FRANKISMOAREN PEAN ASKATASUNARI ABESTU ZIOTEN KANTARIEN BALENTRIAK

Frankismoan kantu bidez borrokatzeko sortu zen Euskal Kantagintza Berria taldeko Ipar Euskal Herriko abeslariei buruzko liburua idatzi du Colette Larraburuk: «Francoren mende kantatzen genuenean». Garaiko kantarien hitzak bildu ditu idazleak, eta elkarrekin mintzaldi-kontzertuak eskainiko dituzte abendutik goiti.

Abeslari hauek inoiz ez dute euren burua heroitzat hartu, baina nik erraten dut Joan Baez abeslariaren ia anai-arrebak direla, zeinek erraten zuen kantua gure armategi ez-bortitzeko armarik boteretsuena dela. Beraien borrokatzeko era zen, eta gaur egun ere jarraitzen dute borrokatzen», azpimarratu du Colette Larraburu idazleak bere liburuko protagonistei buruz. Heroiak ez direla baieztatu du, momentu batzuetan egindakoak balentria handiak izan baziren ere, Francoren diktadurapean Bidasoa zeharkatzen baitzuten euskaraz Euskal Herriaren askatasunari buruz, torturez... kantatzeko, lagun zituzten Hego Euskal Herriko abertzaleen begiradapean. Liburua frantsesez Sarako Idazleen Biltzarrean aurkeztu zuten urrian, eta euskaraz Durangoko Azokan aurkeztuko da abenduaren 5ean, mintzaldi-kontzertu batekin.

Anekdota zein baino zein ederrago, tristeago edo bitxiagoak atzeman daitezke liburuan; horietariko batzuk, inoiz entzun gabekoak. Euskal Kantagintza Berriko abeslariak elkarrizketatu ondoren, horrela azaltzen du idazleak garai horretako egoera eta izpiritua: «Ezberdintasun handia zegoen bi aldeetako ikuslegoaren artean, Hego Euskal Herrian diktaduran zeuden, eta toki bakarra zen non horrelako kantuak euskaraz entzuten ahal zituzten, abestu eta beraien haserrea erakutsi. Anitzetan oso gaizki bukatzen zen, ‘grisak’ metrailetekin ailegatzen ziren, kantariek metrailetak bizkarrean zituztela abesten zuten, eta bukaeran handik atera behar izaten zituzten ezkutaturik. Badakit Etxamendik eta Larraldek behin baino gehiagotan Hego Euskal Herriaren beste puntan atzeman zutela beraien burua, atxilotuak izan ez zitezen, eta Peio eta Pantxoa zuzenean atxilotuak izan ziren. Benetan baldintza oso zailak ziren, baina egiten jarraitu zuten, euskara atxikitzeko, eta euskal gizartea kontzientziatzeko».

Istorio horien guztien berri izateko, testigantza ugari bildu ditu Larraburuk, gehienak liburua idazteko garaiko protagonistekin mintzatuz hartuak, baina lehenago egin zituen elkarrizketa batzuk ere erabili ditu, bereziki orain gure artean ez diren artistenak. Peio Ospital, Pantxoa Carrere, Joanes Borda, Beñat Sarasola, Panpi Lacarrieu, Pier Pol Berzaitz, Eneko Labeguerie eta Eñaut Etxamendi izan ditu mintzakide, baina zendu aitzin Manex Pagolari egin zion elkarrizketa hartu du abiapuntutzat. Helene eta Xabi, Eñaut Larralderen seme-alabak izan ditu testigu, eta Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Maite Idirin, Imanol, Roger Idiart edo Robles-Aranguiz familia ere lehenagoko adierazpenen bitartez presente dira obran. Testigantza grafikotzat har daiteke liburuan agertzen den argazki bilduma ederra. Irudi gehienak Daniel Velez argazkilari ezagunarenak dira.

Testuinguru historikoa

Kantu batzuetako hitzak oso gogorrak direla baieztatzearekin batera, testuinguru historikoan kokatu behar direla azpimarratu du kazetariak, eta horren erakusle liburuan agertzen diren zenbait pasarte aipatu ditu: «‘Itziarren semea’ esaterako; baina garaiko frankismoaren testuingurutik, prismatik, irakurri behar da, oso gogorra zen. Telesforo Monzonek idatzi zuen Andoni Arrizabalagaren historian oinarrituta, eta kontzertu batean Arrizabalaga bera eszenatokira igo zen beraiekin kantatzera, emozio izugarria izan zen».

