Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea / Redactor especializado en internacional
NON DA HIBATULLAH?

Talibanen agintari goren ezkutuaren inguruan zurrumurru asko daude

Azken lau hilabeteetan agintari ikusezin batek gidatzen du talibanen Afganistango herrialdea. Bere hegoaldeko gotorlekutik, Hibatullah Akhundzada mulla eta rigoristen agintari gorenaren nondik norakoak sekreturik ezkutuenak bilakatu dira. Miresten duen jendearen gainetik, bizirik ez ote dagoen susmoa hedatzen hasia da.

Urriaren 30eko arratsaldeko lehen orduak Kandaharren, Afganistango hegoaldean kokatutako talibanen erregimenaren «itzaleko hiriburuan», eta zurrumurru bat zabaldu da.

Agintari gorenak hitzaldia eman omen du herriko eskola koranikoan. Egia balitz, Hibatullah Akhundzadak 2016an mugimendu talibanaren agintari goren hautatu zutenetik egindako jendaurreko lehen agerraldia litzateke.

Berandu, baina Kabulen, Afganistango hiriburuan, talibanen Estatu Gorenak Akhundzadaren agerraldia baieztatu, eta 10 minutu eta 30 segundo irauten duen audioa kaleratu du.

Ahotsa ozen entzuten da. «Alak saritu dezala Afganistango herria, hogei urte luzez fedegabeen eta zapalkuntzaren aurka borrokatu delako». Adineko gizon baten ahotsa da, oihartzun eta bedeinkapenek estalia.

Baina, benetan bizirik al da Emir al Momimin (fededunen printzea) ohorezko goitizena duen Hibatullah Akhundzada, talibanen agintari gorena?

Al Qaedak berak ere Afganistango emirtzat duen agintari erlijiosoarenak omen diren idatzizko mezuak baino ez dira kaleratu ordura arte, jai islamikoetan kaleratuak, hain zuzen.

Berea omen den aurpegia erakusten duen argazki bakarra dago gainera, 2016an argitaratutakoa. Bizar grisa, sudur luzea eta begirada iluna duen 40-50 urte inguruko gizona. Talibanek aditzera eman dutenez, duela 20 urte atera zen argazkia. Beraz, egun 60-70 urte inguru lituzke.

«Bizirik dago, eta osasuntsu. Kandaharren bizi da, eta bertatik zuzentzen du mugimendu talibana», ziurtatzen dute gertu-gertukoek. Abuztuaren erdialdean talibanek boterea berreskuratu zuten arte ia inork ez zekien non demontre zegoen.

Gazte prodijioa

Panjwai eskualdean, Kandaharretik gertuko bailara lehorrean, mundu guztiak ezagutzen du Akhundzada jaio zen herrixka. Bera eta bere arbasoak ospe handiko teologoak dira.

Borrokalari talibanak motorra piztu eta prest daude, turbanteak airean dunak zeharkatuz, emirerri islamikoaren agintariaren jaioterri den Sperwan herrixkaraino gidatzeko.

Hibatullah (arabieraz, «Alaren oparia») madrasa edo eskola koraniko bateko zuzendari baten semea da (Akhundzada abizenak hori esan nahi du, «madrasaren zuzendaria»).

Bere familia Nurzai klanekoa da, Durrani tribu konfederazioan. Durranitarrena tribu multzorik boteretsuena da paxtun etniaren artean. Afganistango erregeak, Hamid Karzai presidente ohia eta talibanen gehiengoa durranitarrak dira. Afganistandarren %40-50 paxtunak dira; beraz, etnia jendetsuena da.

«Sobietarrek herrialdea inbaditu zutenean (1979ko amaieran) borroka Sperwan herrixkaraino iritsi zen eta Hibatullahk Pakistanera ihes egin zuen», gogora dakar Niamatullahk, eskualdean jaio zen taliban gerrillariak. Berak Hibatullah Akhundzada izan zuen maisu eta «nire bizitzako oparirik politena izan zen», gaineratu du.

Armada Gorriaren aurka zuzenean borrokatu zela dioenik ere bada, baina hasieratik sumatzen zuen gerra baino gustukoago zuela erlijioa. Quetta hirian (Balutxistango hiriburua, baina Pakistanen mendean), jakitun ospea lortu zuen eta Sheikh al-hadith titulua lortu zuen, Mahoma profetaren hitzen alorrean adituenei onartzen zaien izendapena.

1990eko hamarkada hasieran, matxinada islamista sobietarren okupazioari gailendu ondoren etxera itzuli zen Hibatullah, 30 bat urte zituela. Bospasei urte eman zituen Sperwaneko meskitan. Bertako zaharrenek gogoratzen dutenez, 65 urte dituen Abdul Qayumek, esaterako, «inguruko herrietatik eta Pakistanetik hainbat ulema (lege islamikoan aditua) etortzen ziren, berarekin egon eta ikasgaiak entzutera».

