Miguel Fernandez Ibañez
Elkarrizketa
Barish Tugrul
SOZIOLOGOA

«Turkian, agian, judizioz kanpoko praktikak egiten hasiko dira»

Turkiak kurduen aurka berrabiarazi duen indarkeria eta errepresio bidea aztertu du Barish Tugrul soziologoak.

Barish Tugrul
Barish Tugrul (Miguel Fernandez Ibañez | )

Iragan ekainaren 17an, turkiar ultranazionalista bat, Herrien Alderdi Demokratikoaren (HDP) egoitzan sartu zen Izmirren eta Deniz Poyraz gaztea hil zuen. Uztailaren 14an, gizonezko batek dozenaka bala jaurti zituen HDPk Muglan duen egoitzaren aurka. Hilabete bereko 19an, jatorri kurduko zazpi sasoikako langile jipoitu zituzten Afyon eskualdean. Handik bi egunera, Meram hirian, Konyan, tiroz akabatu zuten Hakim Dal. Uztailaren 30ean, familia kurdu bateko zazpi kide exekutatu zituzten Dedeogullarin, Konyan. Familia honek berak, maiatzean, hamarnaka pertsonaren erasoa pairatu zuen, etxea utz zezaten.

Garaia ez da samurra izaten ari Anatoliako herri kurduarentzat, batez ere Turkiako mendebaldean bizi eta turkiarren artean gutxiengo direnentzat: azken elkarrizketa prozesuaren hausturaren ostean, Recep Tayyip Erdogan islamistaren gobernuak abiatu zuen errepresioa berriz ari da herritar kurduak harrapatzen. Indarkeria bide hau aztertzeko, GAUR8 Barish Tugrul soziologoarekin aritu da, zeinek duela gutxi arrakastaz defendatu zuen bere tesia, “A generational analysis of the social reproduction and legitimacy of political violence in the Basque and Kurdish cases”.

«70eko hamarkadan, Euskal Herrian Burgosko prozesua eta frankismo berantiarrak baldintzatutako belaunaldi bat jaio zen. Ezker abertzaleak deus ez zela aldatu zioen, frankismoko goi kargu politiko zein militarrek bertan jarraitzen zutela. Eta ulertzen dut, baina aurrerago aldaketa garrantzitsuak izan ziren, hala nola euskara eskoletan sartzea edo Gernikako Estatutua. Turkian, 1980ko estatu-kolpeak mugimendu kurdu guztiak ezabatu zituen. Soilik Kurdistango Langileen Alderdiak (PKK) biziraun zuen. 1990eko hamarkadan bortizkeria gehiago izan zen. Orain berriz ere badago. Hau belaunaldiz belaunaldi gertatu da eta, modu honetan, trauma erreproduzitu egin da», azaldu du Tugrulek, bi herrialdeetako gatazkak konparatuz. «Euskal Herrian belaunaldien arteko haustura bat dago 80ko hamarkadan, baina Kurdistanen ez: sortzen dituzten alderdiak ixten dituzte, politikariak akabatzen dituzte edo erbesteratu egin behar dira», gehitu du Hacettepe Unibertsitateko irakasle honek.

Akabatuak izatearen beldur dira kurduak eta, hori dela-eta, oraindik ere PKKren erresistentziarekin bat egiten dute. 1984an Turkiako estatuko eragile basailuen aurka borroka armatua hasi zuen PKK-k, Ankararekin bat zetozen buruzagi tribal kurduak barne. Ordutik, 45.000 pertsona baino gehiago hil dira gatazka honen ondorioz, batez ere turkiar Estatuaren indar erabilera neurrigabearen ondorioz. 1999an, Abdullah Öcalan, PKKren buruzagi karismatikoa, turkiar agintarien esku utzi zuten. Handik gutxira, milizia marxistak bere helburua aldatuko zuen: ez zuen independentzia bilatzen, baizik eta kurduen eta Anatoliako gainontzeko biztanleen oinarrizko eskubide demokratikoak bermatuko zituen autonomia. Garrantzitsua da nabarmentzea, gaur egun, kurduen erdiak baino gehiago Anatoliako mendebaldean bizi direla: Istanbul, Ankara edo Izmir hirietan auzo osoak okupatzen dituzte. Errealitate hori 1960tik aurrera Kurdistan pobretutik izandako lan migrazioen eta 1990etik aurrera bi milioi kurdu inguru beren lurrak uztera behartu dituen lur errearen politikaren ondorioz sortu da; lehenik herrixketatik iristen ziren, eta, berriki (2015-2017) hirietako borroka armatuaren ondoren, Nusaybin, Diyarbakir, Cizre edo Sirnak hirietatik. Drama horrek bere horretan jarraitzen du, eta, gainera, XX. mendearen hasieran Kurdistan lau herrialderen artean banatu zuten muga lerroek baldintzatzen dute: Iran, Irak, Turkia eta Siria.

