Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Elkarrizketa
Asier Galarza
Bertsolaria eta bertso antolatzailea

«Moldaketa handia eskatu duten bi urte izan dira, baina osasun neurri guztiak errespetatuz bertso saioak antolatzea lortu dugu»

Jon URBE | FOKU
Jon URBE | FOKU

Asier Galarza muxikarra bertsolaria da eta Gernikako Lilibertso bertso eskolako kidea. Alde horretatik, herriko urteko bertso programazioa gertutik ezagutzen du, antolatzaile aritzen baita.

Nolakoa izan da bertso saioen antolaketa lana pandemia garaian?

Moldaketa handia eskatu duten bi urte izan dira. Bertso bazkariak eta afariak egin ezin direnetik asko murriztu da panorama. Horiek gure egitasmoetan toki handia hartzen zuten eta azken bi urteetan ez dira posible izan. Horregatik egokitu egin behar izan dugu beste mota bateko saioetara eta plazetara. Uste dut asmatu egin dugula; kasu batzuetan formatuari eusten saiatu gara ahal zen neurrian eta beste batzuetan formatu desberdinak eskaini ditugu. Moldatu gara eta osasun neurri guztiak errespetatuz bertso saioak antolatzea lortu dugu.

Orain joera bat ikusten da, neurriak malgutuko ote diren, aforoak handitu... lehengora agian ez gara bueltatuko, baina bi urte hauetan ikasi dugun guztia baliagarria izango zaigu berriz ere lehengo dinamikaren antzekoei eusteko.

Jaialdiak antolatu dira nagusiki eta bertso otorduak bertan behera geratu dira. Horrek eragin du publiko motan?

Normalean desberdina izaten da publikoa, giroa eta eskaintzen dena desberdina izaten delako. Baina denok egokitu gara, baita bertsozalea ere, eta bertso gose zen neurrian hurbildu da jaialdietara. Orokorrean saioetara gerturatu direnen kopuruak baikorrak izan dira.

Bertsolariei begiratuta, batzuei besteei baino gehiago eragin ote die pandemiak?

Bertso otorduak, bertso poteoak... saio txikiak eta informalagoak izaten direnak galdu egin dira; batetik jairik ez delako egon eta bestetik saio mota horietan osasun protokoloak betetzea zailagoa delako. Bertsolari batzuk kaltetuagoak izan direla garbi dago. Gauzak normaltasunera gerturatzen diren neurrian berreskuratuko dira saio horiek eta agian gure lana bada, antolatzaile modura, horiei dagokien garrantzia ematea. Plaza dezente eta bertsolari dezente mugitzen diren zirkuitua da hori eta orain egokituko da hemeroteka lana egitea, zer eta non antolatzen zen ikusi eta horri ahal den neurrian eusteko.

Moldatzea eta plazari eustea garrantzitsutzat jo duzue. Bertsoak plaza behar du, ezta?

Hori oso garbi daukagu bertsolariok, antolatzaileok eta baita elkarteak ere. Bertsolaritzaren oinarria plazan dago eta horren aldeko apustua egin beharra zegoen. Aurrerantzean ere segituko dugu plazen lanketa horretan, plazari dagokion garrantzia emateko.

Bertso eskolen eta bertso plazaren arteko konexioa nolakoa da?

Profil oso anitzeko jendea erakartzen duen egitasmoa da bertsolaritza, ez bakarrik bertsolariak, baita ere gai-jartzaileak, antolatzaileak, epaileak... Inguruan zenbat eta presenteago eduki bertsoa, gero eta jende gehiago gerturatuko da egitasmora. Egia da azken hilabeteotan, gune informaletan bertsoa ez denez hain presente egon, agian ez dela hainbeste jende gerturatu. Horregatik oso-oso garrantzitsua da mota guztietako bertso plazak bultzatzea, bakoitzak bere prismatik ikusten baitu bertsolaritza. Eta askotan bertso eskolaren bidez egiten da lotura hori. Bertso eskolek sekulako lana egiten dute, ez bakarrik eskola moduan, baita antolatzaile moduan ere.

Kulturaren plazak, bertsoarenak barne, arnasa ere izan dira pandemiaren garai ilunetan.

Guk hori nabaritu dugu, bertso saioetan ikusi dugu horren ohikoa ez zen jendea, kultura arnasgune hori bilatu dutelako. Guk nahi baino estuago antolatu ditugu saioak, nahi genituen gauza gehiago eta desberdinak egin, baina neurriak estuak izan dira. Horren barruan, jendeak oso-oso esker onez hartu du bertsoa pandemia honetan.

Momentu gogorra izan da, baina gauza oso baikorrak ari dira gertatzen bertsolaritzaren inguruan une honetan, alde guztietatik. Bertsozalea beste era bateko saioak ikusten ari da; bertsolaria beste modu batera bizitzen ari da jarduna; antolatzaileen papera exijenteagoa bihurtu da, baina oso esker onekoa.

Uste dut egokitzapena azkarra izan dela; elkartearen aldetik ahalegin handia egin da eta denok ikasi dugun honetatik gauza erabilgarriak aterako ditugu aurrera begira jarraitzeko.