Miren Azkarate Badiola

Zer da zuentzat I-11

Arrazoi ezberdineko zenbait gertakari garrantzitsu datozkigu burura I-11 irakurri edo entzuten dugunean. Batetik duela 20 urte dorre bikiak deusezten ikusi genituenekoa datorkit niri, mundua enegarrenez dar-dar batean jarri zuen hegazkinen ekintza hura. Puf! 20 urte!

Bestetik, Katalunian ospatzen duten Diada eguna iradokitzen dit irailak 11k: urtetik urtera jende gehiagok parte hartzen duen aldarrikapen eguna, manifestaldi erraldoiaren irudiak erakusten dizkigun eguna, Kataluniako independentziaren aldeko oihuak entzuten ditugunak altu eta ozen. Urtetik urtera niri oilo ipurdia eragiten didan eguna da.

Eta azkenik maila pertsonalagoan ziur nago egun horretan norbaiten urtebetetzea edo data seinalatu bat izango dela bere agendan.

Niretzako, hiru adibideetatik koktail bat egin eta bakoitzetik zerbait eragiten didan eguna da, dardara sortzen didan eguna da, oilo ipurdia jartzen didana eta egun seinalatua da: nire atxiloketa eguna. 19 urte! Puf! Atzo izan balitz bezala gogoratzen dudan momentua, iltzatuta dudan unea eta urtero data iristean nire egunerokoa hankaz gora jartzen didana, nahiz eta, gezurra badirudi ere, hainbeste urte pasatu diren. Gaur-gaurkoz oraindik egun hauetan gorputz txarra izaten dut, gaizki egiten dut lo eta ez dut gogorik izaten inorekin egoteko eta hitz egiteko. Eta zergatik ez onartu, umore txarra izaten dut eta negar asko egiten dut ere. Berdin du egun osoan zehar komunikabideetan matraka ematen egon AEBetan gertatu zenarekin, berdin du nire bizitzako momentu zoriontsu batean egon, berdin du kurtso berria hastearen prestaketak eta errutinak itzuli… Niretzako I-11 beti egongo da torturari lotuta. •