Ander Gortazar
Arkitektoa

Antropozenoko biztanleok

Ez nuen Sestaoko musika eskola ezagutzen, Santos Zunzunegi arkitektoak 1912an diseinatutako eraikin ederra. Egiari zor, ez nuen Sestao bera ere ezagutzen, eta apur bat lotsagorritzen nau hau aitortu beharrak, zinemazalea Kubrick-en “2001: A Space Odyssey” ikusi ez duela aitortzeak lotsagorritzen duen moduan, distantziak distantzia.

Arratsaldeko seietan zen hitzordua. “Mugak” bienalaren baitan, Miriam Garcia eta Joan Roig arkitektoek “Euskarria bizi-ziklo gisa. Paisaia berreskuratzea” solasaldian hartu zuten parte, idazten duen honen gidaritzapean.

Hasierako hipotesia garbia da, antropozenoko biztanleok bi erronka garaikide zail ditugu esku artean: aldaketa klimatikoa eta biodibertsitatearen galera. Eta beraz, aurreko belaunaldiko arkitekto eta hirigileekin konparatuta, testuinguru honetan lan egin behar dugun, eta etorkizun hurbilean egingo duten (aretoan ikasle dezente baitzen) profesionalok agenda aldaketa hori kontuan hartu behar dugu. Diseinatzeko orduan bereziki, baina baita bezeroekin lehentasunak adosterakoan ere.

Miriam Garcia LandLab bulegoko sortzailea da eta, beste hainbat gauzaren artean, “Kostaren metamorfosi sintetikoa. Paisaia erresilienteak diseinatuz” tesi sarituaren egilea da. Tesian, itsasoaren mailaren hazkundearen aurreikuspenetan oinarrituta, kosta eremuetan lan egiteko hainbat gako eskaintzen ditu. Bartzelona inguratzen duen Besos ibaiaren ahoan egindako proiektu bat erakutsi zuen, arkitektura eta paisaia ulertzeko modu berriak zeintzuk diren erakutsiz. Eskoilera eta hondartza artifizialen ordez, elementu askoren segida: euri-lorategia, bioerretentzioa eta drainatzea, euste-dikea, areka berdea, zoladura drainatzailea, Cymodocea zelaia eta beste hitz berri asko.

Garrantzitsua da hitz berriena, kontzeptu berriena. Batlle i Roig bulegoko Roig-ek, izenez Joan, Ingeniari Agronomoen fakultatean klaseak eman zituen garaia aipatu zuen. Klaseak emanagatik, eta arkitekto izaki, asko ikasi zuela agronomoen artean; eta horrela errazago ulertzen da aurkeztu zizkigun proiektuen dotorezia. Haien proiektuak ikusita, errazago ulertzen dira EAEko planeamenduan aipatzen diren hainbat kontzeptuk izan dezaketen forma finala: korridore eta azpiegitura berdeak, ekobulebarrak, ekosistemen zerbitzuak eta abar.

Bereziki interesgarria da diskurtso hau Sestao bezalako plaza batean entzutea, bere kontraesanak azkar geratzen dira-eta agerian. Nola uztartu eskualde oso baten eraldaketa ekonomiko postindustriala, hura egituratzen duten azpiegitura fisikoen garrantzia eta euskarri naturalaren berreskuratzea? Ezkerraldeko ibaiadarrak ikustea besterik ez dago, autobideek inguratuak, are itoak, erronka honen konplexutasuna ulertzeko. •