Arantxa Urbe - @arantxaurbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Hanka sartzeko gune seguruak

Aurrekoan, ikasturte hasierako protokoloak eta kontingentzia planak zirela eta ez zirela ari ginela, guk geuk, zaintzaileok, lizentzia hartu genuen geure buruari galdetzeko ea nola gauden. Aurreko hartan genioen, guk geure burua zaintzen ez badugu, edo zaintzen ez badakigu, nekez zaindu ahal izango dugula inor. Eta ez da guk esana, zaintzaren garrantziaz eginiko hainbat ikerketaren ondorioa da. Fokua, beraz, geure buruarengan ipini genuen, zaintzaileengan.

Berrikuntza eta eraldaketa pedagogiko guztien oinarrian behar lukeen ideia hori ez da berria. Hala ere, aitortu behar da pandemiak sekulako bultzada eman diola zaintzari eta haren ingurukoari, argitara ekarri duela. Tartean, zaintzaileak zaindu beharreko ideia.

Denborak erakutsi digu, ordea, behin eta berriro, zaintza erdigunetik kanpo geratu dela. Zaintzaren beharra areagotu den garaian, geure burua zaindu beharraren premia biderkatu egin dela. Horren erakusle dira hezitzaileen artean egindako galdeketek erakutsi duten antsietate eta depresio sintomen gorakadak.

Hezitzaileen ondoan jarri nahi ditugu, era berean, heziguneetako zaintzaileak, garbitzaileak, sukaldariak, zerbitzuetako langileak eta komunitatea osatzen dugun gainerako kideak. Langileen artean zaurgarrienak izanik, lan baldintza kaskarrenak pairatzen dituztenak, haien lan karga eta erantzukizuna izugarri handitu da, gehien-gehienetan ahaleginak soldatan eta lan baldintzetan inolako isla izan ez duen arren.

Hik Hasi Euskal Hezkuntzarako egitasmoak urtero Udako Topaketak antolatzen ditu. Aurten hogeita batgarrenez. Hezitzaileen zaintzari aitormena egin nahi izan dio oraingoan. Horretarako, irakasleei –zaintzaileei, oro har–, beren buruaren zainketarako baliagarriak izango zaizkien bitartekoak eskaintzeko ikastaroak eskaini zituen. Bide batez, bigarren hausnarketa kolektiboa ingurumari horretan ardaztu zuen: Nola daude irakasleak? Zaindu al dira? Elkar zaindu al dute? Laguntza eskatu al dute? Konturatu al dira garrantzitsua dela ongi zaindua egotea haurrak zaindu ahal izateko? Galdera horietatik abiatu zen hausnarketa kolektiboa.

Hausnarketa saioaren hasieran elkar zaintzeko gakoak eskaini zituen Arremanitz elkarteak. Zer behar dut? Zer da behar dudana? Galderei bizipenetatik erantzuna bilatzeko erronka proposatu zuten: egindako hanka sartzeak ospatzea.

Hutsala iruditu arren, probatu genuenok aitortu behar dugu ez dela erraza taldearen aurrean hutsegitea disimulatu beharrean aitortu eta gogotik ospatzea, gainera. Ez zen makala izan.

Gure buruari hanka sartzea baimentzea, ez iristeko baimena ematea, etsitzeko, urteko programa ez betetzeko; eta, gainera, ospatzea ez garela iritsi, hanka sartu dugula… horiek lirateke, besteak beste, geure burua zaintzeko gakoak. Izan ere, geure buruari dauzkagun baldintzetatik gora eskatzen diogunero, ez gara geure burua zaintzen ari. Beste gakoa, gure harremanen orekan datza, hazten laguntzen diguten harreman osasuntsuak eraikitzean.

Ederra litzateke ikasgela hanka sartzeko gune segurua bihurtzea, zenbaitetan irabazi egiten baita eta bestetan ikasi. Eman diezaiogun geure buruari baimena hanka sartzeko, galtzeko… •