Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Sagueseko adierazpena haize eta olatu artean

Presaka idatzi behar izaten da batzuetan, orrialdeek zierrerako ordu bat dutela, gai potoloetan sartzeko gogorik eta denborarik gabe. Baina potoloak diren eztabaida eta kontuekin aritu bazara minkideekin, burutik ezin badituzu kendu, ba haria bertan bilatu eta haritik tiraka eta tiraka idazten duzu. Atzokoa egun ederra izan genuen Donostiako Sagueseko txoko horretan, itsaso harro-harroa, horizonte sakona eta zeru ilun baina batere tristearen konpainian. Gazte garaiko, betiko lau minkidek egin genuen hitzordua, eta bizitzaz baino, atzokoan, zuzen-zuzenean ekin genion politikaren sesioari. Gustura, konfiantzan, aurreratu dugunaz eta aurreratu beharko genukeenaz, atzeratu dugunaz eta atzean utzi ditugun atzera-bueltarik gabeko galbideez. Ezker abertzalearen eztabaidaz eta eztabaidatzeke dauzkagunez.

Ez nuen datua gogoratzen. Atzamarrekin kontatuz atera genituen kontuak: kongresuak, birfundazioak, "Abian", "Zutik Euskal Herria"… hamar urtean, zortzi eztabaida! Esanguratsua iruditu zitzaidan. Eta itsasoak hondarreratzen dituen olatuak berdinak ez izan arren, kresala bera, errima bat badela aipatu genuen. Baita egoen eta erresuminen apar moduko bat ere, tximinoa jantzita guapo-guapo izan nahi duten orangutanak ere badaudelako.

Ederki ibili ginen, bai. Eta gauza asko ikasi nituen. «Pomaditisa» gaitza adibidez, «pomadan sartuta» ez egoteak batzuei eragiten dien ezinegon existentzial horrena, eta barre egin genuen. Eta hitz egin genuen 28ko adierazpenaz, Aietetik etorritako haizeteaz. Batek alde, beste batek ez hainbeste, nor bere arrazoien defentsan sutsu, baina denok lagun, etxearen defentsan leial. Batek aldebiko eskeman ulertu duela, bestek gure herria ikusten duela hartzaile nagusia, eta gure konbentzimendu, analisi eta erabakiak dituela indar, pasio betean bota puntua. Presoen egoeraz eta gaia lehentasunetan lehen egiteko premiaz aritu ginen, estrategia bat bere potentzialtasun guztian hedatzeko garaian motxila batzuek daukaten zamaz.

Euskal Herriak benetan behar dituen eztabaidak ez direla antikapitalismoa, adultokrazia eta halako distrakzioenak. Serio eta maila emanez jardun behar dela, esentziak transzendituz, txikimunduetan gozo, zuloan sartuta egotea gure egoera naturala ez dela barneratuta. Plaza publikoaren erdian dagoela gure lurraldea eta anbizioa. Belaunaldi berriei konfiantza eman eta arriskatzera animatuz, agian Arkaitz Rodriguez eta Eneko Anduezarenak, agian bai, agian lortuko duelako.

Eta agian aliantza politika berriak ernalduko dira; eta herri bezala maila igoko da; eta UPNren lekuan ikusiko du EAJk bere burua. Eta euskalgintzarekin euskarak dauzkan arazoez mintzatu ahal gaitezke, natural, zorrotz, euskal identitatearen erronkez. Edo irakaskuntzan programatu behar den eraldaketaz, edo gure industriaren kinka larriez. Askoren artean, desberdin askoren artean, sintonia berriak landuz eta zabalduz.

Horrela joan ginen laurok Urumean gora Norteko geltokiraino, gozo-gozo politikaz hitz egiten. Eta nor bere bidean jarri baino lehen, hurrengo hitzorduaren arduraduna erabakita, ados agurtu ginen. Handiak egin eta handiak egiteko gaudela, badaudela zuztarrak olatu eta haizeteei eusteko. Ipar Euskal Herriko dinamikekin liluratuta, Nafarroan zabaldu diren leihoetatik begiratuz, herriarekin beti eta bat, konforme agurtu ginen. Batzuk herri batzarrera, bestek ume zaintzara, denak hortxe, lagun eta prest. Aberriarekiko pronto. •