ALEMANIA BIDEGURUTZEAN

Merkel ondorengo kantzilerra hautatzeko lehia: faboritorik ez, baina emozioa bai

Alemaniarrek hiru aste barru emango dute botoa 16 urteren buruan Angela Merkelen ordezkoa hautatzeko. Itxura batean, sei alderdi lehian, hiruko koalizio bat osatzeko. Baina lur politiko ezegonkor batean egingo dira hauteskundeak, boto joera zatitu eta aldakorrekin. Horrek aurreikuspenak inoiz baino aurreikusezinago egiten ditu.

gara-2021-09-02-Reportaje

Tartean etorkizuna dagoenean, ez da batere erraza aurreikuspenak egitea. Askotan ikusi da, eta berdina esan liteke irailaren 26an egitekoak diren Alemaniako hauteskunde orokorrei buruz. Are, Bundestag edo ganbera legegileko 598 eserlekuak hautatzeko bi boto emango direnean: bata, barrutiko ordezkaria erabakitzeko eta bestea alderdi politiko baten alde. Alegia, Bundestagen erdia (299 eserleku) boto zuzenarekin –barrutian gustukoen duten hautagaiari– eta beste erdia alderdiei –herrialde mailako «ekipa» gustukoenari–. Dena da proportzioa Alemanian, «pertsonalizatutako ordezkaritza proportzionala» deitzen den bere sisteman.

Alemania ez dute bi alderdik definitzen. Han ez daude, AEBetan bezala, demokratak eta errepublikanoak; edo Britainia Handian bezala, toriak eta laboristak, edo uste txarreko batzuek esango luketen bezala, ez da «Coca Cola vs Pepsi Cola» aukeraketara mugatzen.

Eta horrek egiten du hain erabakigarria hauteskundeen osteko koalizioen jokoa. Aurreko hamarkadetan ez bezala, koalizioen eraikuntza datozen asteetan Alemaniako kirol nazionala izango da. Eta jokatu beharko da 16 urteren buruan erretiroa hartuko duen Angela Merkelen esperientzia eta autoritaterik gabe, inoiz baino aldakorragoa den joko zelai politiko baten erdian. AfD alderdi neonazia, edo, nahi bada, eskuin muturreko alderdi populista, Alemaniako joko politikoan errotu delarik, Berdeen igoera estratosferikoa gertatzen ari denean. Bozak zeinek irabaziko dituen jakitea ohikoa baino askoz ere konplikatuagoa egin da.

Orokorrean, badirudi sei alderdi politiko sartuko direla Alemaniako Parlamentuan; gainerakoak, beharrezkoa den botoen %5aren langa ezin gaindituta, kanpoan geratuko direla. Honakoak dira: AfD alderdi neonazia, “Alemaniarentzat Alternatiba” izen engainagarriarekin bere arrazismoa, xenofobia eta nazismoa kamuflatzen duena; «betiko» CDU alderdi kristau-demokrata, Merkelen alderdia, haren ondorengo Armin Laschet buru daukana; FDP merkatu librearen aldeko alderdi neoliberala, aberatsak are aberatsago bilakatzearen aldekoa; Joe Bidenen politiken antzerakoak dituen SPD sozialdemokrata, Alemaniako langile klasearen alderdi nagusia izateari utzi ziona; Aurrerazale eta ekologista itxurako Berdeak – aurrerazalea izaten zen alderdia, baina, askok aipatu bezala, nolabaiteko «Bio-FDP» batera (neoliberalismo ekologiko bigunera) aldatu dena; eta, azkenik, Die Linke (Ezkerra), Bernie Sanders bezalakoen korrontean koka daitekeena, Ekialdeko Alemania zeneko lurraldean boto-emaileen babes handia daukana.

Gauzak errazteko eta begietatik errazago sartzeko, alemaniarrek alderdi bakoitzari koloreak ematen dizkiote. Eta Alemaniako hauteskundeak normalean igandean egiten direnez, badaukate «Igandeko Galdera» deitzen dutena, hau da, zera galdetzen duena: «Datorren igandean hauteskundeak egingo balira zeini emango zenioke botoa?».

Azken «Igandeko Galdera» abuztuaren 21ean egin zen. Utzi zituen balizko emaitzekin (alboko infografian jasoak), Bundestageko eserlekuak honela banatuko lirateke (alemaniarrek ematen dituzten bi botoen arteko matematika bizantinoaren arabera). Merkelen CDUk 160 eserleku inguru lortuko lituzke; SPDk 135; Berdeek 115; FDPk 75; AfDk 70; eta Die Linkek 45.

Behin eserlekuak banatuta, koalizioa eratzeko prozesuak has daitezke. Jada hasi dira, joko hipotetiko hori kirol nazional bilakatu denetik. Izan ere, nahitaez, Alemaniak koalizioko gobernua izango du ez delako botoen %50a gaindituko duen alderdirik egongo. Zatiketa gero eta handiagoa da, %20 inguru daukaten hiru alderdirekin (CDU, SPD eta Berdeak) eta gainerakoa beste hiru txikiagoen artean banatuta: Afd, FDP eta Die Linke.

