«NEKROBIOLENTZIA»

Palestinarren gorpuzkien konfiskazioa: okupazioa hilobiraino heltzen denean

Israelek giza eskubideen, duintasunaren eta nazioarteko lege humanitario guztien kontrako praktika beldurgarria ezartzen du hil dituen palestinar askoren gorpuzkiekin. Konfiskatu eta gorde egiten ditu, hamarkadetarako askotan, zigor kolektibo moduan, preso-trukeetan negoziaziorako txanpon bezala erabiltzeko eta palestinarren gorputzen gaineko kontrola bermatzeko.

gara-2021-09-02-Reportaje

Palestinan abuztuaren 27an ospatu da Martirien Gorpuzkiak Errekuperatzeko Egun Nazionala. Urteroko hitzordua da, Israelek gune militar itxietan kokatuta dituen hobi komun, gorputegi eta hilerrietan konfiskatuta gordetzen dituen ehunka (zenbaki zehatza jakitea ezinezkoa baita) palestinarren gorpuzkiak itzultzea eskatzeko.

Ehorzketa duina emateko aukera ukatuta, herri arabiarretako hileta praktika eta tradizio erlijiosoen eta martiriek gizarte palestinarrean daukaten garrantziaren jakitun, Israelen politika hau zigor kolektiboa da familientzat. Hori, hasteko. Etorkizuneko erresistentziarentzat disuasio neurria ere bada. Giza eskubideen aldeko erakunde israeldar eta palestinarrentzat, aldiz, balio unibertsal oinarrizkoenen eta nazioarteko lege humanitarioaren kontra doan barrabaskeria.

Ez da politika «ofiziala», baina 1964tik ezartzen da. Ez du bakarrik Israelek ezartzen, haren kontra ere ezarri izan dute Hamas talde palestinarrak edo Libanoko Hezbollah-ek. Zein da justifikazioa? Konfiskatuta dauzkan hilotz guztiak direla terrorista. Ez direla borrokalari edo soldadu, eta, hortaz, ezin zaiela hildakoei gatazka armatuetako etsaien inguruan Genevako Hitzarmenak dioena ezarri. Eta non du oinarri legala? Agintaldi Britainiarreko (1922-1948) emergentziazko arautze batean, zeina 2019. urtean Israelgo Auzitegi Gorenak baliozkotzat jo zuen.

Ez Israelgo Armadak ez Defentsa Ministerioak ez diete egiten zaizkien informazio eskabideei erantzuten. Dena da isiltasuna, negazionismoa, sekretu ofiziala. Ez dago jakiterik zenbat diren, non dauden. Urteetan legalki borrokatu ondoren, batzuk, izozturiko izotz puska eginda edo hezur pila bat poltsa batean bilduta, familiei bueltatu zaizkie, baina oraindik zientoka dira konfiskatuta segitzen duten hilotz palestinarrak.

Atxiloketa «post-mortem»

Zauri irekia da Palestinan, irekita betikotu nahi den zauria. Maite zituztenei eta maitatzen segitzen dituztenei ezin diete lur eman edo agur esan, ezin dute dolua egin, amesgaiztoak ez dezan amaierarik izan. Zauriak zornea dariola jarraitzeko, sendabiderik gabeko min kroniko bat bezala.

Askoren ustez, gorpuzkien konfiskazio politika honek Hamasekin egin diren (2014ko gerran bi soldadu israeldarren gorpuzkiak lortzeko) eta aurrerantzean egin daitezkeen preso-trukeetan txanpon bezala erabiltzea du helburu, nahiz eta biktima kopuru handiena ez zen talde horretako kidea. Baina denak bat datoz nolabaiteko «zigor edo atxiloketa post-mortem» hauek herri palestinarraren aurkakoak direla esatean, disuasioa, errepresioa eta beldurra hezur-muinetaraino sartzeko.

