Iker Barandiaran

Mitifikatu egiten da ezagutu ez dena

Mitifikatu egiten da ezagutu ez dena, proiekzio edo legatu bidez jasotakotik irudikatzen dena. Benetan ezagututakoa ezin da mitifikatu, bere gauza on eta txarrekin bizi izan duzulako. Ezinezkoa da pasatutakoa –atzokoa bada ere– orain bizitzea, baina bada posible zertan zetzan ahalik eta argien erakutsi eta ikustea.

Horixe egin dute Arrasaten sortu berri den Ez Donk Amaitu-ko kideek. Errelatoa edo behintzat kontakizuna beste batzuek maneiatu aurretik norberak berea eraikitzen laguntzea. 40 urte bete dira 80ko hamarkada hasi zenetik; batzuentzat ugari, eta beste batzuentzat gutxi, baina oroimenak egiten ditu bere hautaketak, eta horregatik komeni da halakoetan gertaerak –gaziak zein gozoak– mahai gainean jartzea.

Askotan aldarrikatu da 80ko hamarkada errepikaezina izan zela, eta egia da garai bakoitzak bere ezaugarri propioak dituela, baina ezin gara iragana hobea izan zen ustearekin gelditu eta, horregatik, egiteari utzi eta etsi.

Dena dela, badugu hamarkada horretatik zer ikasi eta desikasi. Hala, punka bere zentzu zabal zein eraikitzailean bizi eta sinisten duten lagun hauek hamarkada intentso horretan Arrasaten izan ziren mugarriak azalera ekarri dituzte, norberaren lanketa hortik hasteko.

Eta Mondraueko 80ko hamarkada iruditan jasotzen duen erakusketa hori lantzerakoan, Ez Donk Amaitu-ko kideak harritu egin dira, nahiz eta lehendik bazuten argi zein ilunez betetako garai hartan zabaldu ziren bide, lorpen eta saiakeren berri.

Pentsaezina dirudi gaur egungo begiekin ikusita garaiko sindikatu guztiak batu eta Falange handik kanporatuta eraikin oso bat okupatzea. Eraikin hori izan da orain urte gutxi arte Arrasateko hainbat eta hainbat herri ekimenen topagune.

Indarra dauka, baita ere, jakiteak hamarkada berean herritar talde batek –Komite Antinuklearrak deituta– Arrasaten dagoen parke erraldoiena herriarena izan zedin birritan piknik edo flower-power jiran okupatu izana. Eta horiei esker, Udalak lurra eta jauregia jabeak ziren kondeei erosi eta ateak zabaldu zituen.

Ildo berean, Arrasateko zein beste leku askotako gazteria zenak eskertu egin beharko lieke derrigorrezko soldadutza ezabatzeko lehen pausoak eman zituztenei; horra hor, gure eskualdean aitzindari izandako eta presondegi militar batean gatibu egon zen Iñigo Irausegi, esaterako. Eta zorretan gaude, baita ere, hiesa zer zen nonahi plazaratu eta herritarrak horretaz prebenitzeko lan mardula egin zuen Jon Salaberrikin ere.

Mitifikatu gabe, ezagutu eta ikasi

Era berean, RIP taldekoak nabarmentzearen aurkakoak izan dira beti, baina paradoxikoki jarrera horrek ere eman die denborara balio handiagoa, eta ukaezina da askoren eta askoren gogoan daudela haien musika, hitzak eta atzean zeuden pertsonak. Baina inor gutxi oroitzen zen haien gerizpean ibilbide motzagoko eta oharkabeagoko Naska, Extorsion zein Pabellon Negro-ren gisako talde punk amorratuak ere izan zirela herrian. Horiek eta garaiko punk klixetik aldentzen zirenak ere: esaterako, landu zuen proposamen eta estetikagatik punkiak baino punkiago zen Matrona Impudica, The Cure taldearekin batera agertokira igo zena.

Zeresanik ez kalean euskara apenas erabiltzen zen garaietan horri buelta emateko Arrasate Euskaldun Dezagun sortu zutenei buruz; edo abortuaren eta berdintasunaren aldeko lehen aldarrikapenak egiten hasi zirenei buruz.

Mitifikatu ez, mesedez, baina badugu garai horretatik zer ikasi! •