Turkiartze prozesuak ildo beretik jarraitzen du 1923tik gaur eguneraino: turkiarrak Kurdistan kolonizatzera bidaltzen dituzte eta, bide batez, kurduen sakabanaketa behartzen dute.

Dersimgo sarraskiaren ondoren (1938), kurduak lekualdatzeko estrategia bat hasi zen. 90eko hamarkadan antzeko zerbait egin zuten herrixkak erre eta PKKren landa loturak moztean. Hasieran estrategia militar ona zirudien, baina ustekabeko ondorio sozialak izan zituen: kurduen zati batek ghettoak sortu ditu Istanbulen, eta han tratu arrazista jasotzen dute turkiarren aldetik, eta horrek areagotu egin du PKKn hiri turkiarretatik etorritako kurduen kopurua.

2015ean amaitu zen lasaitasun aldi baten ondoren, berriz ere politikari kurduak espetxeratzen dituzte eta alkatetzak kentzen dizkiete. AKPren marra gorria izan arren, ilegalizazioaren itzalak islamistak jazarri zituelako lehen bi legealdietan, HDP legez kanpo uzteko mehatxua ere egiten diete. Erdogan ausartuko al da urrats hori egitera?

Hauteskundeak irabazteko behar du. HDP legez kanpo uzten badute eta buruzagi nagusiei aurkeztea debekatzen badiete, aldi berean, Ekintza Nazionalistaren Alderdiaren (MHP) eta AKPren aldeko hauteskunde sistema aldatuko da. Turkiako estatu sakonaz hitz egin dezakegu, 2015etik jokoan sartu baita berriro. Erdoganek aliantza bat behar du eta MHPrekin dago, non estatu sakonak presentzia duen. Egunetik egunera gehiago dago haien mende. Erdoganek beste aukera bat izan nahiko luke, AKPren barruan pozik ez dauden pertsonak daudelako, baina ez dauka. Aliantza gatazkatsua eta hauskorra da, eta MHPren lerrotik urruntzen denean, hauteskundeak izango dira. Eta egungo krisi ekonomikoaren pean, Erdoganek hauteskunde horiek galdu egingo lituzke.

Orain aliantza ofizial bat ikusten dugu kurduen eta CHP alderdi kemalista eta oposizioko nagusiaren artean. Badirudi funtzionatzen ari dela, 80ko hamarkadaren amaierako eta 90eko hamarkadaren hasierako kurduen eta SHPren arteko aliantza ofizialean ez bezala [aldi baterako legez kanpo utzitako CHPren oinordekoetako bat]. Zer espero duzu haiengandik?

CHP alderdia asko aldatu da Kemal Kiliçdarogluren gidaritzapean, baina kontuan izan behar da ez dela alderdi homogeneo bat: bere hautesleen zati batek [HDPra hurbiltzeagatik] duen estrategia berria uler dezake, baina beste bat nazionalista da eta, gehienbat, Meral Aksenerri emango dio botoa [MHPren zatiketatik sortutako Iyi Parti alderdiko buru den emakumea].

Baliteke kurduek CHPko zerrendetan amaitzea?

Erdoganek hori nahi du, CHP PKKren berdina dela ziurtatzeko. Falazia bat bada ere, hautesleek sinestu egiten dute. Kiliçdarogluk, beraz, ziurrenik uko egingo dio aliantza horri. Aksenerrekin akordioa lortzea eta kurduekin harreman onak izatea ahalbidetuko duen oreka mantentzea bilatzen du. Turkiako ultranazionalismoaren sektorerik laikoenek, mendebaldeko hirietan bizi direnek, Aksenerri ematen diote botoa. Inkesten arabera, pertsona horiek ez lukete inoiz Erdogan babestuko, CHPn baino gorroto handiagoa diote. Eta horra Erdoganen arazoa: CHP isolatu eta deabrutu nahi du, baina Meral Aksenerrek joko hori hausten du bere alderdi nazionalistarekin. Orain arte ezin izan du oposizioko blokea zatitu, baina Izmirreko HDPren aurkako atentatuari so eginda, agian judizioz kanpoko praktikak sartuko dira jokoan.