Peio eta Pantxoak bizi izan zuten beste pasadizo bat ere nabarmendu nahi izan du, Donostian eman zuten kontzertu batean gertatutakoa. Juan Paredes Txiki zenaren anaia beraiek ikustera joan zela kontatu zioten Larrabururi: «Bere anaiaren exekuzioaren bezperan berarekin egoteko eskubidea izan zuela esan zien, eta hark esan ziola beraiek ikustera joan behar zuela, eta esan behar ziela bere kantari gustukoenak zirela, eta abesten jarraitu behar zutela, euskararen eta euskal herritarren alde. Gaur egun oraindik, horri buruz mintzo direlarik, negar egiten dute, elkarrizketatu nituelarik negar egiten zuten, oso gogorra izan zelako, ez dute sekula ahantziko».

Kontzertuen kokapena ez zen gaur egungoa bezalakoa: «Ikusi behar da non izaten ziren kantaldiak, balkoi batean, edo plaza txiki batean… baina parean beti ehundaka pertsona zeuden beraien kantuak abesten: ‘Itziarren semea’, ‘Elosegiri’… herria aitzinean zuten kartsutasun handiarekin». Borda, Sarasola eta Lacarrieuk osatzen duten Guk taldeko kideek kontatu zioten hiru kontzertu egiten zituztela gau berean: «Bat eszenatoki gainean (inprobisatu txiki batean), bigarrena gauerdi eta gero ostatuan, eta hirugarrena karrikan, zoramena zen».

Kontzertu bat emateko baimena izatea konplikatua izaten zen. Peio eta Pantxoari baimen hori lortzeko desmartxa administratiboak Xabier Letek egiten zizkien: «Berak debekatua zuen kantatzea, baina ministeriora joaten zen paperak eramatera. Batzuetan probintzia batzuetan debekatua zuten kantatzea, eta beste batzuetan ez. Guk taldekoak, ez dira ongi oroitzen, baina Bordak bere etxean errefuxiatuei lan ematen zienez hango norbaiten bitartez izaten zela pentsa daiteke».

Baimena lortzeko, beste gauzen artean, kantuen zerrenda eman behar zen: «Peio eta Pantxoak esan didate hamar kantuetarik bederatzi zentsuratuak izaten zirela, beraz momentu batetik aurrera abesbatzen kantuen hitzak edo kantu zozoenak ematen hasi zirela, horrela baimena eskuratzen zuten, eta gero tokian berean bestela egiten zuten».

Aldarrikapen politikoez gain, beste gai batzuez ere ikuspegi engaiatua ematen zuten, esaterako, Manex Pagolak idatzi zuen “Urtxintxa”, Ipar Euskal Herriko lehen ikastoletako baten sorreraren karietara egin zuena: «Haurrek errexki kantatu ahal izateko sortu zuen, eta gaur egun ere ikastoletan kantatzen da». Kantu horri loturik, belaunaldiz belaunaldi abesti horiek duten ibilbidea aipatzean, duela gutxi gertatu anekdota bat kontatu zuen irribarretsu Ospitalek Sarako aurkezpenean. Eskola batean kantuz ari zirelarik, haur guztiak eserita begira zituztela ume bat denen artean altxatu eta amari garrasika hasi zitzaion erranez gizon horiek ere kantu hori ezagutzen zutela.

«Gero ez da uste behar beraien kantu guztiak engaiatuak zirenik, Manex Pagolak idatzi zituen kantu gehienak, baina jendeak gehienak Telesforo Monzonenak direla uste du, berak idatzitako zazpiek arrakasta handia izan zutelako», gaineratu du idazleak.

Jendarte ezberdinak

Ipar eta Hego Euskal Herriko egoerak oso ezberdinak ziren, eta elkar ezagutza oso txikia zen. Pier Pol Berzaitzek Larrabururi kontatu zion ez zekiela Pirinioen bestaldean ere euskara mintzo zenik. «Joanes Borda Itsasukoa da, Nafarroa Garaiarekin muga egiten duen herria; bestaldekoak espainolak zirela esan zioten beti, eta egun batean bertara joan zen, eta han beraien hizkuntza bera mintzatzen zutela deskubritu zuen, batzuk guztiz harrituak izan ziren hori deskubritu zutenean».

