Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Aisialdia, sorkuntza eta Virginia Woolf

gara-2021-09-10-Opinión

Aisialdiari ostutako tarterik gabe, entusiasmo barik, posiblea zatekeen euskarazko sorkuntza?», galdetzen zuen Goizalde Landabasok aste honetan idatzitako zutabe batean. Sortzaileek bestelako lanak egin behar dituzte bizitza ordaintzeko eta «zertaz kexatuko zara maite duzun lana egiten baituzu?» galdera alienatzaile eta eztabaida hotzean mozten duten horietakoak etengabe entzun behar.

Hemezortzi hilabetetan zehar izan dudan sorkuntza blokeoaren ondoren, zer pentsatua eman dit Landabasoren idatziak. Covidak niretzako nuen espazioa kendu zidan heinean, aisialdian ez nuen indarrik, inspirazio aukerak murriztu ziren nire inguruan eta sormena agortu zitzaidan.

Astero liburu bat erosteko ohitura hartu nuen aspaldi. Arrazoi logikorik gabe, aisialdirako denbora nuen horretan, sorkuntzarako beharrezkoa nuen irakurketarako erabaki nuen irizpide horietako bat zen. Liburu dorrearen altura eta batez ere egunero han ikusteak sortzen zidan auto-inposatutako erruaren zama ez zen eramangarria eta ohitura eten egin nuen.

Azkenean, arnasbidea bilatu dudan honetan, udarako hilabeteak aspaldian ohe ondoko mahaitxoan pilatuta nituen liburuak irakurtzen eman ditut. Atzerapenez, halako batean, hartu dut denbora eta gozatu dut, besteak beste, Lisipe bildumarekin, Mikel Sotoren “Suak pizten direnean” kontaketa zintzoarekin, behin eta berriz itzularazten nauen Carmen Laforeten “Nada”-rekin, Natalia Ginzburgen hainbat libururekin eta Pello Lizarralderen “Argiantza”-rekin.

Covidaren ostean, Erresuma Batuko Gobernuak kultura indarberritzeko programari bi bilioi liberako dirulaguntza eman dio. “Kulturaren erreskaterako” soluzioa deitzen diote batzuek, erakunde ikonikoak duela bi urteko aktibitate mailetara itzul daitezen; txikiagoak eta berriagok direnen etorkizuna bermatzeko. Horrela esanda, bi bilioik kopuru handia dirudi, eta hainbat lekukotza itxaropentsuak izan dira. Tamalez, onuradunen zerrendak ikusterakoan, bestelako istorio bat kontatzen du batez ere independenteki, freelance moduan lanean dabiltzan sortzaileentzat. Beraien aisialdian lana egin behar duten haiek berriro ere galtzaile.

1929. urtean Virginia Woolfek esan zuen, fikzioa idazteko emakume batek dirua eta bere gela izan behar zituela, eta horretarako 500 libera urtean beharrezkoak zirela. Hori gaur egungo dirutan 37.000 libera inguru da.

Goizalde, hortxe Woolfen erantzuna. •