Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Giltzak

Gauetan etxeko atea giltzaz ixten dut. Ez dakit zergatik, ez dakit noiztik, baina giltzaz ixten dut etxeko atea. Tarteka, ustekabean, loak sofan telebistaren aurrean harrapatzen nauenean, izerdi hotzetan esnatu eta berehala hurbiltzen naiz atera, giltzari bi buelta ematera. Lagunartean galdezka aritu naiz, eta ohitura zabaldua da ateak etxeko giltzaz gotortzearena. Zergatik egiten duten galdetu diet; zer ote den izutzen dituena. Lapurrak ote diren, edo psikopatak, edo Hollywoodeko pelikularen batetik ihesi iritsitako dinosauro eta estralurtarrak akaso. Inork ez dit erantzun garbirik eman. Agian, izuak ez duelako formarik; mehatxua mehatxagarriagoa delako gorpuzkera jakinik ez daukanean. Eta ziurtasunak gorputz bat eskatzen digu, horma batzuk, ate bat, bi buelta ematen dituen giltza bat. Gauez, batik bat. Izua gauarena omen delako.

Eta egunez, gure betebeharren geografia zehaztuegian hara-hona ibiliko gara. Lurpeko aparkaleku bateko ordainlekuan gazte bat aurkituko dugu, lurrean eserita, kartoizko ontzi bat parean daukala. «Una moneda, por favor». Eta ordainlekuko ilaran gure aurrean dugun gizona gazteari errietan sumatuko dugu: dirua ez dela zerutik etortzen, lan egin behar duela beste guztion moduan, saiatu beharra daukala, eskean aritzea alferren kontua dela, dirurik ez edukitzea bere errua dela. Giltzari bi buelta, eta aurrera.

Gure ziurtasunen gorputz biluzia irudikatu dut jarraian. Gorputz argal bat, gorputz zimurtu bat, gorputz ikaratu bat. Inguruan mehatxuak baino sumatzen ez dituen gorputz hauskor bat. Gorputz horri izen bat jarri nahiko nioke, baina ez dut asmatzen. “Etxea” izan liteke, baina zerbait zabalagoa da hori baino. “Euskal Herria” deitzeak lehendik hainbestetan zeharkatutako labirinto batera narama.

«Europa» ere esan nahiko nioke, baina, zer da Europa, zehazki? Batzuetan “Europa” ongi bizi den jendea da, Finlandia eta Alemania eta Suedia eta halakoak, iluntzeko zazpietarako lotara sartu eta hirurogeita bost urte bete ondoren ezerekin kezkatu behar ez duen jende hori; estatuak burbuiladun plastikotan bildutako jende isil, bare eta orekatu hori. Beste batzuetan, ordea, mapa zati bat da Europa, Ozeano Atlantikotik Errusiako estepetaraino iristen dena, ni ere barne hartzen nauena. Europa izutu bat, Europa zahartu bat. Ezeren jabe ez denak ez daukala galtzeko ezer esaten duen Europa bat. Zerbaiten jabe denak, edukitzearen pozaren gainetik, daukan hori galtzeko ikara sentitzen duela onartzen ez duen Europa bekaizti bat.

Gure Europa. Gugan ere bizi den Europa. Gure Bidasoa eta Santiago zubietan, gure Lanbideko ilaretan, pabiloi eta etxe okupatuak bortizki hustera bidalitako gure polizietan eta egunero errepikatzen ditugun gure keinu izutuetan. Europa gauez giltzaz itxitako milioika ate dira. •