Itziar Elizondo
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Errituak

Gabonak ate joka ditugu oraintxe bertan, eta urtero bezala hasiko dira familiak zoratzen. Barkatu, hobeto esanda, familietako batzuk, ia gehienetan emakumeak. Familia idatzi dut, are familia de facto egituratik aldenduta gaudenok (seme-alabarik gabekook, kasu), festa egoera horrek behartzen gaituelako mozkorraldi horretan murgiltzera, kasik ihesbiderik gabe.

Eta sistemak, balizko jaiak eta familia sentimenduak aprobetxatuz, kontsumoa baliatzen du erritualaren sendotasuna neurtzeko. Opari oparo, kontrolik gabeko zurrut eta jakiak, neurrigabekerian denok kontent. Horrela sistema bera errotzen da, baina tira, ez da unerik egokiena serio jartzeko. Gero gerokoak poltsikoan eta kontraesanetan.

Begi kolpe batean zifrek diote gizartea laikotu dela, baina Gabonetako koktel kristau-kontsumista hori, guztion konplizitatearekin, garaiezina da, antza. Horretan asko laguntzen du ere kaleetan prestatzen den giroak. Milaka argitxok begirada eta nahia mozkortzen digute, erosteko grina menderatu ez dezagun. Esanak esan, gehienek ez dute koktelaren kristau osagairik dastatzen, kontsumoaren geruza erabat gailendu baita Gabonetako denboraldian.

Eliza katolikoak, aldiz, bere monopolioa mantentzen du bizitzaren agurrean. Zenbatetan joan gara lagun edo ezagun bati azken agurra ematera elizkizun formatuan, hura fededuna ez zela jakinda edo, izatekotan, kritikoa zela Elizarekiko. Estatuan hileten %82 konfesionalak dira oraindik, nahiz eta bizitzaren beste zeremonietan garrantzia galdu duen, ezkontzetan bereziki. Baliteke gure txikitasunetik heriotzari aurre egitean, ezezagunak dakarren bertigo erraldoi hori sentitu eta erlijiotasuna berpiztea. Usadioen indarra edo familiaren eragina ere erabakigarriak izan ohi dira. Familia, berriro, aitzaki-maitzaki. Gainera, Eliza katolikoak, hiletak masiboki egitearen poderioz, azken agurra erabat despertsonalizatu du, kasik spam-errituala bihurtuz. Ez dago hileta bat baino gauza tristeagorik, non jainkoa eta sumisioa protagonista diren, hildako pertsona baino gehiago.

Agurrek, eta baita ongietorriek ere, arnasgune berriak behar dituzte. Gero eta jaiotza gutxiago diren garai honetan, udalek gehiago bultza zezaketen bataio zibila deritzan zeremonia. Abian jarri dituzte udal batzuek, baina eskasak dira oraindik, Elizakoak erabat gutxitu diren arren.

Erritual laikoak indartu beharko genituzke. Pertsonen eta komunitatearen arteko loturak norbanakoen bizipenetatik antolatzen diren esanahiz beteriko zeremonia goxoak. •