Hagai El Ad Israelgo giza eskubideen aldeko B’Tselem elkarteko zuzendariarentzat, praktika hau «defuntuaren eta haren familiaren duintasunaren kontrakoa» da, eta errotik erauzi beharko litzateke. Baina «Auzitegi Gorenaren legaltasun zigilua duen politika ofiziala» izateak asko zailtzen du behingoz bukatzeko aukera. Eta horren aurrean, Israelek «politika inhumano eta mendekati» hau birplanteatzeko nazioarteko presioa ikusten du bide bakartzat.

Israelek ez ditu palestinarren lurrak bakarrik konfiskatzen, hilotzekin ere berdin egiten du. Erasoak egin edo ustez egin dituztelakoan, hilotz horiek tristura eta sakratua denaren zentzuaren eta segurtasunezko kalkulu politikoen arteko konfrontazio makabro bilakatzen dira.

Israelgo buruzagientzat, bestetik, beren indarrek hil eta konfiskatu dituzten palestinar horien hiletak «terrorismoa babesten duten ekitaldiak» izan daitezke, «gure herrikideak hiltzeko deialdi bat». Ondo dakite, eta antza ez zaie gehiegi inporta, palestinarrei hiletaren errituala ukatzeak tentsioa areagotzen duela eta munduaren aurrean hilotzekin merkadeatzen duen herrialde bezala erakusten dituela.

Genevako Hitzarmena

Eta, agian horregatik, konfiskatzen dituen gorpuzki batzuk bueltatzen dituenean, baldintza zorrotzak jartzen ditu. Hileta batzuk gauez egin behar dira, pertsona kopuru mugatu batekin. Dolua egin duten familia batzuek adierazi dutenez, fidantzak ordaindu behar dituzte, israeldarrek hiletetarako jarri dituzten baldintzak betetzen badira berreskuratu ahal dituztenak. Familia askok beren seme-alaben gorpuzkien truke dirua ordaindu dutela sentitu dute.

Gorpuzkiak konfiskatzea immorala da, hildakoak hilda daudelako. Defuntuentzat eta bizirik jarraitzen dutenentzat zigorra da, mendeku krudela. Nazioarteko legeen kontrakoa da, inon ez baitago legerik hilotzak hamarkadetan preso atxikitzea baimentzen duenik.

Gatazka armatu batean, berdin nazioartekoa edo nazionala, aldeek hildakoak errespetatu behar dituztela dio Genevako Hitzarmenak, berdin gudu zelaian edo atxiloketa garaian hil badira. Gorpuzkiak bildu egin behar dira, ebakuatu eta ongi markatutako hobietan lurperatu, familiei horren berri emateko. Are, obligazioa dago gorpuzkiak zehatz identifikatuta bueltatzeko, beren jaioterrietara, familiek hala eskatzen badute. Are, posible den neurrian praktikatzen duten erlijioaren errituen arabera lurperatu behar direla, beren hilobiak errespetatu behar direla eta txukun mantendu.

Gorputzen gaineko kontrola

Baina Israelek urratu egiten ditu legeen agindu guztiok. Eta, esan bezala, Auzitegi Gorenaren oniritziarekin legalizatuta dauzka praktika makabro horiek, «estatuaren segurtasuna, ordena zibila eta soldadu israeldarren bueltatzea negoziatzeko» bezalako kontsiderazioetan oinarrituta.

Terroristak direlako, ez soldadu, ez borrokalari, eta terroristentzat ez dagoelako ez nazioarteko hitzarmenik, ez lege humanitariorik, ez ezer. Eta logika horren arabera, hilda ere, terroristak terrorista izaten jarraitzen duelako, Israeleko segurtasunarentzat mehatxu existentzial bat.

Horregatik edukitzen ditu preso, hildakoak eta bizirik daudenak. Horregatik kontrolatu nahi ditu hildakoen eta bizirik dirautenen gorpuak, gorpuzkien umiliazioa eta deshumanizazioa palestinarren gorputzen gaineko kontrol mekanizatua ezartzeko bitarteko bat izateaz gain, okupazioaren aurkako erresistentzian dabiltzan edo noizbait ibiliko diren palestinarrentzat oroigarria delako: «Zuentzat okupazioa hilobiraino heltzen da».