Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Gorrotoa

Aste honetan ukabilkada biren arteko alde ikaragarria nabarmendu du Iñaki Iriondok egunkari honetan. Mota bertsuko gertakari biren oihartzuna, trataera. Alderdiek, hedabideek… eta fiskalek zeri erreparatzen diote horrelako kasuetan? PPko kide baten aurkako ukabilkada gorroto delitua dela diote. Beste lagun bati «marikoi zikina» esanez ukabilkada eman izana ezin gorroto delitua izan, ezta delitua ere, alderdien, hedabideen eta fiskalaren begietan ez baita gertatu.

Nik ez dut uste gorrotoa delitua denik, edo halakotzat jo beharko litzatekeenik. Hogei urte dira Unai Romano Guardia Zibilak eraman eta egun batzuk geroago erretratatuaren identitatea beste azalpenik behar ez zuen argazki bat agertu zela. Uste izatekoa da infernuan ez zuela izango ez gorrotoaz ez amodioaz pentsatzeko gogo handirik, baina bere burua ispiluan ikusi zuenean sentimen bat baino gehiago bildu bide zitzaion gogora: beldurra, tristura, babesgabetasuna, amorrua... eta gorrotoa. Delitua ote da hori?

Besterik da gorroto horrek zure bizitza eta zure jokaera goberna ditzan uztea. Horren ondorioa ere jasan du jende askok Euskal Herrian eta beste leku askotan. Izan ere, gorrotoak gidatu ditu Espainiako faxistak gerra baino lehen, bitartean eta ondoren ere.

Espainiako Zigor Kodeak gisa honetan definitzen du, gutxi gorabehera, gorroto delitua: arraza, sexua, erlijioa, desgaitasun intelektual edo fisikoa, joera sexuala nahiz beste ezaugarri bat partekatzen duen edo hala sumatzen den giza talde bateko kideen aurkako arau-haustea.

Lehengo eguneko ukabilkadak beharbada mota berekoak dira, baina oso desberdinak alderdi, hedabide eta fiskal gehienen begietan. •