Xabier Izaga Gonzalez
IKUSMIRA

AMURIZAK EZ DIEZAZULA IZENBURUA ZAPUZTU

Joan den asteartean, Xabier Amurizak “Etxepare, jalgi hadi batura” liburua aurkeztu zuen, Nafarroa Behereko idazlearen “Linguae vasconum primitiae” obraren bertsioa, euskara batuan emana. Oker baten ondorioz ekin zion lan horri Amurizak. Joan den ekainean Etxepareren antologia bat egokitu zuela iragarri zuen prentsaurreko batean, inprimatutako euskarazko lehen obrako poema bakoitzetik lau edo bost ahapaldi euskara batura itzulita, eta zenbait hedabidek “Linguae Vasconum Primitiae” osorik itzuliko zuela ulertu eta halaxe argitaratu zuten. «Ez ezazu inoiz utz errealitateak istorio (izenburu) on bat zapuztu diezazun». Mark Twainek esan omen zuen baina dirudienez esan ez zuen eta esan bazuen ironiaz esan zuen esaldi hau hitzez hitz hartu eta kazetaritzaren araurik gorena balitz bezala baliatzen dute hainbat kazetari eta hedabidek. Oraingo honetan, aldiz, kazetari eta hedabide horiek ez dute halakorik egin. Amurizak berak, oker hark «argi bat piztuta», hedabide horiek esandakoa alferrik ez galarazteko asmoz-edo, Etxepareren obra osoa eman du euskara batuan. Xabier Izaga Gonzalez