GAUR8
GURUTZEA GELETAN

Hungariako Gobernuak erlijio kristaua bultzatzen du irakaskuntzan

Viktor Orban lehen ministro eskuindarraren agindupean, gero eta ikastetxe gehiago daude eliz agintaritzaren mende. Helburua, ikasleak «kristau onak eta hungariar onak» bihurtzea. Birkristautze prozesu horrekin batera, eskoletan segregazio soziala eta hezkuntza publikoaren «ghettizazioa» indartu da klase aberatsenen mesederako.

Eskolara itzultzeko garaia Hungarian ere. Baina han, geletan, ezagutzaz gain, ikasle askok oso mezu ezberdinak aurkituko dituzte. Ferenc Liszt ikastetxeko haurrek elizan hasten dute eguna, Gobernuak bultzatutako irakaskuntzaren «birkristautzearen» seinale.

Viktor Orban lehen ministroaren agindupean, gero eta ikastetxe gehiago eliz agintaritzaren mende daude. Orbanek «kristau zibilizazioaren» defendatzaile gisa aurkezten du bere burua eta borroka erlijiosoa ikasgeletara eraman du.

Frantzisko aita santuak Budapestera bisita egin eta egun gutxira, AFPk Hodmezovovasarhelyko eskolan martxan dagoen prozesu hori ikusi du.

«Gure eskola moja dominikanoen zuzendaritzapean dago 2020ko irailetik», azaldu du Andrea Magyar zuzendariak, eskolako patioan dagoen haritz zahar baten itzalean.

Ikasgelak gurutzez apainduta daude eta 400 ikasleen ordutegiak otoitz eta katixima bidez markatuta daude, baina Magyarrek dioenez, hori «ez da derrigorrezkoa», eta curriculuma «ez da aldatu»; musika du ardatz nagusitzat.

Orain, Elizbarrutiarekin Hezkuntzako agintaritzarekin baino harreman «beroagoa eta ez hain burokratikoa» izateaz harro dago. Nabarmentzen du, gainera, irakasle gazte gehiago iritsi direla, baita berrikuntzak egitea ahalbidetu duten laguntzak ere Gobernuaren aldetik.

Familiek bozketa bidez onartu zuten Elizari kontrolaren transferentzia egitea, eta Ildiko amaren arabera (ez du izen-abizenik esan nahi), «oso pozik» daude aldaketekin.

«Giro bikaina eta irakasle konprometituak» goraipatu ditu.

Kristauak eta hungariar onak

2010ean boterera itzuli zenetik, Orbanek iraultza kontserbadorea egin du, komunisten garaian ezabatutako «nortasun kristaua» berpizteko.

Orban kalbinista familiakoa da eta hasiera batean bera ez zen erlijiosoa, baina azken urteetan Eliza katolikoarekin gertuko loturak ezarri ditu eta jainkoari buruzko erreferentzia bat sartu zuen Hungariako Konstituzio berrikusian, Estatuaren neutraltasunari muzin eginez.

Hierarkia katolikoan, batzuk kezkatu egin dira Eliza helburu politikoekin erabiltzeagatik, baina Orbanek espero du Europan nagusitzen ari den sekularizaziorako joerari aurre egiteko hungariarrek egindako ahaleginak aintzat hartuko dituela Frantzisko aita santuak –harekin bildu baita, gainera–.

Orbanen arabera, «hezkuntzak eliz erakundeen kontua» izan behar du, funtsezko bi helbururen zerbitzura: haurrek ikas dezatela kristau onak eta hungariar onak izaten». Hala adierazi zuen 2016an Janos Lazar-ek, lehen ministroaren kabineteburuak.

Eta estatistiken arabera, ahalegin horrek fruituak ematen dituela dirudi: garai komunistaren aurretik, eskolen %22 katolikoak ziren, baina 2000ko hamarkadaren hasieran %5era jaitsi ziren; 2018rako, kopurua %18ra igo zen, Gobernuaren pizgarriei esker, Kriszta Ercse hezkuntzan espezializatutako soziologoak adierazi duenez.

Hala ere, «birkristautzea» gizarte osoan azalekoa izan dela uste du.

Ercseren arabera, gurasoei eskola erlijiosoak gustatzen zaizkie, akademikoki publikoak baino hobeak direlako.

Segregazio zorrotza

Egia esan, Hungariak ez du Poloniak bezalako tradizio katoliko sendorik. 2011ko azken errolda nazionalean, hungariarren %39k baino ez zuten beren burua katolikotzat. Beste %11k protestantetzat jotzen zuten. Eta errolda beraren arabera, kristau fededunen artean, %15ek baino ez zuten parte hartzen erlijio jardueretan.

Ezin izan da errolda berririk egin koronabirusaren pandemiagatik, baina adituek uste dute kopuruak ez direla asko aldatu Orbanen agindupean.

Eskola ikuspegia erabat aldatu da, ordea.

Berdintasuna eta ahulenentzako arreta bezalako kristau balioetatik urrun, eskola konfesional batzuek segregazio zorrotza ezarri dute.

Ercsek ohartarazi zuenez, «familia aberatsenetako ikasleei mesede egiten dien hautapen modu zorrotza erabiltzen dute», pobreenen bizkar eta gutxiengo errumaniarraren kaltetan, adibidez.

Eskola publikoa hondatzen

Peter Marki-Zay Hodmezovasarhely hiriko alkateak 2018an Fidesz Orbanen alderdiko hautagaiaren aurrean ezustean irabazi zuen, eta egungo sistemak eragin dezakeen segregazioarekin kezkatuta dagoela aitortu du.

«Ez zait bidezkoa iruditzen eskola erlijiosoek instituzioetatik eskola publikoek baino dirulaguntza gehiago jasotzea», azaldu du Marki-Zayk.

«Arazoa da, gainera, Gobernuak eskola publikoak hondatu daitezela uzten duela», ohartarazi du, eta horrek «ghettizazioa» ekar dezakeela.

Eta bi sistemen arteko aldea handitu egin dela dirudi.

Zerga Kontseiluaren arabera –finantza publikoen auditore independentea–, «2017/18 ikasturtean, eskola erlijiosoek ikasle bakoitzeko 200.000 forint (570 euro) jaso zituzten»; eskola publikoek, aldiz, ikasle bakoitzeko kopuru horren laurdena jaso zuten.