Maitena Usabiaga
Sexologoa, psikologoa eta Zesua zentroko arduraduna

Abortua(k)

Gertukoek inspiratzen naute edo ni inspiratzen naiz beraiekin. Eta gaurko gaia hona ekartzea ez da kasualitatea. Gertu bizi dudan esperientzia bat da eta lerro batzuk eskaintzea erabaki dut. Oso gutxi izendatzen da hitza eta gaiaz oso gutxi esaten da, publikoki honi buruz entzuten dena epaiz beteriko komentarioak izaten dira. Polemikaz inguraturik dagoen gaia da: abortua.

Egoera eta arrazoi desberdinengatik gertatzen den arren, guztiek badute amankomuna den ezaugarri bat: gertatzen zaionaren errua. Izugarria da erruak gugan duen indarra eta eragina, emakumetzat jo gaituztenentzat eta garenentzat behintzat. Barruraino sartzen da eta guztia manipulatu eta kutsatzeko gai da. Lan handia egin dute batzuek hau hala izateko, gure erabakiek zilegitasunik ez dutela azpimarratzeko, pertsona gaiztoak garela errepikatzeko, zigorrarekin behin eta berriro mehatxatuz eta mehatxua beteaz. Baina batzuetan, ez da erabaki bat izaten, gertatu egiten da, gertatu egiten zaigu. Eta ez pentsa kasu honetan errua oporretara joaten denik, hor dago ate joka eta oso zaila da honi kasu ez egitea, atea jotzeko dohain izugarria baitu eta honetan profesionala baita.

Gutxi hitz egiten digute eta dugu gertaera honi buruz. Kontatu dizkiguten ipuinetako batean, umetokia dugunok oso azkar ekar dezakegu bizia mundu honetara. Nerabeak garenean, kontuz haurdun geratzearekin; prebentzioa eta beldurra. Fase hau amaitzean, “ez duzu ama izan nahi?” etapa dator; presioa eta epaia. Eta ondoren, zaharregia zara horretara jolasteko, ikusezina bihurtzen zara... Haurdun geratzea erabaki bat izango balitz bezala; nahi baduzu ahal duzu. Gezurra. Gezur honek izugarrizko mina sor dezake eta sortzen du. Nahi badut, ahal dut pentsatzean... ez badut lortzen zeinena da errua? Nirea. Ez nago ondo egina, ez dut balio, ez dut merezi, puskatua nago. Eta hona hemen erruarentzat energia goxo-goxoa.

Demagun haurdun gaudela, gertatu dela. Gure beste sinismen bat sartzen da jokoan, geratu banaiz, jaioko da. Eta hau ere, gezurra. Gezurra, ez delako beti gertatzen eta gainera, askotan gertatzen delako prozesuan etete bat, sortzen ari denaren gelditze bat, abortua. Eta ez zaie haiei gertatzen, gertatzen zaigu, askori. Baina ez da esaten, porrota izan delako. Gure ekinean porrot egin dugulako, gure errua izan delako, zerbait gaizki egingo genuelako, ez dugulako merezi... guregatik izan da. Errudun garelako. Gezurra.

Nahikoa da. Errua Elizarentzat. Nahikoa da honetaz ez hitz egiteaz; gertatzen zaigula esateak izugarrizko onura dakar, elkar uler dezakegu, mina konpartitzen dugu eta hori iraultza egitea da. Batzuetan gertatu egiten da, zaigu. Dena ondo doanean ere, gerta daiteke. Dena ez dagoelako gure esku, ezin dugu kontrolatu eta ez da gure errua. Gure aldetik ahal duguna egitea dago gure esku, baina ahaztu gabe guztia ez dagoela horren mende. Beste aldagai batzuk ere jokoan sartzen dira, ez gara gu bakarrik. Gertatzen da, gertatzen zaigu, bada, hitz egin dezagun. Guk beste kontakizun bat sortzeko gaitasuna dugulako eta honek guztiengan eragina izango duelako. •