Gorka Elejabarrieta

Txiletik haize berria

Gabriel Boric-ek irabazi ditu Txileko hauteskundeak. Zorionez, itxaropenak beldurrari irabaztea lortu du. Zorionez diot, ezen eta Kast hautagaiak esan eta proposatzen zituenak benetan beldurgarriak ziren eta dira. Era berean, ez dezagun ahaztu hautesleen %44k Kasten aldeko botoa eman zuela eta populazioaren sektore honek etorkizunean ere ez dizkiola gauzak erraz jarriko Boric-en gobernuari. Duela ez asko Amerikan ezkerraren zikloa agortua zegoela ondorioztatu zuten horientzat guztientzat kontrakoa esatera datorren beste emaitza bat.

Txileren historia garaikideak badu Estatu espainolekoarekin antzekotasunik. Estatu-kolpe faxista, diktadura gupidagabea, diktadorearekin adosturiko trantsizioa, sasidemokrazia, faxismoarekin apurtu ez izanaren ondorio lazgarri guztiak…. XX. mendearen azken laurdenean eta XXI.aren hasieran Txilek Estatu espainolaren akats gehienak errepikatu ditu, bata bestearen atzetik. Azken urteetan Txilen izandako erreboltek, ikasle mugimenduak eta mugimendu sozialek abiaraziko borrokak, martxan dagoen konbentzio konstituzionalak eta orain egin berri diren hauteskundeen emaitzak joera horri amaiera ipin diezaiokete. Estatu espainolean oraindik gertatu ez bezala, Txilen aukera erreala dago trantsizioa behar bezala amaitzeko. Pinochet sistemarekin behin betiko apurtu nahi duen mugimendu politiko txiletarrak gero eta indar gehiago dauka, gero eta babes gehiago aurrera egiteko eta ondorioz gero eta aukera gehiago. Horren bueltakoak ere baziren hauteskunde hauek. Horregatik, Txileko egoerak, Txileko prozesuak, interes berezia dauka gu guztiontzat, estatuaren demokratizazioan aurrerapausoak eman nahi dituen ororentzat.

Bidea zaila eta arazo zein kontrarioz beterikoa da, urteetan pribilegioak pilatu dituztenek nekez galduko baitituzte borondate onez. Ikusi beharko da prozesu horrek zer ematen duen eta zer uzten duen beste baterako. Koiuntura eta indar korrelazio jakin eta zehatz baten aurrean zer lortu eta zer baztertu izaten da erabaki zailena.

Asmoen eremutik lorgarriaren eremura pasatzen garenean momentu historiko zehatz bakoitzean zer den lortu daitekeena asmatzen jakitea izaten baita mugimendu eta indar politikoen zeregin zailenetakoa. Galderari erantzun okerra emanez gero, eta ezinezkoa da beste zeozer erabaki izanez gero zer gertatuko zen asmatzea, emaitza oso bestelakoa izango baita. Emaitzak ei dira garrantzitsuena, eta horrela da bizitzaren eremu gehienetan ere. Txileko konbentzio konstituzionala prozesu interesgarria da dudarik gabe, eta hobeto neurtu eta ikusiko dugu bere garrantzia emaitzak ikusi eta baloratu ahal ditugunean, baina prozesua bera ere aztertzeko modukoa da. Erabili duten metodoa, ematen ari diren pauso diferenteak, ordezkari konstituziogileak hautatzeko sistema, gaiak hautatu eta jorratzeko metodologia… Bidea bera ariketa interesgarria da, dudarik gabe. Pepe Mujicak maiz oroitzen digun bezala, E egunik gabeko paradigmaren aurrean bideak dauka garrantzia. Norbere bideak eta kolektiboak.

Finean, Txile Estatu espainolaren eredu traketsa baztertu eta beste bide berri bat ibiltzera doa. Noraino iritsiko diren ez dakigu, baina espero dezagun iraganeko sistema faxistan errotutako lege, pribilegio, arau eta sistemarekin behingoz eta guztiz apurtzeko norabidean pauso sendoak emateko aukera izatea. Espero dezagun bide hori, beste guztiontzat, gu guztiontzat ere, lagungarri eta eredugarri bilakatzea.

Victor Jarak abesten zuenaren ildotik herriak, herritarrek bakean bizitzeko eskubidea baitaukate. •