Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Pozaren eta beldurraren artean

Dirudienez, gure garuna ezkor jartzen da biziraupenaren alde. Haurrek ez daukate oraindik parte hori garatua, hortik poz betea. Elsa Punseti entzun diot honetaz. Kontu interesgarriak erran ditu. Adibidez: harreman batean sentimendu baikorrak bost aldiz gehiago izan behar dira ezkorrak baino, eta gure buruari galdetzea komeni zaigu: zenbat poz dugu? Umeengana bueltatuz, dioenez, egunero dugu aukera, egiten dugunarekin, pozaren eta beldurraren artean aukeratzen erakusteko.

Esnatu ondoko errituak garrantzitsuak dira niretzat eguna ongi hasteko: leihoak zabaldu eta zer eguraldi datorren begiratzea, gosaria mimoz prestatu eta dastatzea, kafe usaina eta hotsa, irratia, egunkaria, liburu baten zatitxo bat... Ekintza horiek badute zerbait sakratua, hagitz gozagarria. Niretzako tartetxo bat hartuz hasteko moduak direlako. Eta gustatzen zaizkidalako hasierak. Aukerak dira.

Zentratu alda dezakezun horretan, eta utzi joaten aldatu ezin duzuna. Are gehiago: onartu zuk hautatu bazenu bezala. Zer erronka handia Punsetek jartzen diguna. Baina zentzu guztia du. Zer alda dezakezun eta zer ez zalantza duzunetan, itsasoko olatuetan pentsatzea proposatzen du idazleak: itsasoko olatuen antzekoak diren gauzak ezin dituzu aldatu. Urrundu egin zaitezke, murgildu, surf egin... Beti ari gara bertzeak aldatzen saiatzen, eta ez du logikarik, inor ez dagoelako hemen nire beharrak asetzeko. Bakoitzak ditu bereak. Aldatu nahi badut nik aldatu beharko dut. Pertsianako xirrikitutik argia sartzen den aldiro dut aukera. •