Koldo Sagasti

Aporofobiatik aporozidiora

Txirotasunak jota hil zen Koldo Arribillaga 55 urteko gasteiztarra iragan irailaren 8an. Mediku txostenaren arabera, aorta-balbulako estenosiak geldiarazi zion bihotza, baina ez, pobreziak hil zuen. 2019an bankuak amarekin partekatzen zuen Alde Zaharreko etxebizitzatik kaleratu zuen. Ama egoitza batera bidali zuten gizarte zerbitzuek eta Arribillaga bere jabetzako lokal batean bizitzen hasi zen. Handik ere bota zuen Udaleko Hirigintza Zerbitzuak; lonja batek ez dituelako betetzen, nonbait, bertan bizitzeko gutxieneko baldintzak. Urtebete baino gehiago zeraman bizitza salbatuko zion bihotzeko ebakuntzaren zain, baina Osakidetzak uko egin zion operazioa egiteari; erakundearen arabera, gaixoak ez zuelako ebakuntzaren ondorengo arreta jasotzeko bizitoki egokirik. Halaxe salatu zuen gasteiztarrak maiatzean, hil baino lau hilabete lehenago, Argilan-ESK eta Etxebizitzarako Eskubidearen Aldeko Ekimenak antolatutako agerraldian. Agiri medikuek horrelakorik jasotzen ez badute ere, bankuaren, Udalaren eta Osakidetzaren artean erail zuten Arribillaga; batzuek egoera zaurgarrian bizi zen pertsona bat kale gorrira bultzatu zutelako; besteek bere txirotasuna zela medio hil ala biziko arreta medikua ukatu ziotelako.

Baina haren heriotza bazterkeria sistemiko baten adierazpenik lazgarriena baino ez da, gizarte maila apaleneko pertsonak eta sistemarako produktiboak ez direnak zokoratzen dituen egitura sozial baten azken ondorioa. Eta gizarte antolakuntza baztertzaile horren lehenengo irakaspena eskolan bertan hasten da, bi abiadurako hezkuntza sisteman. Batetik, maila sozioekonomiko baxuenekoak, kanpotik etorritako langileen seme-alabak askotan, sare publikoan kontzentratuta. Bestetik, kanpoko munduan gertatzen denari ezaxola bizi diren pribilegiatuak, pribatu-itunpekoan. Bi sare, bi azpimundu, txikitatik ikas dezaten zein den norberaren tokia. Batzuk bihotzekoak eta besteak bankuak hiltzen dituela. •