Xabier Mikel Errekondo

Ni naizena naiz

Lantzean behin, nire buruak harritu egiten nau konturatu gabe atzematen dudanean bakarrizketa lasaian doala barrurantz ahots isilean irribarre gozoari segika bezala. Gustura eta harro, bizi ditugun hemengo inguruneak bizi ahal ditugulako, argazki liluragarrietatik harago oihanean lez elementu guztien artean bat gehiago sentitzen naizelako.

Aberatsa da gure lurra, zaindu eta emanez gero eskertzen dakiena fruitu anitz eta ugarirekin.

Metaforak ere egiten du pertsona, eta nola, baina oraingoan bertako lurretako fruituetatik ekoitzi edari miresgarrietan busti nahi dut. Bestela, ni ez nintzateke ni.

Mahats, sagar, lupulu, garagar, basaran… lurrari baino, gure lurrari lotutako zainek eman dezaketenek atrapatzen naute, ia-ia haietatik malkotutako likidoak adina, liluraz horditzeraino...

Ardo, txakolin, sagardo, garagardo, bermut, patxaran, cava, etab. Denetik daukagu bertako nekazari eta ardogileen eskuek ekoitziak, eta beste edonongoekiko… hemengoak.

Hain justu, oraintxe bizi dugu urrezko edariaren garai magiko eta aparta, sagarra jo eta sagardoa egiten hastekoa. Aberastasuna, osasuna, kultura eta txinparta ematen diguna.

Ni arnasten dudana naiz, jaten dudana naiz, edaten dudana naiz...

Eta ene isilean burbuila artetik burutazioa datorkit, paisaia geure erabakiekin eraikitzen dugula eta, beraz, nolakoak gu halako lurra…

Irribarrea areagotzen sentitu dut bihurri ene tripetatik Delirium Tremens entzutean eta ozen abestu dut eztarria urratzeraino «…ni naizena naiz!».

Txoooootx! •