako Caribe Afirmativo gisako erakunde eta mugimenduek, korronteen kontra baina irmo, zapalduen indarra eta adimena biderkatuz, pentsamendu kritikoaren eta prozesu kolektiboekiko maitasunaren bidez. Cartagenan LGTBI kolektiboarentzat erreferente den Caribe Afirmativok duela gutxi bat egin du Cartagenako migratzaileentzako, errefuxiatuentzako eta itzulitakoentzako zentro integralarekin, giza mugikortasun egoeran dauden LGTBI komunitateko pertsonekin lan egiteko.