Gorka Zozaia
Kimikaria

XXI. mendeko superbotereak

Izenburu horrekin irakurri berri dut enegarren memea sare sozialen batean igerian nintzela. Laktosari tolerantea izatea, glutena jan ahal izatea, Google Maps erabili gabe kokatzea, edozerengatik ez haserretzea, telefonoren bat buruz jakitea eta urtebetetzeak gogoratzea. Nahiko meme boomer-a denik ezin ukatu, gehitzen ahalko genioke beste superbotereren bat, adibidez: sare sozial eta meme barik barre egiten jakitea. Edo hobeagoa oraindik, informazio zurrunbiloen erdian ziurtasunak sinismenetan ez oinarritzea. Pandemia dela-eta bizi dugun egoera nazkagarrian, garia lastotik bereizteko gaitasuna, horratx askok nahiko genukeen superboterea!

Kimikaria naizenez, askok uste dute superbotereak ditudala arlo honetan, eta gomendio eske etorri izan zaizkit txertoen gaineko bideo alarmistaren bat ikusi ondoren, beldurtuta. –Kuriosoa da, baina beldurraren bidezko kontrol soziala salatzen duten bideo askok, horixe egiten dute funtsean, beldurra sartu–. Azkena grafenoa dela-eta, bi bideo jaso nituen oso denbora gutxian. Biek hainbat txertotan grafeno egiturak antzeman zituztela aldarrikatzen zuten, baina oso interpretazio ezberdinak egiten zituzten honen gainean. Lehen bideoak grafenoak marraza (cuchilla) baten antzeko egitura duela azaltzen zuen, eta beraz, txertoak barne hemorragiak eragiten dituela grafeno-marrazak kapilarretan mozketak eraginez. Bideo erdia pasatzen du zientzialariak grafenoaren hidratazioaz hitz egiten, horrek marraza egituran zerikusirik izango balu bezala, eta puntu horretan bai, nire superboteretik ikusten ahal dudala, hidratatuta edo ez, marraza egitura izaten jarraitzen duela grafeno xafla batek. Baina superbotere bat ere bada ohartzea hipotesi hau egia balitz milioika barne hemorragia kasu erreportatuko zirela dagoeneko, ala?

Bigarren bideoa ez zen hain esperpentikoa. Telebistan erabili ohi den kode bisualaz jantzirik zetorren, oso sinesgarri, AEBetako informazio kate batek Espainiako zientzialari bati egindako elkarrizketa serioa dirudi. Hortzetako eskuilak saltzen dituztenak aspaldi ohartu ziren ingelesez eginez gero zuriagoa dela zientzialariaren bata zuria, eta egiagoa da beraz espanglish azpititulatua. Hamabi bat minutu luze zen egia dosi hau, grafenoarekin hasi eta munduko ordena berrira arteko bidea egiten, 5Gtik pasatuz. Marraza baten ordez, transistore baten funtzioa betetzen zuen grafenoak oraingoan. Nire superboteretik, ezin dut ezeztatu grafenoarekin transistorerik egin ezin denik, baina ezkerreko militante bezala partekatzen ditugu beste superbotere batzuk. Bi nabarmenduko nituzke: agerikoa denez, odolean transistorerik izan gabe bagaudela kontrol sare ekonomiko eta ideologiko batean kateatuta (mugikorren bidez, are gehiago). Eta bigarrena, eta niretzat funtsezkoa dena; kontrol soziala, farmazeutikak, inbertsio funtsak eta abarren bidez ekonomiaren logika esplikatzen den bakoitzean “kapitalismo” hitza behin ere ez erabiltzea… inoiz! Mundu ordena berria ei da XXI. mendeko superboterea… mesedez! Gure eskura daude superbotereak, ez dugu esnatu beharrik, espabilatzea da falta zaiguna! •