Ula Iruretagoiena
Arkitektoa

Birnaturalizazioa

Aurreko hamarkadan «jasangarritasuna» lurraldearen birformulazioan hitz gakoa izan bazen, datorren hamarkadakoaren asmakizunetan, «erresilientziaren» alde apustu egingo nuke. Hitzon aktualitatea agenda politikoek ezartzen dutela esan beharra dago, interes ekonomikoek semantikaren influencer papera hartzen baitute, akademiako eta diziplinako espezialistak gaindituz. 2030eko agenda politikoa ezarria dago dagoeneko; iazko Europako Next Generation funtsek bideratu zuten datozen urteetarako bide orria, zer eta trantsizio energetiko-ekologiko, digitala eta kohesio soziala erdiesteko. Azken helburua, lurralde erresilienteetan bizi gaitezela; horrek esan nahi du etorriko diren katastrofeen aurrean gizartearen funtzionamendu fisikoa eusten duten azpiegiturak prestaturik egotea.

Osasun sistema eta komunitate zaintzen sareak erresilientziarekin estuki loturik dauden arren, diru funtsak kapitalismo berdearen orbitan jaio dira, eta eraikuntza fisikoaren eraldaketaz dihardute hein handi batean. Sistema ekonomiko eta sozialaren iraulketarik bilatzen ez duen abiapuntua antzematen bada ere, klima aldaketaren zuriketan badira zenbait ekintza modu baikorrean begiratu daitezkeenak, eta baliabide naturalen kudeaketa orekatuarekin lotuta dauden gaiak zaku horretan sar ditzakegu. Izan ere, planteamendu horretan onartzen da giza bizimoduak ama lurrarekin eratu duen ekoharremana “toxikoa” dela eta bideraketa baten beharra dagoela.

Ama lurrarekin harreman harmoniatsuagoa eraikitzeko bidean, hiri eta auzoetako espazio publikoaren birformulazioan jarri da begirada, eta espazio horiek birnaturalizatzeko beharra aitortu da. Baliteke hiri eta landako lorategigintzaren urre garai bat etortzea, espazio berdeak eta hirietako birika edo arnasguneak biodibertsitatea eratzeko gailu bilakatu daitezkeela aitortzen baita.

Hirietako lorategigintzaren kultura aldatu beharko dugu, akaso berdeguneen irudi basatiago (naturalago) batera jo beharko dugulako. Frogaturik dago kale bat zuhaitzekin osaturik dagoenean, tenperatura altuko egunetan tenperatura hainbat gradu gutxitzeko ahalmena dagoela eta zuhaitzen arteko paseoak ongizatea ekartzen duela. Hormigoizko azalera handiak metamorfoseatzeko (naturalizatzeko) eskaera egiten du Europak, hiriak naturaren azpiegituraren barnean funtzionatu dezan. Horretarako, zapaltzen ditugun azalerak iragazkor bilakatu behar ditugu, urmaelak, filtro natural eta ur-laminazio diseinuak espazio publikora ekarriz, modu horretan lausotzeko hiriek lurralde naturalaren funtzionamenduan eragiten duten ezbeharra (euri urak bideratzea, landaredia ezabatzea, airea kutsatzea, hiri hondakinak sortzea, ura zikintzea...).

Irudi aldaketak ez du naturaren nostalgia edo estetika baten aldarria atzetik, hiriaren artifizio izaera jartzen du auzitan. Birnaturalizazioaren funtsa ikuspegi integrala eta sistemikoa giza ekintzetara ekartzea bada, birnaturalizazioak dakarren begirada hezkuntza eta elikadura politika proiektuekin batera bultzatu ezean, botox ekintza bat izango da. •