Itzea Urkizu Arsuaga

Aje horri

Badira ia bi urte ajerik ez dudala; zalantzarik gabe, ama edoskitzaile izatearen onuretako bat. Ospatzekoa edo atsekabetzekoa izan liteke, txanponari nondik begiratzen zaion: aurkian, parranda osteko behe laino emozionalik ez sentitzea; ifrentzuan, berriz, euforiaren itsasoan olatu gutxiago surfeatu izanaren hutsunea.

Eskerrak patuak historiaren puntu kronologiko honetan munduratu ninduen: Covid garaia iturri agorrezina izaten ari da, gertatu direnak, ez direnak eta gerta zitezkeenak hausnarketa bilakatzen saiatzeko. Eta, kasu honetan, gorpuztu dudan zerbaiten haritik tira nahiko nuke, Pfizer txertoaren bigarren dosiak itzuli baitit, berriki, bi urte atzera azkenekoz sentitu nuen aje gorputzaldia: hotzikarak, goragalea eta buruko mina. Okupatzen dudan espazioan kabitu ezina. 

Udako ajea hori bakarrik balitz, gaitz erdi. Kontua da bestelakoak ere badirela udaren ajeak; bai, behintzat, nigan eta nire udetan. Ondoezak ez baitu inor momentu egokian harrapatzen, baina, zer gertatzen da sentsazio hori guk geuk ekoizten eta digeritzen dugunean?

Bikiniaren hilabeteek neure gorputzari arkatzez marraztuko nizkiokeen aldaketak errepasatzera naramate urtero. Igerilekua zeharkatzerakoan pausoa aldatzera, espazio eta esposizio hori deserosoak zaizkidalako. Mandatu estetikoaren aurka erabat posizionatzera, nahiz eta gero mandatua hipotalamoan itsatsita izan. Nire bizitzako udaren batean –hau iraupen luzeko lasterketa baita–, tripa pixka bat sartzera ere animatu izan naiz, mugimendu berean bilatuz eta galduz duintasuna. 

Kontua da, ingurura begiratuta, emakume askori usain diezaiekedala aje-giro hori bera. Okupatzen dugun gorputza ez maitatzearen mina; molde zurrunetan sartu nahia eta ezina. Eta, moldean eta neurrian sartzen direnen kasuan, bertan eternalki bizirauteko grina. Begiratu, bestela, igerileku ertzean eserita, postura perfektuari eutsi nahian, bizkarrezurra hipotekatzen duten zenbaiti. 

Nahiago izaten dut termino potolo eta abstraktuak saihestu, baina egia zera da, heteropatriarkatua ukigarria dela afera honetan ere; tira, berak ukitzen gaituela gu. Eta, parrandazale onenari bestondo egunean nola, emakume askori ia-ia entzun egiten zaigula pentsamendua, hondartza egunetan: «Ez dut gehiago autogorrototik edango». Hori, kasurik onenetan.

Gero, frustrazioa biderkatu egiten da, kaka horren guztiaren aurkako jarrera politiko bat eraikitzen egunero-egunero saiatzen baldin bazara. Ze kristo, nik elikatzen al dut nire barruko munstroa? 

Zorionez, uda nire apalategiarekin zorrak kitatzeko ere baliatzen dut, eta hizpidera datorkit “Trikua esnatu da” lanean irakurri dudan zerbait: naturalizazioa. Edo nola lortzen duen botereak azpian duenari sinetsaraztea leku hori dela berez tokatzen zaiona. Alegia baietz, nik elikatzen dudala nire barruko munstroa, baina ez dela erabat nire errua ere. 

Hau guztia pentsatzen ari naiz, semea titian dudala. Eskuaz nire sabeleko azalari heltzen dio azkenaldian; aldakor eta bizi-emaile. Berak maite du haren biguna; bada nahikoa motibo, nik gauza bera egiteko. •