Juantxo EGAÑA

Baiona XIX. mendean, zuri-beltzetik koloreetara

gara-2021-10-07-Reportaje
PHOTOGLOB ZURICH. UNITED STATES LIBRARY OF CONGRESS

Kolorearen bilaketa erronka izan da argazkigintzaren hasieratik; dagerrotipoak, anbrotipoak eta albuminak, besteak beste, eskuz koloreztatzen ziren. 1889an, Parisko Nazioarteko Erakusketak koloretako argazkiak inprimatzeko prozesu suitzar bat saritu zuen. Ordura arte, irudiak zuri-beltzezkoak baino ez ziren. XIX. mendeko 80ko hamarkadaren erdialdean Suitzako Orel Fussli & Co enpresak garatutako prozesuari esker, mundu osoko bistak eskaintzen zituzten koloretako milaka argazki merkaturatu ziren, Photoglob Zurich izen komertziala erabiliz. Ekimen horren sustatzaileetako bat Giacomo Broggi argazkilari italiarra izan zen. Argazkien koloreak, oro har, oso pastel tonukoak dira. AEBetako Kongresuko Liburutegiak inpresio horien bilduma bat gordetzen du, guztira 1890 eta 1900 artean argitaratutako 515 argazki. Liburutegi horretan hogei bat irudi daude, P. Z. siglekin sinatuak guztiak, Photoglob Zurich etxeari dagozkionak, alegia, eta Euskal Herriko bistak biltzen dituztenak, hala nola artikulua irudikatzen duen hau, Baionako Port Neuf kalearen irudia. Horien tamaina 16,5 x 22,5 cm-koa da. Zokoa, Donibane Lohizune, Donostia, Biarritz eta Hondarribia dira irudi hauetan agertzen diren euskal herrietako batzuk.