Gerardo MUNGIA

ETA MAITA HERRIA... (ZAZPIGARREN ATALA)

Patxiren anaia Xabier atxilotu, torturatu eta preso atxiki dute. Bi urteren buruan espetxetik atera eta ongietorria eginen diote. Jexuxmai Lopetegik pastoralerako berariaz ondu eta lehen atalarekin batera webgunean argitaratutako kantuarekin bukatzen da zazpigarren atal hau.

10. JELKALDIA

Idoia eta Patxi Iruñera arraxin, bueltatu dira. Anaia Xabier “preso prebentibo” geratu da. Torturak salatu ditu baina «Espainian tortura ez dela existitzen» jujeek eman arrapostua. Astelehena da. Biak lanerat doaz.

Jelki Taulara Patxi eta fabrikako langile urdinak, zintzoak; jalki Idoia eta bere lankidea den Susana (ate urdinetik). Susanak eta Idoiak jantzi-denda batean lan egiten dute.

Anabel (langilea)

111. Agur Patxi, ongi zara?

Anaiarena jakin dut.

Altxa burua eta aupa!

A! Zonbat deboilamendu.

Modesto (langilea)

112. Nik ere luzatzen dizut,

bazarenez konpai hurko,

ene sostengu zintzoena.

Agian da beranduxko…

Isa (langilea)

113. Noiz dira geldituko

familiak bortxatzetik?

Jendea torturatzetik?

Gure lurra zapaltzetik?

Patxi

114. Esker mila den-denei.

Gogorra zinez zaflada.

Adarra jotzen ari da.

Has dezagun gure haitada.

Idoia eta bere konpaia Susana jantzi-dendan solastatzen ari dira.

Susana (langilea)

115. Agur Idoia, zer diozu?

Sofritu duzu anitz beldur?

Zainak laxatu adiskide.

Noiz arte hainbertze malur?

Idoia

116. Hau bukatu behar noizbait.

Zenbat urtez borrokatuz?

Bizikidetza kraskatuz…

Soraioak holakatuz.

Jelki langile horiak edo eskirolak larderiaka (borta gorritik).

Purnas (langile horia)

117. Asearazten gaituzue.

Politika, aberria...

Eta meta lasto meta…

Horiek dira ergelkeriak.

118. Ikurrinarena ez bada,

presoen nik ez dakit zer…

Itoiz, Bardeak, euskara…

Nahaspila duzue plazer.

Kakalardo (langile horia)

119. Erran, erran eta erran.

Jinkoa! Denak elerran!

Etxeko eleak etxean!*

Hemen zarete lanean!

Zorri (langile horia)

120. Ez dut zopara tu eginen.

Lan honetarik bizi behar:

Dirua inportanteena!

Zer arraio eta zer addar!

121. Kurdistan elkartasuna!

Eta Visca Catalunya!

Hemen lan guti bada ere,

datozela etorkinak!

Beltzuntza (langile horia)

122. Andereak okerrenak.

Beti guri aztalak jaten.

Gizonkien solasetan

zuek ez zarete edeten.

Jelki guardiak ate gorritik.

Bataila. Langile eskirolek edo horiek eta txakurrek alde egiten dute.

Arizale guziak erretira.

11. JELKALDIA

Bi urte iragan dira eta Xabier presondegitik aterako da. Epaiketarik gabe, makilatua, torturatua, sakabanaketa eta isolamendua sofritu ondoren… Injustizia, nork dio ordainduko? Nehork ez. Espainian gara… Patxi fabrikatik dator eta Idoiarekin mintzoan hasten da.

Jelki taulara Patxi eta Idoia (borta urdinetik).

Patxi

123. Lanetik nator maitea.

A, ze madarikatuak!

Gaueko txanda ezarri.

Bagaituzte unatuak.

Idoia

124. Horiek dira berri txarrak!

Alta betiko terrenta.

Adi zer derasadan, to!

Banauzu haur beharretan.

125. Kuttuna, bi hilabetez

emalegeak ditut ments.

Han dira bederatziak...

Beraz, gaitezen pazient!

Patxi

126. Bada berririk hobea?

Mendreneko dudarik ez.

Osoki azkar maitea?

Norbaitek daki zure aldez?

Etxeko atean jo dute. Adiskide eli batek berri onak, bikainak dakartza.

Jalki adiskideak (ate urdinetik).

Haira (adiskidea)

127. Oixtian abisatu.

Kalera jalgi da Xabier.

Arrastirian gurekin

ulertu ez badut oker.

Jasone (adiskidea)

128. Arno goxorik dakargu.

Atera ezazue zahatoa.

Bultaño batez apaila

dezaket otamenttoa.

129. Hegazkinez helduko omen.

Gauaz herrian batzarre.

Hargatik larunbatean

benetako gorazarre.

Alaiki ospatzen ari dira. Kanpoan elurkara dago.

Txarli (adiskidea)

130. Hara! Elurretan hasi.

Gaur egun ez da maizko.

Malutak urtzen baitira

lurrera iritsi baiko.

131. Ze pollita den elurra!

Dakarren ixiltasuna.

Iradokitzen dituen

barneko begitasunak.

Idoia

132. Gurera etorri zaigu

eguna zinez joria…

Patxi.

133. Haur behar dago Idoia.

Jinbeharraren zoria.

Jalki Arizale oro, bakoitza bere atetik.

Kantatzera doaz.

5. KANTOREA: Idoiarendako balada

–Begiak ikus dizkizut

alaitasunez nasaiki...

Ene gorputzaren ferekatzeko irrikaz.

–Mintzoan, muxu hezeak.

Ezpainez ezpain kartsuki.

Zure eskua iratzarri da ene sexuan.

Izendatuko bazintut…

Ahoskagaitz ele ederra…

Ez bainekike idazten

Ezta nire bihotzean.

Urrinaren kantorea.

Mugagabeko oraina.

–Eztitasun hilezkorra.

Oraingoa gerokoa.

Buztan dadin umetokia. Elur zuria.

–Eriak soinean kulunkan.

Suzkoak gizon-emazte.

Ahurrak galdurik, zu ukitzeko panpaka.

–Izendatuko bazintut…

Ahoskagaitz ele ederra…

Ez bainekike idazten

ezta nire bihotzean.

Urrinaren kantorea.

Mugagabeko oraina.

Airea: Balada (Jexuxmai Lopetegi).

Denak erretira beren ateetarik. Eszenatokia hutsik agertzen zaigu.

*Hitz-jolasa: ‘aberea’ edo ‘hitza’ izan baitaiteke elea