Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Filosofiaren alde, kulturaren zientziaren alde

Espainiar hezkuntza lege berriak Filosofia ikasgaiak bigarren hezkuntzan dituen orduak eta garrantzia gutxiesten ditu, enegarrenez. Ondorioz, Estatuan kanpaina bat antolatu da, #endefensadelafilosofía eta #ESOesfilosofía ardatzen inguruan. Gurean ere izan du oihartzunik. Gainera, ostegunean, azaroaren 18an, Filosofiaren Nazioarteko Eguna izan zen, eta ospakizunak aldarrikapenekin nahastu ziren. Protestek kutsu korporatiboa dute, halabeharrez, baina gizarte zibilaren babesa lortu dute, filosofiaren alde egotea logikoa baita.

Argudiaketaren aldetik, ildo desberdinak irakurri ditut. Alde batetik, kanpainan parte hartzen dutenek nerabe eta gazteei eskatzen zaizkien gaitasunen parte handi batek filosofiarekin zerikusi zuzena duela esaten dute. Balioez ari dira, nagusiki, baina baita arazoei aurre egiteko gaitasunez ere. Irtenbide egokiak topatzeko, lehenik eta behin arazoak zuzen azaldu behar dira.

Zentzu honetan, filosofiarik gabe belaunaldi hauek aurrean dituzten erronkei erantzutea ezinezkoa izango dela defendatzen dute. Aldaketa klimatikoa, identitateak, aniztasuna, desberdinkeria, adimen artifiziala, demokrazia, autoritarismoaren eta askatasunaren arteko talka… Auzi hauetako askotan azken berriak eztabaida klasikoekin batzen dira.

Tamalez, ikerketa horiek unibertsitatetik kanpo gutxi zabaltzen direla esango nuke. Pandemian ikusi da: orokorrean, herritarrok hartu behar izan diren erabaki politikoek atzean dituzten eztabaida bioetikoei buruz baino askoz gehiago ikasi dugu birologia bezalako zientzia gogorrei buruz. Zientzialariek esfortzu itzela egin dute dibulgazioan. Baita beste zenbait aditu eta arduradunek ere (medikuak adibidez).

Aldiz, filosofoek ez dituzte beren ekarpenak gehiegi zabaldu. Pentsa, azken hilabete hauetan euskal jendartean eztabaidagai izan dira, besteak beste, triajea ZIUetan, txertoen derrigorrezkotasuna, mugimendu askatasunen murrizketa, haurren eskubideak, botere judizialaren, exekutiboaren eta legegilearen arteko talka, datu pribatuen bilketa masiboa, arriskuaren gizartea, desazkundearen bideragarritasuna… Garai hauetan, ondo pentsatzea, zorrotz eta argi, oso garrantzitsua da. Eta eztabaida hauetan guztietan, apenas egon da pentsamenduan adituak direnen ekarpenik. Norberak bere programarekin eta bere agendarekin jarraitu duela dirudi. Agian, guk ere ez dugu horiei ahotsa ematen jakin.

Jakina, kritika hauetaz harago, diziplina gisa filosofia babestu behar dela uste dut. Jarduera gisa, espazio gisa, prozesu gisa… kulturaren zientzia gisa, filosofia herrien eta humanitatearen garapenean lanabes baliotsua da.

Kazetaritzak ezartzen duen egunerokotasunaren esklabotzatik ihes egiteko, tarteka nire filosofo kuttunak irakurtzen ditut. Ergela ez izaten laguntzen duten pentsalariak dira: Bertrand Russell, Joxe Azurmendi, Angela Davis, Isaiah Berlin, bell hooks…. Adibidez, gogorarazten didate solemnitatea eta fribolitatea pentsamendu hari beraren bi muturrak direla. Russellek salatzen zuenez, handitasuna sarri hipokrisiaren ezkutalekua besterik ez da. Horiek guztiak zorroztasunarekin eta argitasunarekin konbatitu behar diren okerrak dira, umore puntu batekin ahal bada. Ez da erraza. Ondo pentsatzea ez baita erraza, ez baita espontaneoa, ezta bakarkako lana ere. Komunitatean ematen da eta lana eskatzen du. •