Maitena Usabiaga
Sexologoa eta psikologoa

Erditu

gara-2021-09-23-Opinión

Erdi, erditu, haur egin, munduratu. Ez dakit hitza gustatzen zaidan ala ez. Bikoiztu ere etortzen zait burura. Hasieratik bi garelako, baina era berean bat izatetik bi izatera pasatzen gara. A zer fenomenoa hau, ez dakit adinagatik edo zer (ingurua horretan dagoelako) interes handia sortzen dit gai honek.

Amatasuna inposatua izan zaigu historikoki. Gure funtzio bakar eta nagusia hori izango balitz bezala. Ez bazara ama, ez zara emakume osoa, errespetagarria. Eta ez bazara ama, lasai, zaintzaile lanak baitira zure funtzio nagusi. Honek milaka arazo ekarri dizkigu arrazoi askogatik. Inposatzeak dauden unetik, jende asko uzten baitugu kanpoan, nahia alde batera utzi eta betebehar bihurtzen delako. Heterosexualitatea da modua, koitoa praktika eta guztiok ahalmena, gaitasuna eta nahia dugula aurreikusten da. Errealitatetik, aniztasunetik alegia, oso urrun dauden mandatuak.

Mandatuak jarraitzeak baditu bere eraginak, gure buruarentzat eta baita datozenentzat ere. Ez da ezohikoa ama izan nahi ez zutenek eta dutenek hala adieraztea beren haurrei. Agian duten bizimodua maite ez dutelako, aukeratu ez zutelako edo min egin nahi dutelako (halakoak ere existitzen dira). Pisu latza.

Askotan amengan jarri dugu begirada (beharrezkoa, noski), eskubideez aritu gara, erabakitzeko zilegitasunaz, zaintzen arduraz... Nik haurrengan jarri nahiko nuke. Mundura datoz, beraiek erabaki ez duten leku batera, familia deritzogun horretara. Askotan, halako sistemak ez dira erosoenak izaten beraientzat; krisian dauden bikoteak, baliabide ekonomikorik ez dutenak, halakorik nahi ez zutenak, emozionalki gaitasun eskasa dutenak, berekoiak direnak... Eta halako ezaugarriekin haurrak mundura ekartzea... arriskutsua da. Beraiek baitira gure zama eramango duten hurrengoak eta beraien hurrengo belaunaldiak, zama gehiago... Kate luze-luzea osatzen dugu gure existentziarekin, denongan baitugu eragina, nahi edo nahi ez.

Ardura. Eskubidea baino gehiago, ardura ateratzen zait. Ez da ni izatetik bakarrik hartu behar dudan erabakia, ondokoei, kolektiboari eta batez ere, datorrenari begira hartu beharrekoa dela uste dut. Ez dakigu etorkizun batean zein egoeratan egongo garen, noski, zerbait baldin badakigu, ezjakintasuna da. Baina badaude orainean aurki ditzakegun seinaleak. Oso hippya geratuko zait baina maitasuna, eskuzabaltasuna, gogoa, sarea, indarra eta nola ez, ardura. Astuna izango naiz agian, baina zergatik ez errepikatu garrantzitsua dena?

Zamak arintzea helduon ardura da, datozenak ahalik eta arinen etortzeko, zamak beti datozelako, bizitzaren zati baitira. Honetan arduratu eta bizi berri bat ekartzea... pasada bat da. Datozenentzat eta gaur, orain hemen daudenentzat, har dezagun ardura eta saretu gaitezen. Halako zaintzak bakar baten esku gera ez daitezen, eta datozenei eta daudenei gure bertsio hobeago bat eskaintzearren. •