Euskarari eta abertzaletasunari loturiko kontzientziazioa beranduago hasi zen Ipar Euskal Herrian: «Hemen kantaldiek jendea erakartzeko denbora anitz behar izan zuten, gizartea oso klerikala zen, euskal independentistak ‘abertzale zikinak’ ziren, irratian debekatuak ziren, pixka bat denean zentsuratuak… Kantaldiak hedatzen joan ziren herrietako festa komiteek gonbidatzen hasi zirelarik. Baina ikuslegoa oso ezberdina zen, askoz pasiboagoa eta ez hain kartsua».

Gizarte klerikal horretatik atera ziren, hala ere, talde horretako ia kantari guztiak: «Denak seminariotik pasatakoak ziren, Pier Pol Berzaitz eta beste baten bat kenduta». Garai horretakoak dira liburuan lehen aldiz deskubritzen diren pasadizoetako asko: «Han egin zuten topo, eta hor hasi ziren. Garaiko mundu euskaltzalea hor zegoen, seminarioetan. Eliza oso gogorra izan zen beraiekin baina horri esker bilakatu dira direnak. Lehen euskarari eta euskalduntasunari buruzko errealitate horiek guztiak ez zituzten ezagutzen, eta han ikasi zituzten zenbait apezen bitartez».

Piarres Lafitte, Roger Idiart, Piarres Xarriton… apaizak izan ziren kontzientzia iratzartze horren sustatzaileak: «Batzuek beste aldera eramaten zituzten. Adibidez, Arrasateko kooperatibak bisitatzera eraman zituzten, herri bakar bat ziren kontzientzia izan zuten ordutik goiti. Horregatik erabaki zuten kantatzea, ez bakarrik euskararendako, baizik eta herri bakar bat garen kontzientzia zabaltzeko, herriari bere hizkuntza eta bere duintasuna bueltatzeko».

Garai horretan hasi zen Michel Labeguerie kantatzen gitarra soilik lagun zuela, Euskal Kantagintza Berriaren aitatzat hartua den abeslari lapurtarra entzun zutelarik, euskarazko musika bestela egiteko era bazegoela ikusirik, beraiek ere bide hori hartu nahi izan zutela dio idazleak, baina nabarmentzen du, halaber, hori ez zela arrazoi bakarra izan: «Eta erran behar da denak artistak direla, hori ez da erreza! Horrek ekarri zuen eztanda hori».

Pirinioen iparraldean problematika ez zen guztiz bera, eta Guk taldeak sentsibilitate berezia agertu zuen bertako gaiekiko. Horretaz gain, “kantzerkiak” egiten zituzten, eta horrek ekarri zuen bertan arrakasta gehien izan zuten kantariak izatea. «Ikuslegoarekin osmosian egon nahi zuten agerraldietan, jendeari parte harrarazi, kontzientziatu nahi zuten. Anitz markatu zituen Ipar Euskal Herrian zegon exodoak, eta jendea kontzientziatu zuten, hemen gelditu behar zela eta ez zela lurra saldu behar: gaur egun oraindik hemengo borrokak, maleruski».

Borda, Lacarrieu eta Sarasolak osatzen duten taldeak Berzaitz eta Labeguerie lagun izan ditu aldizka. «Guk, beraien pentsatzeko eran, elkarrizketatu ditudan estilo guztietako musikarien artean, argi eta garbi punkenak dira. Nahi dutena, nahi dutenean egiten dute, ezetz erraten badiete eginen dute. Ezin da euskaraz abestu, ba egingo dute; ezin bada argitaratu egingo dute… belaunaldi horretako guztiak horrelakoak ziren, baina beraiek bereziki», erran du idazleak.

Historia ezagutarazi

«Liburu hau egin dut guzti horren transmisioa egon dadin. Aztarna bat gelditu behar da gazteak, eta gu ere, kontura gaitezen nondik datorren euskara atxikitzeko, euskal herriari bere duintasuna itzultzeko borroka hori. Istorio horiek pixka bat ezagutzen ditugu, pasarte batzuk baziren alde batean eta bestean, baina inoiz ez ziren denak denboran eta garaian kokatuak idatziak izan», adierazi du Larraburuk eta testuingurua ulertaraztearen garrantzia nabarmendu du: «Garai horretan faxismoa zegoela izan behar da gogoan: exekuzioak, euskara debekatua, eskubide guztiak laidoztatuak...».

