Txelo Ruiz eta Montse Maritxalar
Donostiako Informatika Fakultateko irakasle eta ikerlariak, UPV/EHU

Adimen artifiziala sentimenduetan

GAUR8
GAUR8

Datifikazioaren bitartez fenomeno bat ikuspuntu kuantitatibo batetik adierazten da haren analisia egiteko asmoz. Gaur egun, gizartearen datifikazioa geldiezinezko fenomenoa dugu; gure eguneroko erosketen jarraipena edo bisitatutako tokien historikoa gordetzeko geoposizionamenduaren erabilera horren adibide dira.

Datuen tratamendu masiboaz baliatzen dira adimen artifizialean gero eta garatuagoak diren teknikak. Hasiera batean, adimen artifizialak erregela deterministikoetan oinarritutako teknikak erabiltzen zituen; ondoren, ikasketa automatikoaren bitartez, datu multzo handiak masiboki entrenatzeko algoritmoak garatu ziren, algoritmo horien bitartez patroiak identifikatuz. Eta, azkenaldian, ikaskuntza sakonaren bidezko teknikak izan dira adimen artifizialaren izarrak: neurona-sare sakonak. Neurona-sareek adibideen bidez ikasten dute, ataza edo zeregin konkretu baterako bereziki programatuak izan gabe, eta nerbio-sistema biologikoetan gertatzen diren komunikazio-ereduetan oinarrituta daude informazioaren prozesamendua egiteko. Horren adibide dira itzultzaile automatiko neuronalak: itzulpenak automatikoki egiteko, hainbat hizkuntzatan dauden testuen corpusetan oinarritzen dira.

Administrazioan edo hezkuntza arloan gabiltzanontzat aurrerapen handia izan dira horrelako itzultzaile automatikoak testu elebidunak idazteko unean, oso lagungarriak baitira. Hala ere, egunerokotasunean testu elebidunak sortzeko momentua heltzen denean erabiltzen dugun lehen hizkuntza zein da? Tamalez, kasu askotan euskal hiztunak dira testuak gazteleraz sortu ondoren itzultzaile automatikoa erabiltzen dutenak euskarazko bertsioa idazteko. Portaera hori areagotuko balitz, itzultzaile automatikoek sortutako gero eta testu gehiago nahastuko lirateke corpusetan hiztunek jatorriz idatzitakoekin batera, eta makinek orain arte ikasteko erabili ohi dituzten euskal corpusak gizakiok idatzitakoak izan badira ere, etorkizuneko itzultzaile automatikoek gizakiok zein makinek sortutako testu nahastuez sortutako corpusak erabiliko lituzkete ikasteko. Hortaz, zenbateraino modelatuko dute gizakion hizkuntza etorkizuneko itzultzaile automatikoek? Sentitzen dugun hizkuntzak munduaren eraldaketa digitalean duen eragina eta eraldaketa digitalak hizkuntzan duen eragina: eragin sentimentala?

Datu masiboen tratamendua ez da soilik mugatzen izatez datu hutsek definitzen dituzten egoeretara, giza esperientziak ere datifikatzen baitira. Horretaz arduratzen da, hain zuzen, adimen artifizialean gero eta garatuagoa den sentimenduen analisia. Euskal Wikipediaren arabera, sentimenduen analisia, iritzien meatzaritza, edo emozioen adimen artifiziala egoera afektiboak eta informazio subjektiboa aztertzeko zenbait tresna erabiliz egindako analisia da. Horretarako, besteak beste, hizkuntzaren prozesamendu automatikoa erabiltzen da. Hainbat enpresak horrelako teknikak erabiltzen dituzte bezeroen iritziak positibo, negatibo edo neutralak diren automatikoki sailkatzeko.

Hizkuntzaren prozesamendua erabiltzeaz gain, biometria ere erabiltzen da adimen artifizialaren tekniketan. Izaki bizidunen edo prozesu biologikoen neurri estandarizatuak hartzeari biometria deritzo, eta informazioaren teknologian biometria informatikoa aurkitzen dugu, non matematika eta estatistika teknikak erabiltzen baitira banakoen ezaugarri eta portaerak aztertuta indibiduo horien autentifikazioa egin ahal izateko. Gizakion kasuan, badira norbanakoa irudien bitartez identifikatzeko teknikak oso garatuak, baita gizakiaren kasuan gogo-aldarteak detektatzeko ere, gorputz-adierazpenak oinarri; baina gogo-aldarteek adieraz ditzaketen sentimenduak benetan identifikatzerik al dago adimen artifizialaren bitartez?

Errealitate fisiko eta dimentsio subjektiboen abstrakzioa geldiezinezko olatua da bizi dugun tsunami digital honetan: adimen artifizialak sentimenduetan eragin, sentimenduen analisia egin adimen artifiziala erabiliz edo gogo-aldarteek gordetzen dituzten benetako sentimenduak… Nork daki artikulu honen irakurle horri izenburua irakurri orduko zer etorri zaizun burura, baina artikulua irakurri ondoren bestelakoak etorri bazaizkizu gogora, ongi etorriak. •