Koldo Sagasti

Lubakiak

Zabalganan gertatu zen, Gasteizko auzo gazte eta populatuenetako batean, orain dela pare bat aste. Hiritar batek salatu zuen sare sozialetan hamabi urteko alabak jazarpena pairatu zuela auzuneko jolas parke batean ostadarraren koloretako poltsa bat eramateagatik. Itxuraz ez zen gazteak leku berean eta arrazoi beragatik nozitzen zuen lehenengo erasoa eta, beldurraren beldurrez, utzi egin zion poltsa kalera ateratzeari. Geroztik, aita, suminduta, gora eta behera ibili da auzoan LGTBI mugimenduaren ikurra soinean hartuta eta dei egin die auzokideei berdin joka dezaten. Azkenean, deialdiari erantzunez, Ikusgunek (Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokia) eta Zabalgana Batuz auzo elkarteak festa giroko elkarretaratze koloretsua antolatu zuten pasa den ostegunean, gertakizunen leku berean, «gure kaleetan gorrotoarentzako tokirik ez dagoela aldarrikatzeko». Zabalganakoa, tamalez, azkenaldian ugaritu diren gorroto eraso horietako beste bat besterik ez da.

Zorigaiztoko jazarpenaren aste berean 85 urte bete ziren faxistek Isaac Puente mediku anarkista Gasteizko kartzelatik atera, erail eta hilobi klandestino batean desagerrarazi zutenetik; Pancorbo inguruan, diotenez. Puentek sona handia lortu zuen Iberiar penintsula osoan Komunismo Libertarioaren Manifestuaren egilea izateagatik; baina baita Gasteizen ere, naturismoaren sustatzailea izateagatik, eta besteak beste, elkarretaratze nudista publikoak antolatzeagatik. Bere erailketa baino egun batzuk lehenago Millan-Astray jeneral kolpista bera izan zen hirian, militante antifaxisten aurkako ondorengo segaden txinparta pizten.

85 urte geroago, Maeztuko medikua datzan hobiak bide bazter ezezagun batean segitzen du, baina orduko lubakiek irekita diraute. Legionarioaren oinordekoak Legebiltzarrean, eta gu kalean beldurrari hortzak erakusten, kolorez eta irudimenez. Nor lubakiaren bere aldean. •