Itzea Urkizu Arsuaga

Oheko eszenak

Zenitala da planoa, eta neure burua ikusten dut pantailaren erdian: ilea harrotuta, edredoia nahi baino beherago, bi bularretako bat bistan. Planoa pixka bat irekitakoan, bikotea ageri da aldamenean, hura ere etzanda, kamisetarik gabe; indartsu ekin dio, antza, tapakiari, ia-ia iristen baitzaio, itxi berri zaizkion begietaraino. Kameraren azken mugimenduaz ikusi dut, bero-bero estali eta gero, guztia ostikoka erretiratzen duena ere, bestaldean: seme txikia, titi usainak lurrinduta, lo. Objektiboari zuzen begiratu, eta ikusleei hizketan hasiko nintzaieke, gustura, “Fleabag” telesailaren estilora: «Oheko eszenak, gurean, azken hamazazpi hilabeteotan». Eta, ttak, orduantxe sartuko litzateke Charlie Dee-ren “Baby you” doinua, nire pentsamenduetara bidaiatzeko.

Bat-batean, bezperako goizeko seiak dira pantailan: ohe berbera, iratzargailu soinua, eta lorik sakonenean sartu berritan, esnatu beharrak pizten duen buruko min bizia. Lortu dut ohetik jaikitzea, haurra mugitu ere egin gabe; samuraien pareko teknika findua baino finduagoa daukat. Ez dakit gau osoan zenbat aldiz esnatu naizen, ezta zenbat lo egin dudan ere; ez dakit jakin nahiko nukeen. Izan nadin mekaniko: berogailu txikia piztu, biluztu eta dutxara. 40 gradutik gorako zorrotadaren azpian, neure burua besarkatzen dut fisikoki, akaso orekatzearren, askoz ere gehiago kostatzen zaidalako mentalki antzeko zerbait egitea. «Begi zulo kronikoak eta titiak mahaspasak bezala, hutsik; ez dago erraza», esaldia kamerara.

Kantuaren bolumena gora doa, ikuspegi zenitala berreskuratzeko. Ni, oraindik erdian, eta semea oheak eskain diezazkiokeen orientazio guztiekin proba egin nahian: burua ezkerraldean; gero, burua oinek behar luketen tokian; gero, burua nire sudur gainean, kolpe eta guzti. Joder!, orduak eta egoerak baimendutakoa baino ozenago esanda ere, ez da bietako inor esnatu. Eskerrak, kameraren konpainiari: «Nire lo arinak, ala bikotearen lozorroak, zerk amorratzen nau gehiago?». Frustraziotan blai, banoa ohe ertzera, haurra jarriz erdian, titia har dezan. Abisua ikusleei: «Surtidore bat dirudit, badakit. Ezerk ekartzekotan, horrek ekarriko dit, honaino, galduta dabilkidan loa».

Aizue, zenbat janzten duen musikak, kontakizun txoroena ere; berriz dator melodia. Orain igandea da, eta iritsi da, hilabeteak atzera kostata zehaztu genuen bazkariaren eguna. Isiluneari betarik utzi gabe ari gara, txor-txor, eta, konturatu naizenerako, minutu dezente daramatzagu amatasunaren bueltan. Ea zer moduz joan ote ziren urliaren eta berendiaren erditzeak; sandiak bost urtera arte bularra eman diola haurrari. Bat-batean, epaitu nahi ez dugunean eta epaia barruan daramagunean jartzen dugun aurpegi horietako zenbait lehen planoan. Lehen isilunea mahaian. Hitza hartu dut aukera hori ere defendatzeko, neronek ere banituelako zenbait aurreiritzi, ama izan aurretik. Lo anekdotiko batekin hilabetetan biziraun aurretik, eta loa kentzen didan izakitxoaz maitemindu aurretik. Baina ez dut berealdiko babesik sumatu, egia esan. Zer demontre, nirea da telesaila, zuzenean kamerari: «Biberoiek ez gaituzte askatuko, titiek ere ez; enpatiak, akaso, bai?». Gora bolumena. •