Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Hau da esan daitekeen bakarra?

Ez al dago beste gairik galdetzeko? Ez dago beste galdera tiporik? Punk taldeen hitzek ETAren biktimekiko enpatiarik ez zutela? Benetan hori dela 1980ko hamarkadatik geratzen zaiguna eztabaidatzeko? Zaila egiten zait ulertzea kazetariak, ekoizleak eta historialariak hain erdipurdiko intelektualak direnik. Baina badirudi baietz. EITB jartzea eta eskuak buru gainera eramatea ohikoegiak bihurtu dira.

Punka gutxienez Europa mailako mugimendu kultural eta soziala izan zen. II. Mundu Gerraren osteko hazkunde eredua pitzatu zen unean sortua eta bereziki kutsadurak eta langabeziak eragindako langile guneei lotuta. Ez al dago orduko gazteen eta langile kulturari lotutako alkoholismo orokortuaren arteko harremanik? Ez dute zerikusirik auzo horiek zituzten gabeziek, bazterketak eta lantegietan hain ohikoak ziren istripu larriek? Biolentzia egunerokotasuna zen, poliziaren jarreraz haratago, 1980ko hamarkadako langile auzoetan.

Egungo instituzio publikoen eta sistemaren intelektual organikoen diskurtsoarekin orain dela hamarkadak gertatutakoa analizatzea zabarkeria intelektual hutsala da. Biolentziaren apologia egotekotan, hitz egin beharko da sandinistei buruz, palestinarrei buruz, apartheidaren kontrako borrokari buruz, El Salvadorreko gerrari buruz… Baina ez, ez dago testuingururik. Ez dute inoiz esaten UCDko ministroak lehenengo eta PSOEkoak ondoren irainduak eta lotsaraziak zirela frankismoaren nostalgiko zirenengatik, erakunde iraultzaileek eraildakoen hileta elizkizunetan. Ez da hausnartzen gobernu horiek beraiek erabili eta finantzatu zituztela eskuin muturreko taldeak militante iraultzaileen aurkako atentatuak egiteko.

Protagonisten diskurtsoari dagokionez, bakoitzaren izeba Maria Luisa eta Herri Batasuna nahastea ohikoa da. Hain zuzen punkaren hasierako urteak dira nire ikerketa historikoan sakonki aztertu ditudanak eta inoiz, inongo dokumentutan, ez dut topatu Herri Batasunak hasiera batean punka baztertu izana. Gauza bat da, ziurrenik emakume eta gizon independentista helduek ez zutela punka maiteko, horiek Rolling Stonesen eta Beatlesen belaunaldikoak zirelako. Are nagusiagoen artean, gutxi aterako ziren folkloretik eta boleroetatik. Sarri askotan nahastu egiten da gustu musikalen inguruko belaunaldien arteko talka, behin eta berriz errepikatzen dena, independentisten balizko boikot batekin. Rocka musika inperialista zen ideia askoz lehenago eztabaidatua zegoen, 1970eko hamarkadaren erdialdean, Errobiri eta Niko Etxarti esker. Oso bestera, 1980an hasita rock-punk munduaren eta gazte independentisten arteko hurbilketa progresibo bat da iturri historikoek erakusten dutena.

Baina bueno, kontua da beti Herri Batasunari buruz hitz egin behar dutela. Eta zer uste zuten punk taldeek PSOEri buruz? Autonomiaren fartsari eta Garaikoetxearen Jaurlaritza demo-kristauari buruz? Euskadiko Ezkerrari buruz? Zergatik ezberdintzen zituzten politikari boikot orokorra eta Herri Batasunari sostengu kritikoa? Zein puntura arte zuen harreman zuzena gazte haien errealitatearekin ETA militarrak heroinaren orokortzearen aurka abiatu zuen gerrak? Nola hautematen zen sistemaren, drogaren eta langabeziaren arteko lotura? Zein estereotipo maskulinok eraman zituen gazte haiek autosuntsiketara eta heriotzara?

Badaude galdera interesgarriak eta benetan emankorrak, orduko musikaren protagonistei egiteko modukoak. EITBk aurrekoan bota zuen dokumentalak uko egiten dio kazetaritzari eta kalitatezko ikus-entzunezkoak sortzeari, sistemaren apologia egiteko. Pena. •