Talibanen altxamendua

Handik gutxira, gerrak bere etxeko atea jo zuen berriro ere eta talibanen (Koranaren ikasleak) mugimendua altxatu egin zen 1994an, okupazioak utzitako hutsunean gerra gizonen arteko liskarrek eragin zuten kaosaren aurka.

Omar mulla zen talibanen agintaria eta Hibatullah kiderik gertukoenetakoa bilakatu zen haren heriotza arte, 2013an.

Pakistanen zerbitzu sekretuen (ISI) ezinbesteko laguntzarekin, talibanek emirerri islamikoaren ikur zuria altxatu zuten Kabulen 1996an, eta bera ere garaileen artean zegoen.

Hibatullah Akhundzada gazteak, teologian adituak, gora egin zuen erregimen berriaren baitan. BBCren zerbitzu afganistandarrak aditzera eman zuenez, 1996tik 2001era bitartean justizia auzitegien arduradun nagusia izan zen.

Haren agintepean ezarri ziren gorputz zigorrak, azoteak eta anputazioak tartean. Talibanek lege islamikoaren inguruan egiten zuten irakurketara jotzen zuten nazioarteko legediak debekatzen dituen zigor penal eta krudel hauek justifikatzeko.

Ez du, beraz, talibanen agintari espiritualak erreputazio ona giza eskubideen arloan, batez ere emakumeei dagokienez. Haren aginteak beldurra sortu du askorengan, eta talibanak aldatu direla dioten mezuen sinesgarritasunik eza areagotu du.

2001ean Kabul hiriburuko Auzitegi Militarraren buru izendatu zuten.

Urte hartako abenduan hasi zen AEBen erasoa, eta inbasiotik ihesi, Quettara itzuli zen eta erbesteko talibanen justiziaburu bihurtu zen. Bitartean, mujahidinen belaunaldi berria prestatzeari ekin zion, batez ere erlijio kontuetan.

Maulana izendatu zuten orduan, eta berak sinatu zituen talibanen fetwa edo ediktu islamiar gehienak, 2016an Mohammad Mansour agintari gorena ordezkatu zuen arte.

Mansourrek Omar mulla ordezkatu zuen, 2013an gaitzak jota hil zenean. Hala ere, talibanek ez zuten Omarren heriotzaren berri eman hurrengo bi urteetan, 2015era arte, eta Afganistango zerbitzu sekretuek (NDS) iragarri eta gero onartu behar izan zuten hilda zegoela.

Egoera horrek izugarrizko ezinegona eta mesfidantza sortu zuen talibanen militanteen artean eta, haserreak eraginda, batzuek garai hartan mundu osoan benetan indartsua zen Estatu Islamikora jo zuten, hain zuzen ere, ISIS Nangarharren, Afganistanen ekialdean, gotorlekua sortzen ari zen une hartan.

AEBen drone batek Mansour erail zuen 2016an eta Hibatullah izendatu zuten talibanen buru. Erlijio kontuetan sortzen zuen errespetua eta Qettako shura edo talibanen asanbladan zuen ospea baliatuz, barne desadostasunak gainditzea lortu zuen. Shura hartako kide guztien leialtasuna lortu zuen, tartean Mohamed Yaqoob Omarren semearena, Mansourren izendapena begi txarrez ikusi zuena bere aitaren ordekoa izatea nahi zuelako.

Omarren eta Mansourren heriotzen ostean, «bera izan da talibanen grabitate zentroa, taldea batuta mantentzen jakin izan du», goraipatu du Pakistanen agintari taliban batek.

Hartara, Akhundzadak bere alboko izendatu zuen Yaqoob, Abdulghani Baradarrekin (egungo erregimenean bigarren kargurik inportanteena) eta Sirajjudin Haqqanirekin batera. Hiru horiek osatzen dute egun Gobernu talibanaren muina.

Zer egiten du gaur egun?

Eta, eskema honetan, zer egiten du Hibatullah Akhundzada agintari gorenak?

Gobernu berrian izendapen bakoitzak bere sinadura du, eta garrantzizko erabaki guztiek bere onespena behar dute.

Talibanek haren izenean iragarri zituzten Afganistango Emirerri Islamikoaren lehen pausoak eta trantsiziozko gobernua osatzeko negoziazioak haren begiradapean egin zirela ziurtatu dute.

Era berean, erregimen berriaren oinarriak iragartzen zituen mezua berak sinatu zuen. Bertan, xaria edo lege islamiarra errespetatzea erregutzen zien ministroei eta «elkarren arteko errespetuan» oinarritutako harreman «sendo eta osasuntsuak» aldarrikatzen zituen inguruko herrialdeekin eta mundu osoarekin.

«Ikusazue, jendaurrean inoiz agertzen ez den gizonak herrialde bat konkistatu du», dio ironiaz taliban batek.

