Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Lezioak ematea itsusia izan daiteke

Kotxe bion prezioen arteko aldea handia da, baina praktikamente berdinak dira», idatzi zuen Euxebiok. Irakasleak idazlana zuzendu eta horrela itzuli zion esaldi hori: «Auto bion arteko salneurrien arteko aldea handia da, baina berdintsuak dira».

Euxebiok oso ondo egiten zuen euskaraz, baina idazten eta «telebistan lez» hitz egiten ikasi nahi zuela zioen. Irakasleari entzun zion ez dela berdin egiten lagunekin, Administrazioarekin edo inguru akademikoarekin, hizkuntza guztietan hainbat erregistro daudela. «Erregistro? Horrek niri Poliziak egiten duena gogorarazten dit, zehazki etxeko atea ostikoka lurrera bota ostean!», esan zidan Euxebiok hurrengo egunean. Garai hartan indarrean zegoen ateko ostikoaren legea esaten zitzaiona, Jose Luis Corcuera ministroak asmatua.

Azken urteetan bere alderdi ohiaren aurka esan dituenengatik nabarmendu da ministro sozialista ohia. Haren kezka Espainiaren batasuna da. Sozialista horri inoiz ez dio ardura izan bere alderdiak eskuinaren legeak onartu eta are bultzatu izana, besteak beste langileen egoera kaskartzen duten legeak, alegia.

Zenbait hedabidetan agertu da egunotan ere, gerra zikinaren erantzule gisa. Gerra guztiak dira zikinak, baina horren antolatzaileek etika lezioak eman nahi izatea gutxienik, etikatik estetikara eginda, itsusia da. Oso itsusia da legez kanpoko jarduna eragozteko ardura duenak legez kanpoko jarduna antolatzea bere inpunitatea baliatuta.

Kike Zurutuzak aspaldi kontatu zuena gogorarazi zuen ostegunean NAIZen: Ertzaintzak bazuela berari eta Azpeitiko HBko beste zinegotziari bidali zieten bonbaren berri. Eta ukatu egin zuen. Gasteizko Gobernuak orduan ez zuen hitz erdirik ere esan. Asteon hitz erdi bat jaulki zaio sailburu bati.

Gogora etorri zait zoru etikoaren goiburu bihurtu den esaldi bat: «Hain zaila da egin zutena gaizki egon zela esatea?». Tira, ez da aipu zehatza, baina praktikamente gauza bera esan nahi du. •