Gorka Zozaia
Kimikaria

Airea irakurtzen ikasten dena

Kasik urtebete beranduago, izenburu bera hautatzear egon naiz artikulu hau izendatzeko. «Airez eta penaz» aritu nintzen pasa den otsailean, covidaren kutsatzean aerosolek duten garrantzia dela-eta leku itxietan aireztapen egokia aldarrikatzeko. Hori bermatzeko metodo on bat aireko CO2 kontzentrazioa neurtzea da, berriki Ugo Mayorrek ezagun egin duen moduan. Are, hotz (eta haize) handiko egunetan, korronte gurutzatu konstanteak mantentzea zaila denean. Korrontea noizean behin egitean datza gakoa, eta CO2 neurgailu soil batekin airea irakurtzea da horretarako behar dugun teknologia guztia. Urtebete geroago, beste ikastetxe batean nago, eta antzera gabiltza: neurgailurik ez, kontsigna bakarra korrontea beti zabalik izatea, eta hotza jasanezina denean, kontsigna urratu eta batere irizpiderik gabe korrontea eteten ibili ohi gara.

Eskolan ez dugu askorik ikasten, antza, baina zorionez bada ikaspen eta aurrerabiderik pandemia honen erroan dagoen bioaniztasunaren galeraren alorrean. Nola eta airea irakurriz, bi ikertaldek lortu dute eremu zehatz batean bizi diren izakiak hautematea, hauen DNA kateen laginak airetik bilduta. Pasa den astean “Current Biology” aldizkariak jaso duen teknika iraultzailetzat jo daiteke animalia basatien presentzia modu ez-inbasiboan hautemateko aukera ematen duen heinean. Hamerton (Erresuma Batua) eta Kopenhageko (Danimarka) zoologikoetan egin dituzte probak airetik DNA filtratzeko metodo ezberdinak erabiliz, baina emaitza antzekoak lortuz; bi taldeek lortu zituzten bai zoologikoaren barruko eta bai kanpoko espezieak hautematea. Danimarkarrak, Kristine Bohmann buru, hegazti, anfibio, narrasti eta baita arrainak ere identifikatzera heldu ziren, 40 laginetan 49 espezie hautemateraino. Britainiarrak berriz, Elizabeth Clare buru zutela, zoologikotik kanpo eraikin itxietan bizi diren espezieak hautematera heldu dira, baita ehunka metrotara aurkitzen ziren animalien DNAk hautematera ere, laginaren kontzentrazioan jaitsiera nabarmenik behatu barik.

Agerikoa denez, izaki bizidunok DNA molekulak uzten ditugu suspentsioan gure inguruan. Azken urteetan ur ekosistemen azterketan erreminta garrantzitsua izan dena, airean ere erabilgarri dela frogatu dute, aurrerabide handi bati atea zabalduz. Momentuz, teknika berri honek soilik aurrez ezagutzen ditugun espezieak identifikatzeko balio du, baina bere horretan desagertzeko arriskuan diren espezie zaurgarriak kontrolatzeko, edo ekosistema batean espezie arrotzak detektatzeko potentzial handia erakusten du, egileen esanetan. A, eta nola ez, gizakion DNAk datu base batean izatekotan, gu geu kontrolatzeko (geolokalizatzeko bederen) bide polita ere zabaltzen du, txerto bidez mikrotxipak instalatzen aritu beharrean... Ea egia den, hastapenetan genionez, pandemiak ikaspenik utziko digula, dena airean gelditu barik! •