Ula Iruretagoiena
Arkitektoa

Oporraldi berdeak

Oporren berri galdetutakoan, bi erantzun berdintsu iritsi zaizkit belarrietara: eskasak izan direla berdin dio zer luzapen izan duten eta naturatik gertu egotea bilatu dutela. Pandemia garaiko sintomatologiatzat jo ditut biak, opor aurreko mantra gisa nekealdi eta estres handiko urtea izan dela asko zabaldu baitzen nire ingurunean. Aurtengo oporraldiak ez dira bidaia exotikoetarako izan, landetxeetarako joera nagusitu da eta bizikletan ibiltzeko eta kanpinerako ekipajea stock-ik gabe gelditu da. Oporraldi berdeak nagusitu dira.

Naturako turismoaren arrakasta giza gorputzarentzat osasungarria dela ezin uka badaiteke ere, naturaren osasunak albo-kalteak jasan ditzake, gizakia espezie inbaditzaile handienetarikoa baita. Oporraldien jende oldeak lehenik hiri handi eta ertainetan eragin du, eta orain landa eremura egin du salto, denok parte hartzen dugun izurritean. Zenbatean ikusten dira mendi zidorrak paper-zapi eta plastiko zatiekin zikindurik, eskuetatik joan den egoera baten irudikapen lez. Hiri zein landa eremuko paraje guztiek bisitari gaitasun muga bat dute, eta bere neurritik kanpokoa bada, espazio sistemak oreka galdu eta gaindi egiten du. Hirietan muga ezartzeko adorerik ez da izan, baina landa eremuan eta natura babestutako guneetan ezartzen ari dira nolabaiteko erregulazio sistemak, batez ere udako oporraldi jendetsuetara begira: autoa paraje naturalaren epizentrotik urrutiratu eta oinez gerturatzera behartu, turismoko fokuko aparkalekuan aurrez izena ematera behartu, edo garraio publikoaren bidez soilik irisgarria den mugikortasuna ezarri. Ez nago seguru naturaren armonia babesteko edo covid egoeran jende pilaketak ekiditeko izan diren, baina neurriok naturako esperientzia sendotu dezakete eta aldi berean bertako izaki bizidunen bizitza babestu. Ulertzen joan beharko dugu turistak iristen den lurraldera egokitzeko beharra duela, bere atseden beharra inposatu beharrean, hiri zein naturako eremuetan.

Opor berdeen exodoaren irakurketa bat izan daiteke urteko gainontzeko hilabeteetan ingurune grisetan bizi garela. Ze XXI. mendeko hiriak grisean zentratu dira. Ematen du etorkizun hurbilean hirien paradigma berria datorrela, Europako funts mordoa azpiegitura berdeak sortzera zuzendurik egongo omen delako. Horrek esan nahi du hiriek natura lurraldean ostalari papera dutela ulertzen hasi behar dugula. Horretarako, berdegune isolatuen plangintzarekin hautsi egin beharko da, eta berdeguneen arteko jarraitutasuna antolatzeko planekin ordezkatu. Parke berde bat ez da soilik hirian dagoen berde zati bat, zeinak auzo bati zerbitzua ematen dion; beste hainbat baso zein arboladiren eta parke sistema baten parte da eta harreman sinergikoan egon daitezke. Parke baten diseinua estrategia orokor eta proiektu baten barne bildua egon beharko da, gizakiarentzat leku estres garbitzaile izateaz gain, ekosistema berdeari bestelako zerbitzu batzuk eskain diezazkion. Ohartuko bagina zuhaitz eta basoek zenbaterainokoa duten airearen, zarataren eta kutsatzaile diren partikulen garbitzaile funtzioa, hiriak askoz berdeagoak izateko berregingo genituzke, eta naturako oporraldietarako beharra lausotu liteke hiri-periferia-periurbanoan baso energia-emaileak bagenitu. •