Siriako eta Irakeko gatazken ondorioz, PKK-k indarra galdu du Ipar Kurdistanen. Zer ondorio izan ditzake sasi-estatuaren pertzepzioan, beldurraren eta agintearen kudeaketan?

PKK-ko buruzagi batzuekin hitz egin nuen Qandilen [PKK-k Iraken duen gotorlekua], eta galdera bera egin nien. Ulertzen dut Sirian estrategia aldaketa bat gertatzen ari dela, baina baita Anatolian boterea galdu dela ere. Erantzun zidaten ez zutela zilegitasun soziala galduko, herriaren babesa badutelako. Baina nik uste zilegitasun hori gal daitekeela, batez ere Turkiaren babespean beste botere mota batzuk sortzen badira. Indar militarra garrantzitsua da legitimitatea lortzeko. Duela 30 urte ezinezkoa zen emakume kurdu bat protestan ikustea, eta orain lehen lerroan dago. Kurdistanen emakumearen aurrerapena ukaezina da, baina armen mehatxupean gertatu zen.

Aldi berean, PKKren kontrolpean dauden hiri mugimenduak daude, baina Ankara hauek zanpatzen ari da. Erdoganek gerrilla probokatu du atentatu bat egin dezan, baina ez du lortu. PKK-k badaki zein diren atentatu baten ondorio politikoak. Mugimendu politiko-militarra da, ez bakarrik militarra, eta bestela begiratu Gara-n [Turkiak operazio militarrak egiten dituen Irakeko Kurdistango eskualdea] gertatu zenari. MITeko agenteak bahitu zituzten [Turkiako inteligentzia] eta hil egin zituzten. AKPren agintaritzari min egiteko exekutatu zituzten, erreskatatuko zituela esanez. Eta porrot horrek AKPri erasotzeko aukera eman zion oposizioari, oro har edozein segurtasun arazo menderatzen baitzuen ordura arte.

Emakumearen presentziak hainbat fase ditu PKKn, baina gaur egun askapenaren sinbolo globala da. Gizarte kurdua oso kontserbadorea dela kontuan hartuta, nola ikusten duzu haren bilakaera?

Gizarte kurdua kontserbadorea da, baina erlijioaren arloan bilakaera nabarmena dago. Gultan Kisanak-en adibidea jarriko dizut. Emakumea izateaz gain, alevi kredoa jarraitzen du. Hala eta guztiz ere, Diyarbakirreko alkate izendatu zuten, kredo sunitako hiri kontserbadorea. Oso adierazle garrantzitsua da. Hau ez litzateke gertatuko Konya bezalako hiri turkiarretan, non ez bailuke inoiz alevi batek irabaziko. Mugimendu kurduaren eraginarekin zerikusia duen paralelismo bat dago, batez ere emakumearen barne borrokarekin PKKn. 80ko hamarkadan, komandante batzuek ez zuten emakumeek parte hartzea nahi. Baina emakumeak gero eta leku handiagoa hartzen du, lehenik rol maskulinoa hartzen du eta gero askatu egiten da, eta Öcalanek mugimenduan duen parte-hartzea teorizatzen du.

Estatu espainoleko oraina Kataluniako lehiak baldintzatzen du. Baldintzak betetzen al dira borroka armatura jotzen duen talde bat sortzeko?

Munduaren bilakaera izan behar da kontuan. Borroka armatuaz ari garenean, Kubako Iraultzaren eraginaz ari gara, Aljeriako gerraz. Karl Mannheimek “belaunaldi estiloa” deitzen duena da: borroka armatua garai horretakoa da, nahiz eta denboran luzatu. Gaur egun, Mendebaldeko baldintzak kontuan hartuta, ez dut egingarri ikusten: beste bide batzuk daude Estatua boteretik kentzeko. Katalunian, politikariek probokatu egiten dute eta jendeak protesta egiten du kaleetan, baina belaunaldi hori ez dago borroka armatura jotzeko prest. Nazio gisa desagerraraziak izateko beldurrik ere ez dago. Nire ustez, eraikitzen ari den diskurtsoan zera dago, alde batetik, legeak errespetatzen dituztenak, espainiarrak, eta, bestetik, legeak hausten dituztenak, katalanak. ETArekiko diskurtsoaren antzekoa da, non Estatuak euskaldunak banatzen zituen: batzuk onak eta besteak gaiztoak.