Xabier Mikel Errekondo

Tipula ustela

Mundua jota dago. Covidaren izurriak jota, eta mailaz maila ari gatzaizkio aurre egiten, ahal den moduan, erabakiak goiti-beheiti hartzen, tipula-azalak nola. Aitzitik, ardurak beheiti-goiti behar ditugu hartu eta arauak, dela gaur halakoa nola bihar kontrakoa, zintzo bete elkartasunaren izenean.

Sanchez-Macron tandema bezala, Urkullu-Chivite aginte makila eskuan, tipularen goreneko azalean; beherago LABI edo delako batzorde teknikoa. Hurrengo mailan zientzialariak, modan nahitaez. Oso goian, onuradunak beti, enpresa eta enpresari lobbyak. Jarraian administrazioak, legebiltzarrak, aldundiak eta udalak. Azken aurreko azalean, ustelena agian, agintarien arauak bete ala ez betetzeak egiten gaituzten herritar on/gaiztoak etengabe gogorarazten dizkiguten gezi pozoidun jaurtitzaileak, hedabideak eta iritzia emateagatik kobratzen duten profesionalak nola mertzenarioak… bozgorailuak. Tipularen muinean, hauskorrenak, enpresa txikia, autonomoa, langilea eta herritarra.

Hemen, izurritea baino kaltegarriagoa dena, tipula usteldutik propio sortu pozoiak jotako gizartea noraezean doa, on eta gaiztoen arteko arrakala artifizialean.

Ezarri arauak erlijio dira eta obedientzia itsuaren printzipioa ezarri da poliziaon papera hartu eta “gaiztoa” seinalatzeraino. Bitartean, gero eta ustelagoa dagoen tipulari ez diogu usainik hartzen.

Bada, mesfidantzaz elkar desegin ez gaitezen, jarri fokua tipularen goreneko mailara eta behartu dezagun egia, alboraraziz erdi-gezur eta erdi-egiak. Nahiz, ez gaitezen izan ergelegiak, agintaria zor baitzaio alderdiari bezala lobbyei, eta ez herritarrei.

Aitortzen dut egoerarik makurrena bizitzea tokatu zaidanean sentitu dudala egia osoa ezagutzeko beharrik handiena, jakinda ere mingarria eta agian jasanezina eginen zaidala.

Garestiegi dago egia. •