Gorka Elejabarrieta

Etxebizitza

Irailaren 26an hauteskunde orokorrak eta lokalak egingo dira Alemanian. 16 urteren buruan, Angela Merkel kantzilerra ez da berriro aurkeztuko eta horrek emaitzen inguruko dudak areagotu ditu. Inkestek ez dute irabazle argirik aurreikusten eta SPD alderdi sozialdemokrata aurretik doala dirudien arren, hauteskunde gaua arte itxaron beharko da konfirmatzeko. Badirudi ere Berdeek gorakada nabarmena izango dutela, baina ikusi beharko zenbatekoa den eta bereziki gobernuan sartzerainokoa bihurtzen den edo ez. Egia da klima aldaketaren inguruko eztabaida zentrala bilakatu dela aurrera doan kanpainan, baina ikusteko dago hori alderdi berdearen aldeko babes bilakatzen den.

Hauteskunde bereziki garrantzitsuak dira, etorkizuneko erronkak tamainakoak baitira. Gure planetak «nahikoa da» esan du eta Alemaniak etorkizun hurbilean norabide bat edo beste hartu, Europak ere jarraituko duen bidea guztiz baldintzatuko du. Gero eta interkonektatuagoa dagoen mundu honetan alemaniarrek hilaren 26an bozkatuko dutenak guztiongan eragin zuzena izango du. Inoiz baino gehiago. Europak trantsizio global honetan jokatu nahi duen papera zein den erabaki behar du.

Berlindarrek, hauteskunde orokor eta lokalen egun berean, hirugarren boto paper batekin bozkatzeko eskubidea izango dute. Izan ere, iniziatiba zibil baten ondorioz, etxebizitzaren inguruko erreferenduma egingo dute. Etxebizitzaren merkantilizazio erabatekoa eta erregulaziorik eza arazo larri bilakatzen ari da oro har; Berlinen, Bartzelonan, Londresen, Genevan eta baita ere Donostian, Iruñean, Baionan edo Bilbon, etxebizitza bat alokatu edo erostea kasik ezinezko bilakatzeraino. Argi dago etxebizitzaren inguruko politika orokorrak erabat aldatu beharra dagoela, pertsona orok etxebizitza duin bat izateko duen eskubidea bermatzeko. Sinn Feinek 2020ko Irlanda hegoaldeko hauteskundeak irabazi zituen, lehenengoz historian, eta garaipen horren arrazoi nagusietako bat etxebizitza politikaren inguruan egin zituen proposamenak izan ziren. Esperientzia horietatik guztietatik badugu zer ikasi, badugu zer ekarri gurera.

Berlinen egingo den erreferendumak bide berri bat irekitzen du, eta ondorioz bere eragina, onerako zein txarrerako, globala izango da. Erreferendumak etxebizitza askoren jabe diren hainbat holding beren etxeak instituzio publikoei prezio justu batean saltzera behartu ditzake. Berlinen 3.000 etxebizitza baino gehiagoren jabe diren enpresei eragingo lieke bakarrik. Erreferenduma irabaziz gero, 240.000 etxebizitza jabego publikokoak izatera pasako lirateke. Badago etxebizitzaren inguruko egoera aldatzerik, Berlineko esperientziak bide interesgarria erakusten digu dagoen egoera neurri batean zuzentzeko.

Beste alde batetik, bide honek erakusten digu demokrazia parte-hartzaileak edo demokrazia zuzenak, garrantzi handiko erabakiak modu zuzenean erabakitzeko bitartekoak jartzeak, gero eta garrantzi handiagoa izango duela. Erreferendumak ez dira jada Suitzan bakarrik egiten; gero eta toki gehiagotan, gero eta maizago, gero eta gauza gehiagoren inguruan erabakitzeko erabiltzen dira. Norabide bat, tendentzia bat markatzen du; politika egiteko eta erabakiak hartzeko beste modu bat, eta horrek bide batez ere gure estrategia orokorra indartzen du. Gero eta erreferendum gehiago egiten dituen kontinentean bizi gara, erreferendumak antolatzeagatik kartzelara bidaltzen zaituzten estatuaren baitan. •