Protagonistek ere kontakizunaren garrantziaren kontzientzia badutela baieztatu du: «Beraiek ere nire sentimendu bera dute, eta transmisioa garrantzitsua dela iruditzen zaie, gertatu zena ahantzi ez dezagun».

Egungo jendartearekin aldiz, mesfidati agertu da: «Garai horretan euskal herritarrek entzuten zuten; aldiz, gaur egun, ez da hain argi, eta domaia da, zeren eta ahanzten da zenbat borrokatu garen euskararen alde, eta jende horiek zenbat borrokatu diren hizkuntza bizia izan dadin. Oroitu behar da zein zaila izan zen ikastolak egitea, gainera, garai horretan ikastola bat egiten zen aldiro, kantatzera etortzeko eskatzen zieten, beti urririk noski».

Liburua eta Euskal Herrian kantuz

«Guk nahi dugu liburua herriarengandik hurbil egotea, kantuak eta abeslariak bezala», eta horretarako jada zenbait mintzaldi-kontzertu antolatu dituzte liburuaren aurkezpen gisara. Baionako Euskal Museoan abenduaren 1ean, Ligi-Athereiko Uhaitza landa etxean 3an, Durangoko Azokaren karietara 5ean, Baigorriko Bixentaenean 11n eta Arbonako Arantzolan 17an dira lehenak, urtarrilerako jada batzuk finkatuak dituzte, eta beste eskaera batzuei erantzuten ari dira.

Sarako Biltzarrean egin zuten aurkezpenean ikusleen emozioa nabarmena izan zen. Larraburuk liburuan agertzen diren pasarte batzuen eta garai horretako giroaren gainean emandako azalpenekin tartekatuz, kontakizun bakoitzari egokitzen zaion abestia interpretatu zuten kantariek. Hemendik goiti ere horrela izanen da, eta aldiro bost edo sei abeslari joanen dira. Baionako eta Baigorriko emanaldietan gehienak izanen dira, beraiekin Pantxika Erramuzpe izanen da, taula gainera hurbildu daitekeen emakume bakarra, eta Gexan Alfaro ere bilduko zaie. Sarasolak proposatuta, ezaguna ez den inguruko bertsolari gazteren batek parte hartzea nahiko lukete.

«Euskal Herrian barna ibiliko gara, eskatzen diguten toki guztietara joanen gara», baieztatu du idazleak. Anitzetan abesbatzen edo kantu taldeen gonbidapenen bitartez izanen da, «horrela kantu horiek ezagutu eta abestu ahal izanen dituzte, aldi berean jakin dezaten nola idatziak izan ziren, eta zergatik izan ziren eginak». Hurbiltasuna ere oso garrantzitsua izanen da: «Ikusleekin batera kantatuko dute, ikusleek eskatuko dietena. Izpiritua argia da: ikusleekin partekatzea».

Peio Etxeberri Aintziart Elkarreko editorearen gonbitari erantzunez idatzi zuen liburua Larraburuk, eta duela 20 urte euskal rockari buruzko obra egiteko Pagolari egin zion elkarrizketa hartu zuen abiapuntu, eta gero artistekin elkartu zen: «Urtebete inguru behar izan dut elkarrizketak egiteko (covidarengatik), eta hainbeste hartu dute parte iruditzen baitzait liburua beraiekin egin dudala». Informazio guztia bilduta sei hilabetean idatzi zuen liburua.

Bide horretan izan duen laguntza nabarmendu nahi izan du, bai Jean-Louis Davantena, testuinguruan kokatzen, bai Ellande Duny-Petrerena, bere artxiboekin: «Beraien fan izugarria da, gauza anitz ditu, afixak eta dena».

Sarako aurkezpena, Eñaut Larralderen seme-alabak diren Helenek eta Xabik errandako itxaropen eta engaiamendu hitzekin bukatu zuen Larraburuk: «Euskara baino urrunago, belaunaldi horrek ‘euskalduntasuna’ argitzen du. Abeslariek kantatzen dute, eta oihartzuna dute euskal herritarren bihotzetan. Herri euskaldunak ulertzen du, geroari buruz, bere indarrean baizik ezin duela kontatu». Esaldi horien funtsa liburuaren hastapenean idazleak ezarri duen hiru hitzetan laburbiltzen da: «Ezina, ekinez egina».