Halere, pasa den irailean talibanen gobernua iragarri zenean haren izena inon ez agertzeak zurrumurruak areagotu zituen.

Bai, egia da. Gerrillen agintariekin gertatzen den bezala, ia bere bizi guztia klandestinitatean eman du. Joera hori are handiagoa da Afganistango agintari-erlijioso-gerrillarien artean.

Omar mulla bera ere gutxitan agertzen zen jendaurrean, are gutxiago arrotzen aurrean. Eskasak dira bere argazkiak, gerran galdu zuen begia estaltzeko partxea aurpegian duela. Baina behintzat adierazpenak egiten zituen eta irratian elkarrizketak egiten zizkioten.

Aitzitik, 20 urteetako gerra libratu ondoren –berak omen zuen aurreko udako azken erasoaldi militarra gidatu Kandaharretik, urte hasieran jaioterrira itzuli eta gero– eta AEBei gailendu ondoren agintari gorena agertu ez izanak zurrumurruak susmo sendo bihurtu ditu.

Duela urte batzuk atentatu baten hil zutela zabaldu zen. Izan ere, Hibatullahk gutxienez atentatu saiakera bat pairatu zuen Qettan, bere ikasle batek ziurtatu zuenez. Bere anaia gazteena, Ahmadullah, meskita batean sermoia ematen ari zela hil zen beste atentatu baten ondorioz. Bere bi seme zauritu zituen Qettatik gertu izan zen erasoak. NDSko zerbitzu sekretuetako iturriek, geratzen diren iturri apurrak, ziurtzat jotzen dute 2019ko atentatuan hil zela. Kanpoko zerbitzuek ez dute aukera hori baztertzen. CIAk eta Pentagonoak, hala ere, ez dute horretaz ezer esaten.

Talibanen artean ere ez dira gutxi hilda dagoela ziur daudenak. Omarren heriotzaren inguruko isiltasuna ez dute ahaztu.

Hibatullah bera iaz covidak jota hil zela ere ezeztatu behar izan dute talibanek.

Agerraldia

Susmo horiek guztiak uxatzeko zabaldu zuen erregimenak urriaren amaieran haren agerraldiaren audioa.

Kandaharreko auzorik txiroenean, Jamia Darul Aloom Hakimiako madrasako atea zaintzen dute bi talibanek, gero eta jende gehiago hurbiltzen delako Hibatullah jendaurrean agertu omen zen lekura. «Hiru armagizon zituen alboan eta bera ere armatua zegoen», dio Massum Shakrullahk, madrasako segurtasun arduradunak.

«Auzo txiro baten madrasa aukeratu zuen azken 20 urteetan milaka gazte taliban eta martiri bihurtu zituenak», gaineratu du Saeed Ahmed mullak, 600 neraberi Korana irakasten dien zentroaren zuzendariak.

Reuters agentziari jarraituz, Hibatullahren semeetako batek, Abdul Rahmanek, bere buruaz beste egin zuen Helmand probintzian Armadaren aurkako eraso suizida batean.

«Bera zen arratsalde hartan hitz egin ziguna! Guk begiratu genion eta negar egin genuen». gogoratu du Mohammed 19 urteko gazteak.

Mohammed Musak, 13 urtekoak, ziurtatu du 2016tik dabilen argazkiko aurpegiarekin antz handia zuela, nahiz eta «100 edo 200 metrora» egon. Lekuko guztiak bat datoz zuriz jantzita zegoela, turbante txuri-beltza buruan.

Ez da, hala ere, argazkirik edo bideorik, talibanek aurrez mugikor guztiak konfiskatu zizkietelako bertan zeuden guztiei.

«Ahal denean»

Orain arte klandestinitaterik zorrotzenean jarraitzen badu, erailko dutelako beldurragatik da, dio erregimenak.

Izan ere, AEBek herrialdetik atera badira ere, talibanak droneen erasoen beldur dira eta Estatu Islamikoaren (ISIS) mehatxua ere hor dago.

Hala ere, adituen ustez, hilda balego talibanek ez lukete orain iragarriko, Omarren kasuan ia eztanda egin zuen ondorengotza gerra hura gogoan, edo gutxienez barne zatiketa ez areagotzeko. Egoera horretan ISISek dena izango luke irabazteko.

Horrela balitz, egoera egonkortu arte eta nazioartean errekonozimendua lortu arte itxarongo lukete.

Talibanek ukatu egiten dituzte «tontakeria horiek guztiak» eta euren agintari gorena mundu osoaren aurrean noiz agertuko den galderari erantzun anbiguoa ematen diote: «Ez da beharrezkoa Sheikh Sahib-entzat agertzea, horrela ere ondo agintzen duelako», ziurtatu du gobernuaren bozeramaile Ahmadullah Waseeq-ek. «Ahal denean erakutsiko dugu».