Itzea Urkizu Arsuaga

Jainko txikien berri

Bihotzak badu halako joera bat, berriro gertatuko ez direnak mitifikatzeko, eta burua oroitzapen haietara behin eta berriro bidaiatzera behartzeko. Sekula ez dugu ikusiko hura bezainbeste hunkituko gaituen pelikularik, eta kostako zaio talderen bati, estadio hartan bizi izan zenuen kontzertua gainditzea. Zer esan, urte hartako herriko festez: orduan bai zoriontsu. Ez nago oso ziur zer den ariketa nostalgiko hori: gure bizitzaren joan-etorriak maitatzeko ezintasuna ala, kontrara, pizgarri bat bide horretan gertakizunak kateatzen jarraitzeko. Uste dut nik bietarako erabiltzen dudala, eta onar dezakedala, arazorik gabe, baietz: kaxa asko mitifikatzen ditudala nire oroitzapenen biltegian.

Badira honezkero hamar urte zendu zela, baina, hala ere, gurean ez da asterik pasatzen amona Juanitaren izena irribarrez aipatu gabe. Alargun egin zituen hamasei urteetan, egunero bazkaltzen zuen gurasoenean; osasuna ahuldu zitzaionetan, berriz, pijama eta guzti etortzen zen etxera. Bera izan zen helduagoekin aritzeko errespetuzko forma urrunak konfiantzazko tratura gerturatu zizkigun amona; beste amonaren baimenarekin, etxeko amona.

Harriduraz ahoskatuko luke «ez da posible!», bere izena hemen irakurrita. Mila eta bat aldiz errepikatutako bere esamoldeen gainean eraiki baitugu, amonaren oroitzapen mitifikatua. Ideia argiko pertsona zen amona, gutxi hitz egin –«hainbeste hitz egin, zertarako?»–, baina dezente egiten zuena. Bost urterekin gorputzaren erdia erreta, oinez berriro ikasi behar izan zuen haurra, bederatzirekin eskolatik baserriko zereginetara pasatzeko. Ezkondu bitarte tailerrean lanean jardun zena eta, ezkondutakoan, jaioterritik alde egiteko «batere mirarik ez» zuena. Ostiralero ile apaindegira joaten zena, eta herriko jaietan arropa dotorearenarekin janztea atsegin zuena. Erdipurdiko haragia tokatuz gero, diskrezioz harakinari abisua pasatzen ziona. Ongi jatearekin bezainbesteko obsesioa zuena, sukalde trapu garbiekin. Bosgarren pisuan bizita, erosketetara egunean hiru buelta egiten zituena. Leihoko “xapalda” lore gorriz atontzen zuena eta, laurogeitaka urterekin, tokiko egunkaria euskara batuan irakurtzen ikasi zuena.

Ez, gure amona ez zen ipuinetako amona xalo eta kontalaria, kroketak goxo prestatuz eta gazte garaiko pasadizoak kontatuz asteburua sukaldetik atera gabe egon zitekeena; ez hori bakarrik. Gehiago zen emakume konformagaitza, baina, paradoxikoki, ondo bizitzen gutxik bezala asmatu zuena. Edo, horrela mitifikatu dugu, behinik behin.

Hogeita hamahiru urterekin, azkenean, ba ote dut «jainko txikien berri?». Hala esaten zion amonak, bizitzan fundamentuz aritzeko jakin beharreko zera horri guztiari. Ez dakit jainko txiki horiek izan ote diren, edo berriki bi ama amondu izana ote den, baina egunotan heldu naiz hausnarketa honetara: amonaren mitoa deseraikitzeko garaia da, oso bestela mitifikatzen hasteko, amonen iruditegia behingoz zabaltzeko. Amonak amaginarreba mariestuaren estereotipotik askatu, eta plazeraren tasunetara lotzeko. •