Badirudi, hortaz, hurrengo kantzilerra ateak itxita erabakiko dela alderdien artean, ultimatum eta eztabaida artean. Eta itxura guztien arabera, 1950. urteaz geroztik lehen aldiz hiruko gobernua osa litekeela. Hiru hautagai nagusiek, Armin Laschet CDUko buruak, Olaf Scholz SDPkoak eta Annalena Baerbock Berdeenak, beste alderdiei begiratu beharko diete; bereziki, liberalei eta Die Linkeri. Ze, CDUri sinetsi behar bazaio, ez da egongo 1933. urtean Alemaniako kontserbadore eta nazien artean (DNVP-NSDAP koalizioa) egin zuten hitzarmenaren bezalakorik, ultraeskuinaren aurkako isolamendu eta boikot politikak berdinean segituko du.

Aukera asko daude eta gehien nabarmentzen direnek izen bitxiak dauzkate, koloreekin jolastuz ateratzen diren herrialdeen banderen araberakoak. Hizkera politiko normalizatuan «Kenya koalizioa», «Jamaika koalizioa» «Semaforo koalizioa» eta gisakoak entzuten dira. Izan ere, aukeren jokoan hiruzpalau koalizio ageri dira faboritoen: «Kenya koalizioa», «Alemania koalizioa», «Jamaika koalizioa» eta «Semaforo koalizioa».

Aurreikuspen askoren arabera, CDUn Merkelen ordezko eta oso maitatua ez den Armin Laschet izan daiteke hurrengo kantzilerra, baina azken uholdeetan herrialde osoaren aurrean barrezka aurkeztu zenetik maldan behera doa. Aldiz, Olaf Scholz (SPD) ilun baina sendoa eta Annalena Baerbeck (Berdeak) etorri berri eta argia goraka datoz, etengabe, parez pare jartzeraino. Hiruron artean dago 17 urte geroago Merkelen tokia hartuko duena. Orokorrean, kultura politikoaren parte da, ohitura, boto emaileen babes handiena daukanak kantziler postua eskuratzea. Baina, ikuskizun dago dena, baita hau ere.

Aurreikuspenok kanpaina politikoaren, taktiken eta estrategien parte izaten dira. Eta arrazoi onak badaude orain arteko inkestak kontu handiz hartzeko. Hitzordurako hiru asteren faltan, hautagaien posizioa gutxiago baldintzatzen dutelako balizko emaitzek gustu eta aldarte publikoan eguneroko joerek baino.

Hasteko, inkestak eta aurreikuspenak ezin dira nahastu. Gero, badago gutxiespen orokor bat. Irudi desitxuratu samarra dago AfDko ultraeskuinak daukan babesaren inguruan. Haren jarraitzaileei galdetzen zaienean ez dute beren gustuko alderdia hain erraz aipatzen. Berdeak, aldiz, inkestetan puztu egiten dira. Gainera, inkestatzaileak ez dira talde sozial guztietara heltzen, jende guztiak ezin du telefonoa hartu egunean zehar, eta jakina da inkesta publikoetan parte hartzeko grina asko jaitsi dela, Alemanian eta nonahi.

Horrek zer esan nahi du? Bada, aipatu diren emaitza posible guztiek %2,5eko perdoi bat daukatela, alderdi guztien balioak %2,5 gora edo behera aldatu daitezkeela. Eta, horrela, CDU, SPD eta Berdeen babesa %20 baten ingurukoa izan daitekeela, edo CDU %25era hel daitekeela –azken asteetan beheranzko noranzkoan doan arren–. Okerra da esatea Berdeek galdu egingo dutela, CDU frenorik gabeko gainbeheran dagoela edo SPD bukatzen ez den igoera batean.

Ez, esan daiteke hauteskundeen emaitzak ez dituztela definituko aurreikuspenek. Gogora bestela, Brexitarekin inkesta guztiek esaten zutela Europar Batasunean jarraitzeko hautuak irabaziko zuela eta Brexitak irabazi zuela. Edo Hillary Clintonek irabaziko zuela, eta, azkenean, Trump izan zela garaile. Gauzak ez doaz beti aurreikusitako bidetik.

Badago ere SPD-Berdeak-Die Linke gobernu aurrerazale bat osatzeko aukera aritmetikoa, estua bada ere. Baina bi oztopo ditu: historia eta Hessen estatua. 1918-1919ko iraultzan SPDko buru Gustav Nosek-ek jokatu zuen papera, «norbaitek izan behar du txakur untxaria» bere esaldi negargarria, antolatu zituen heriotza eskuadroiek hainbeste komunista eta iraultzaile hil zituzten! Eta urte batzuk geroago sozialdemokratak eta komunistak berriz borrokatu ziren, azkenean naziei Bundestag hartzeko bidea irekiz.

Gorroto historikoak hor daude, eta oraindik oihartzuna dute. Hessenen ikusi zen, aritmetikak koalizio aurrerazalea ahalbidetzen zuen estatuan. SPDko «Nosek sektoreak» nahiago izan zuen eskuinari gobernua eman «komunistekin» gobernatu baino lehen. Errepikatuko al da hura? Ez dago baztertzerik.