Juantxo EGAÑA

ZUBIAURRETARRAK, KAMERA AURREAN ETA ATZEAN

Zubiaurre anaiak, Ramon eta Valentin, Bizkaiko Garai herrikoak, artista margolariak eta argazkilari amateurrak izan ziren. 1899 eta 1901 artean lau album sortu zituzten Euskal Herriko argazkiekin. Album horiek ez ziren familiakoak bakarrik; erretratuak erakusteaz gain, istorioak kontatzen zituzten eta beren bidaiak eta oporretako egonaldiak dokumentatzen zituzten, batez ere Bizkai eta Gipuzkoakoak. Argazki kamerak bi anaiek erabiltzen zituzten bereizi gabe. 1928 inguruan, zubiaurretarrek hainbat film egin zituzten modu amateurrean, beren argazki albumak egiteko erregistro bera erabiliz: istorioak kontatu eta bidaiak dokumentatzea. Artikulua ilustratzen duen argazkia 1901ean Mutrikuko Saturraran hondartzan egina da. Egilea Valentin izan zen; haren anaia Ramon lurrean ageri da, kamerari begira, eta haren arreba Pilar bi lagunen ondoan dago, tripode batean eutsitako beste argazki kamera batekin kliska egiten.