Gerardo MUNGIA

ETA MAITA HERRIA... (HAMARGARREN ATALA)

Hamargarren eta azken atal honetan, azken peredikuan, Patxik aldezten zituen balioen aldarrikapena ageri da. Eta aldarrikapen dira, halaber, Mungiaren azken aipamenak, pastoralaren, euskal antzerkiaren aldekoak, paperean ez ezik, taula gainean ere egon dadin.

6. KANTOREA: Idoiaren kantore tristea

Norat hoa orain ene ohaidea?

Ez ote dakuskik hor hire haurrideak?

Atx! Urtzen negarretan gure adiskideak?

Zer geroa dukee alabak, semeak?

Mundu dorpe honetan, ai! bakardadean.

Airea: “Agur sagar beltzaran” (Xabier Amuriza).

Jelki dantzariak, jelki haurrak (erdiko bortatik).

Haurrak

180. Ai, ei Patxi gaixoa.

Alda zenituen landak

fabrikatzar batengatik

non mihisea barranda.

181. Munduan uzten dituzu

emaztea, biga ume.

Maite zaituzten jendeak.

Oroigarri zinez xume.

182. Zu jadanik joana.

Ez da segur okerrena.

Okerrena da etxean

gera direnen auhenak.

183. Aralartik zohardian

Iparrizarra distirant.

Zazpi ahuntzak lerroan.

Artizarra ez goiztirian.

Jalki oholtzarat arizale guziak (urdinak, gorriak, erdikoak). Azken peredikua kantatzera doaz.

5. AZKEN PEREDIKUA

184. Mendialdeko haranak

abailan, ziztu bizian

odolusten ari dira.

Gaztetasun eskasian.

185. Herrixka tikietarik

hiri-auzo handietarat.

Soro aberatsetarik

asfalto elkorretarat.

186. Lantegian, fabriketan

lan baldintzak txit krudelak.

Klase arteko borrokan

askapenaren brinbela.

187. Guduka dezagun elkar

aldarrikatzeko harroki

langileek esklabotik

egin zutela fermuki.

188. Aberatsen mundua

edota alferkeria.

Haren ondoriotasuna

jende pobre, miseria.

189. Gure Herriaren alde

batu gaitezen guziak.

“Hazila ez diezaguten jan

hortik dabiltzan txoriak”.

190. Euskal Herria, euskara,

galdatu nahi dizuet

guk defenda ditzagula,

Amalur bazaigu laket.

191. Euskara, gure kultura

erasotzen duteneri:

Galdu duzue partida!

Zarete inguraturik!

192. Lan pollita benetan

egin dugu zuekilan

Pastorala hori baita

sorkuntza eta auzolan.

193. Partitzeko tenorea

jadanik iritsi zaigu.

Gure hutsez barkazioa,

othoi, eskatzen dizuegu.

194. Oroit ikusle maitea

kulturaren iturria

funtsean EUSKARA dela.

Euskaldunon aberria.

Azken kantorea arizale guziek batera kantatuko dute.

AZKEN KANTOREA: Eta maita Herria

–Behin batez bazen herri bat... Ahanetan dut izena.

Oroitzen naizen aldi orok dakarkit etsipena.

Behiala ziren baratzeak, luhartzaren Edena...

Galsoroak eta zelaiak, lugorriak gehienak.

–Etxeetako hormak, teilatuak, iduriz denak zutik.

Keheilak, ateak, leihoak, goroldioz harturik.

Ez ke, ez ongarri usainik... Bada nehor bizirik?

Zer ote zen hantxet agitu? Erreus nintzen engoitik.

–Eztiki ate bat bultzatu, hau bai ustekabea!

Tenore hartan nekusana, zinez taxugabea!

Gakotik arropa txilintxau, zokoan galbahea...

Dena nahikoa apaindua nahiz ta abañak jabeak.

–Supazterreko tresneria, paltoak eta atorrak.

Mahaina, kadirak, arasak, harraskan bustikora.

Ganberetako paretetan potret zahar sorgorrak.

Oraino haidor orubean zaharkitu traktorra.

–Ezkaratzeko kataderan oharra nuen ikusi.

Zergatik herria zapuztu laburzki ihardetsiz:

“Nekazaritzaz, abeltzaintzaz ez baita gaur ahal bizi

sorlekutik hiri handirat joatea dugu ebatzi.

Petiri Santzen aginduak halakotz behar onetsi.

Ez gara nehoiz arraxinen, arima zaigu hautsi.

Guretako ez da aisit izan. Zaina digute erauzi”.

Airea: “Euskara eta euskaldunak” (J.B. Elizanburu).

AZKEN AIPAMENAK

Antzerkia ez da asmatu orrialde zurien artean abaroan izateko. Antzerkiak taula gainean behar du bere espazio naturala, berari dagokion lekua eszenatokiaren bizitasuna baita. Egia, idazki hau nehorena ez den lurrean geratu da. Oholtza gainean izateko pentsatua eta haatik zure esku artean gelditu (agian sobera hotz?). Nahi eta ezin.

Lan honetan, aitzin solasean eman ditudan aipamen orientagarriak gehi barneko argazkiak eta ilustrazioak, egiazko pastoral baten irudikatzeko lagungarri izan direlakoan nago. Dena den, gaur egun Interneten bidez pastoralen argazki edota filmazio piloa kausituko duzu.

Baina, zenbat antzerki obra idazten dira eta zenbat igaiten oholtzara? Erantzuna guziek ongixko badakigula uste dut: ondikoz guti, sobera guti.

Haur denboretan eta nerabezaroan, eskoletan komediak eta antzezlanak jokatzen ditugu, baina antza, adin zehatz baterat helduz gero, asmo horiek ezabatzen dira. Eta teatroa baztertuen mundurat igarotzen da, marjinatuenerat. Kirolak, futbolak, agintzen bide du... Sobera “tele”.

Bururat datozkit dantza talde franko eta zinemagile xumeak; haiek ere uste dut ibilbide neketsuak, idorrak, kurri behar dituztela, anitzetan ikusleriaren aitzineraino iristeko ezinean geratuz. Nola ez aipa instituzioek egitasmo hauekilako maiz duten soraiotasuna? Halere, zergatik ez idatzi, zergatik ez proposatu gure proiektuak, jokatzera iristen ez badira ere?

Alta, Xiberoako pastorala osasuntsu dagoela ematen du. Urtero eskualde horretako herri batek pastorala prestatzen, antolatzen eta jokatzen baitu, kadira guziak jendez leporaino betetzen. Zazpi mila jende bi emanalditan sartzen dira, eta hirugarrena ematen delarik mila edo bi mila gehiago erakartzen ditu. Ikusgarri honek, zer segeretu dauka? Zer indar?

Herri-antzerkiak, bai Xiberoan, Bargotan, Etxalarren, Balmasedan, Hiriburun, Obanosen, non-nahi prestatzen denean, jendearen engaiamendu zintzoa galdatzen du. Eta arauz, hor dugu ikuskizun hauen arrakastaren segeretua. Auzolanak beti elgartzen, batzen gaituelakoz... eta herri-antzerkia auzolan kulturala baizik ez da.

Parte-hartzaileak bizituko duen abentura ez du santa sekulan ahantziko, zaude segur.