Gorka Zozaia
Kimikaria

Hamar urte ametsak birrintzen

Kasualitateak nolakoak diren, politak bezain iradokitzaileak. Limurtu egiten gaituzte maiz, eta kausalitateak bilatzen ditugu kasualitateetan. Pentsamendu magikoa babesgune atsegina da ziurgabetasun garaiotan; ederki maridatzen du kultura postmodernoarekin. Baina, egiari zor, kasualitatea ez da kointzidentzia bat besterik; kointzidentziarik gabeko gertaeren basamortuan, arreta pizten digun oasi polit bat!

Nire azken oasia ederra izan da. Hamar urte biribil bete dira Kukutza eraitsi zutenetik. Bilboko Errekalde auzora apenas etorri naizen ordutik, eta pasatu izan naizenean, txoko bakoitzak hiru borroka egun horietako zirrara ekarri izan dit berriz azalera. Pasa den astetik berriz, egunero ari naiz auzora etortzen, bertako institutu batean hasi bainaiz irakasle. Ikasleren bati galdetu, eta Kukutza ez du dagoeneko inork ezagutzen. Gelditzen den zerbait da, une hartan nobedade ziren norbanakoek grabaturiko bideo andana, “El Correo” eta “EITB” masa-iritzigileen posizioa behartu zuen fenomeno berria, portzierto.

Baina hori dena oasiaren azala besterik ez da, mamian zutabe honen ibilbidea baitago. Kukutza eraitsi zutenean bigarren artikulua argitaratzen ari nintzen zientzia zutabe honetan. Fisika dardarka jarri zuen neutrinoen matxinada izan nuen mintzagai, argiaren abiadura baina arinago zebiltzala neurtu baitzuten orduan CERNeko Opera esperimentuan. Jakina, errore esperimentalen bat izan behar zen tarteko, eta topatu zuten azkenik, baina Fisika Berri deritzanaren aldarria ez da azken hamarkadan handitu besterik egin.

Azken hilotan asko ari da hitz egiten oinarrizko partikulak eta elkarrekintzak azaltzen dituen Eredu Estandarraren gainbeheraz. Hemen aipagai izan nuen maiatzean, “Berria eta erraza” izenburupean, nola Muoi g-2 deritzan esperimentua emaitza esanguratsuak lortzetik oso hurbil zebilen. Muoiak berak Rk deritzan anomaliaren protagonistak dira eta edertasun quark bezala ezagutzen denean ere behatu da teorikoki espero ez zen jokamolderik pasa den martxoan. Behaturiko azken arrakala, pasa den astekoa da, kaoi deritzen partikulen egonkortasunean balio teorikoekin alderatze bat antzeman dutenean Bonneko Unibertsitatean.

Eredu Estandarraren defentsan esan behar da, 1970eko hamarkadan forma hartu zuenetik zehaztasun ikaragarria erakutsi duela eta mehatxatzen duten esperimentu guztiok ez direla momentuz nahikoa esanguratsuak izan berau eraisteko. Poliki-poliki birrintzen joan arren, amets hark zutik dirau, eta ez dirudi gertu dagoenik Fisika Berria gorpuzteko moduko amets berririk. Alta, zaharretik ere zerbait badago asmo hauetan, jainko bakarrarekin kointzidentzian indarren batasunaren bila beti baitago norbait.

Bidea, baina, horixe da; ereduak erabiltzea, baita bere burua astintzeko ere. Noizbait erabat kamustuko balira, berriak ere sor daitezen errealitatea ulertu eta eraldatzen jarraitzeko. “Ametsak berreskuratzea” lelo polita da Kukutza bizi izan genuenontzat, baina ez genuke pentsamendu magiko eta nostalgikoan jausi behar. Amets berriez erditu daitezkeenek hura ezagutu eta bertatik ikastearekin ni pozik! •